UPNk azala berrituko du, baina hezur-mamirik ez

Igandean, XIII. kongresua egingo du UPNk. Cristina Ibarrola hautatuko dute presidente eta Alejandro Toquero presidenteorde. Apenas egin duen alderdian proiektuari eta estrategiari buruzko gogoetarik.

Alejandro Toquero eta Cristina Ibarrola, UPNren Iruñeko egoitzaren aurrean. VILLAR LOPEZ / EFE
Alejandro Toquero eta Cristina Ibarrola, UPNren Iruñeko egoitzaren aurrean. VILLAR LOPEZ / EFE
joxerra senar
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Etzi egingo du UPNk bere XIII. kongresua, eta ez da lehiarik izango alderdiko presidentetzari begira. Martxoaren amaieran iragarri bezala, Cristina Ibarrolak hartuko du Javier Esparzaren lekukoa, eta Alejandro Toquero Tuterako alkateak Enrique Maia presidenteordearena. Alderdiko bi kargu gorenen izendapenaz harago, askoz gehiago dago jokoan. Alde batetik, alderdiko erabaki organo nagusietako eserlekuak aukeratuko dituzte militanteek. Aurkeztutako hautagaietako asko aurpegi berriak dira. Proiektuaren edukiei eta norabideari dagokienez, ez dago aldaketa handirik. Hortaz, azala aldatuko du UPNk, baina hezur-mamirik ez. Zuzendaritza berriaren esku geratuko da hori.

1.- Buru biko lidergoa

Etxe huts, liskar huts. Atsotitz hori aipatuz, enfrentamenduak areagotzeko arriskua antzematen zion Patxi Zabaleta parlamentari ohiak UPNko kongresuan berriki idatzitako iritzi artikulu batean. Dena den, bi hautagaiak eskutik helduta aurkeztu izanak eragotzi egin du kongresua barne liskarren erakusleiho bihurtzea, eta hitzordu erabakigarri hori lasai egin ahal izatea bermatu die.

Benetakoa ote da ala itxurazkoa? Ikusteko dago. Izan ere, alderdian barne liskarrik ez egoteko premiak abantaila taktiko handia eman dio hautagaitza azkarren aurkeztu zuenari: Ibarrolari. «Oraintxe ez da unea pertsonalismoetarako, orain ideien garaia da», esan zuen Toquerok otsailean, Ibarrolaren mugimenduaren berri izan eta berehala. Dena den, azkenean, urrats bat albora egin behar izan du, eta presidenteorde izatearekin konformatu behar izan du.

Akordioak alderdiaren zuzendaritzako kideak elkar banatzea ziurtatu die Ibarrolari eta Toquerori. Igandean zuzendaritzako 21 kide aukeratuko dituzte, eta bien arteko plataformak 21 hautagai aurkeztu ditu.

Bien anbizioari erantzuten diote akordioak. Batetik, UPNko presidente izateak hurrengo foru hauteskundeetan lehendakarigai izatea bermatuko dio Ibarrolari, hori baita aspaldiko tradizioa UPNren barruan. Bestetik, Kongresuan izan zezakeen babesa neurturik, Toquerok nahiago izan du bigarren geratu, Ibarrolaren aurka galdu eta ezerezean geratu baino. Hiru urte barru egingo den foru hauteskundeei begira, parlamentuko zerrendan toki bat izatea ziurta diezaioke, eta etorkizuneko aukerei dagokienez abantailazko postua eman. 

2- Zuzendaritza, elkar banaturik.

Akordio horrek alderdiaren zuzendaritzako kideak elkar banatzea ziurtatu die biei. Igandean zuzendaritza zabaldu egingo da. 21 kide aukeratuko dituzte, eta bien arteko plataformak 21 hautagai aurkeztu ditu. Modu horretan euren konfiantzazko pertsonak eseriko dira zuzendaritzan. Ibarrolaren zirkuluak Iruñerria du ardatz gehienbat —bere gertukoen artean daude Angel Ansa eta Miguel Bujanda parlamentariak, Carlos Salvador Iruñeko hautetsia eta Xuriñe Peñas Eguesibarko alkatea—; eta Toqueroren inguruneak, noski, Erribera —Anichu Aguera Tuterako hautetsia, Jose Antonio Rapun Arguedasko alkatea edo Daniel Frances Buñuelgo alkatea—. Egungo zuzendaritzako kide bakarra dago zerrendan: Yolanda Ibañez idazkari nagusia.

Euren eraginpetik at, beste 11 pertsona aurkeztu dira, eta, ondorioz, zuzendaritzaren azken konfigurazioak baldintzatuko du nola geratuko den botere harremana.

