UPN, PP eta Vox ez dira joan «terrorismoaren biktimen» aldeko ekitaldira, Iruñean

Nafarroako Parlamentuak ez du ofizialki bat egin, bezperan mahaiak ez zuelako adierazpena onartu. Nafarroako Gobernuak 2010eko terrorismoaren biktimen legea berritzeko konpromisoa azaldu du.

Iruñean, terrorismoaren biktimen ekitaldia. JESUS DIGES / EFE
Iruñean, terrorismoaren biktimen ekitaldia. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
Iruñea
2025eko martxoaren 11
13:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Aurreko urteetako irudia errepikatu da aurten ere. 2004ko Madrilgo atentatua gogoan, Europako Batasunak Terrorismoaren Biktimen Europako eguna deklaratu zuen martxoaren 11. Parlamentuaren egoitzatik gertu den biktimen aldeko ekitaldi ofiziala egiten da urtero, baina aurtengoan ez dira UPN, PP eta Vox bertaratu. Biktimen izenean, AVT elkartea izan da; aldiz, Anvite Nafarroako biktimen elkarteko kideak ez dira joan.

Bezperan ekitaldiarekin bat egiteko ebazpena eztabaidatu zen asteleheneroko Mahai eta Eledunen Batzordean. Haatik, ez zen aurrera atera. Eledun guztiek alde bozkatu zuten —EH Bildu abstenitu zen—, baina mahaian UPNko bi kideek kontra bozkatu zuten, eta EH Bilduko idazkari bigarrena abstenitu egin zen. Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionalaren edukiarekin bat egin zuen.

Gaurko ekitaldian, Unai Hualde Parlamentuko presidentea izan da, lau taldeetako ordezkariekin batera: besteak beste, PSNko Ramon Alzorriz, Ainhoa Unzu, Javier Lekunberri eta Kevin Lucero; EH Bilduko Laura Aznal eta Javier Arza; Geroa Baiko Pablo Azkona eta Mikel Asiain; eta Zurekin Nafarroako Carlos Guzman. Patxi Bera Arartekoa bertan izan da.

Ekitaldia hasi aurretik, Voxeko Emilio Jimenezek lore bat eskaini du, baina gero alde egin du. PPk, berriz, bere kabuz egin du ekitaldia. «Egia da ETA jada ez dela existitzen, baina gorrotoa hor dago oraindik». Javier Garcia presidenteak horretarako adibide bat jarri du hori azaltzeko: Altsasun Espainiako bandera erre izana.

Amaieran, Hualdek deitoratu egin du beste hiru taldeetako ordezkariak joan ez izana eta parlamentuak ofizialki ekitaldiarekin bat egin ez izana. «Ez dut ulertzen nola talde batzuek adierazpenaren alde egiten duten eta gero ez duten parte hartzen kalkulu politikoen ondorioz». Hualderen ustez, datorren urtean ere saiatuko dira «nahikoa adostasun lortzen» legebiltzarra gobernuarekin batera egon dadin ekitaldian.

EH Bilduren abstentzioaz galdetuta, Hualdek erantzun du adierazpenaren edukia gobernuak egindako bera dela. «Bakoitzak eman beharko ditu azalpenak bere ekintzez, presentziaz eta hutsuneaz».

PSNk eskuinaren jarrera gaitzetsi du ohar bidez. «Arduragabekeria soziala da, eta politikoki onartezina».

Adierazpenaren edukia

Maria Txibite lehendakariak eta Ana Ollo lehendakariordeak irakurri dute gobernuaren komunikatua, gazteleraz eta euskaraz. Adierazpenak zera dio: «hamarkadatan ETAk eta beste talde terrorista batzuek» —jarraian zerrendatzen dira GAL, eskuin muturra eta jihadismoa— eragindako indarkeria, «bidegabea eta legez kontrakoa izateaz gain, giza eskubideen urraketarik handiena» izan zela.

ETAren indarkeriari erreparatu dio batik bat: «Gaur egun oraindik ere guztiz beharrezkoa da indarkeria baliatu zutenek edo babes sozial eta politikoa eman ahal izan zietenek gizartearen gehiengo handiarekin bat egitea, gogoeta etiko integrala egin dezaten». Azkenik, Nafarroako Gobernuak konpromisoa agertu du 2010eko Biktimen Laguntzarako foru legea berritzeko.

San Joseren oharra

Maria Jose San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak ere igorri du adierazpena Terrorismoaren Biktimen Europako egunaren harira. Dei egin du biktima guztiak duintasunez gogoratzera: «Ezin diegu itzuli kendu zietena, baina bermatu dezakegu haien memoriak iraungo duela eta haien sufrimendua ez dela inoiz ahaztuko». Memoriaren, justiziaren eta erreparazioaren alde lanean segituko dutela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.