Gainera, kongresu arteko garairako erabaki organo nagusia den Kontseilu Politikoko 75 kide hautatuko dituzte igandean. Bere esku egoten dira alderdiaren erabaki nagusiak hartzea: hala nola itunen politika.

3.- Aliantzen bila.

UPNren egungo egoera zaila islatu egin da nolabait printzipioei eta programari buruzko txostenetan, baina egiazki betiko parametroetan ardaztu da eztabaida politikoa.

Nahiz eta bere burua «moderatutzat» jo, UPNko egungo kideen arabera «inoiz baino zailago dago akordio politikoak erdiestea». Ateak irekirik uzten dituzte aurrerantzean aliantzak egiteko. «Nafarroak etorkizuna izango du baldin eta iparra eta hegoa, izaera euskalduna eta ez-euskalduna, bateratzeko gai bada, guztiok Nafarroaren barruan. Nafarrok elkarren artean negoziatu beharreko zerbait da, eta horren gidari izan behar du UPNk».

Aliantzak egiteko beharra ikusten dute, baina ez dute argitu nola egin nahi duten hori. Marra gorri bakarra dute: «EH Bildurekin, inoiz ere ez»

Hitz horiek aintzat harturik, bi aukera erreal baizik ez dira ondorioztatzen: PSN eta Geroa Bai. Sozialisten kasuan, zubiak hautsirik daude uneotan. Botere galeraren erantzukizun osoa sozialisten 2019ko norabide aldaketari egozten diote. Iraganeko jokamoldearekin alderatuta, «inkoherente eta neurrigabe» ikusten dituzte sozialistak, eta horren aurrean UPNk «ezin du iparra galdu».

Geroa Bairi dagokionez, Esparzak azken hilabeteetan onartu du harremanak dituztela koalizioarekin, eta udan saiatu zirela negoziatzen. «Ez zen posible izan». Euskararekiko jarrerak ezinezko egiten du gerturatze hori gaur egun.

Aliantzen bila, bi printzipio ukaezin dituzte: «Nafarroa ez da Euskadi, eta ETAren biktimen defentsa». Hala, EH Bildu da euren marra gorria, beti ere «biktimek eskatu bezala», ETAren terrorismoa irmo gaitzesten ez duen bitartean. «Gure mezua argia da: EH Bildurekin inoiz ere ez». Ideia orokor horiez harago, ez dute argibide gehiagorik ematen, eta hori guztia gauzatzea zuzendaritza berriari egokituko zaio.

4.- Hausturaren ondorioak

Sergio Sayasek eta Carlos Garcia Adanerok eragindako krisia ere islatu da kongresuan. 2022an, bi diputatu ohiek zuzendaritzaren aginduari men ez egiteagatik bi urte eta erdirako kanporatu zituen UPNren Kontseilu Politikoak. Estatutuen arabera, alderdien organoen aurka bozkatzea arau hauste arina zenez, arau hori gogortzea proposatu dute: arau hauste larri izango da aurrerantzean.

Hautagaiak ez dira primario bidez hautatuko aurrerantzean. Zuzendaritzaren kontrolpean egongo da horiek hautatzeko bidea.

Gainera, botere organikoa bildu egin du UPNk. Hemendik aurrera, hauteskundeetako hautagaiak hautatzeko bidea alderdiko erabaki organoek kontrolatuko dute: zerrenden batzordeak proposatuko ditu eta kontseilu politikoak berretsiko. Batzorde hori UPNko agintari nagusien kontrolpean dago: presidenteak, presidenteordeak, idazkari nagusiak eta Antolamendu idazkariek osatzen dute, besteak beste.

Azala berrituta, apirilaren 29tik aurrerako UPN Ibarrolaren eta Toqueroren eskuetan geratuko da. Bietako bat bera ere ez dago egun parlamentuan, eta hartu beharko duten erabakietako bat izango da zer egin parlamentuko bozeramaile karguarekin. Esparzaren eskuetan dago egun. «Zuzendaritza berriaren eskuetan egongo da hori. Ez dut arazorik jarraitzeko, ez eta ez jarraitzeko ere», aipatu du Esparzak.

Europako bozak, Esparzaren azken erabakia

PPk uko egin dio UPNren hautagaiak Europako hauteskundeen zerrendan sartzeari, eta hauteskunde barruti bakarra izanik, bakarrik ez du aukerarik alderdiak. Hala, igandeko kongresuaren bezperan, Javier Esparzaren egungo zuzendaritzaren esku geratuko da zer egin: PPren aldeko botoa eskatu edo boto-emaileei nahi duten aukeraren alde egiteko eskatu. Aferak agerian utzi du berriz PPrekin harremanak gaiztotuta daudela, eta Ibarrolaren zuzendaritza berriaren esku geratuko dela hori bideratzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.