UPN hasi da zubiak erretzen: bere zinegotziei debekatu egin die PSNrekin udal aurrekontuak negoziatzea

Erabakiak kolokan jar dezake gobernagarritasuna Lizarran, Barañainen eta Eguesibarren; han, Esparzaren alderdiak PSNren babesa behar du.

Javier Esparza UPNko presidente eta Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia, maiatzaren 20an, udal eta foru hauteskundeetako kanpaina ekitaldi batean. I. U. / FOKU.
Esparza, udal eta foru hauteskundeetako kanpaina ekitaldi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko urtarrilaren 23a
09:15
Entzun

Iruñeko zentsura mozioaren egunean iragarri zuen Javier Esparzak: «Zubi guztiak hautsita daude, PSNk ez diezagula begiratu ere egin, ez diezagula babesik eska, eta ez gaitzala ezein bileratara gonbida, ez baikara joanen». Abenduaren 13an argitu zuen UPNren presidenteak zer esan nahi zuen, zehazki, zubiak hausteaz mintzatu zenean: PSNrekin hitzartutako udal akordio oro eten zuen alderdi erregionalistak, eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federaziotik ateratzeko imintzioa ere egin zuen, erakunde propio bat sortzeko xedez —nahiz eta oraingoz UPNren esku dauden udal nagusiak, Tutera eta Eguesibar, ez diren federaziotik atera—. Orain, beste urrats bat egin du UPNk sozialistengandik aldentzeko bidean, eta agindu zuzena eman die Nafarroan dituen zinegotzi eta udal talde guztiei: ez ditzatela aurrekontuak negoziatu PSNrekin.

Irmo azaldu nahi du Esparzak, batez ere, Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk Nafarroako aurrekontuak onartzeko akordioa sinatu ostean. Irmotasun horrek, ordea, badu albo ondoriorik erregionalistentzat: UPNk aginte makila du Lizarrako, Barañaingo eta Eguesibarko udaletan, eta PSNren sostengua behar du aurrekontuak onartzeko. Are: udalerri horietan, taldeak hasiak ziren akordioetarako oinarriak jartzen. Esparzaren erabakiak errotik eten ditu negoziazioak, eta kolokan jar dezake udal horien gobernagarritasuna eta inbertsioak egiteko gaitasuna ere.

Ika-mika parlamentuan

PSNren Antolakuntza idazkari Ramon Alzorrizek atzo hitz egin zuen UPNren erabakiaz, Nafarroako Parlamentuko eledunen batzordearen ostean: «Udalerri horietan abian ziren negoziazio prozesuak PSNrekin, baina UPNk agindu esplizitua eman du aurrekontu horiek negoziatu ez daitezen». Esparzaren jokabidea «oso larritzat» jo zuen Alzorrizek, «bere interes propioak lehenetsi baititu: UPNko presidentetzari eustea, herri horietako herritarren interesen gainetik».

PSNk gehitu du, hala ere, «prest» direla Lizarran, Barañainen eta Eguesibarren aurrekontuak negoziatzen segitzeko: «Aurrekontu proiektuak eztabaidatzeko garaian, zuzenketak aurkeztuko ditugu, eta zuzenketa horiek onartu edo ez, horren araberakoa izanen da gure botoa ere». Antolakuntza idazkariak uste du, gainera, UPNk «zirt edo zart» egin beharko duela aurrerantzean ere. «Legealdi honetan erabaki beharko du zer nahi duen: bigarren lerroko aktore bat izan, Nafarroako ekintza politikotik baztertuta, ala protagonista izan, herritarren bizitza hobetuko duten proposamenak eginez».

Iritzi bertsua agertu du gaur Maria Txibite lehendakariak. Azaldu du «ostiral iluntzean» izan zutela UPNren asmoen berri, eta alderdi erregionalistari dagokiola egoera onbideratzea: «Guk hasieratik luzatu diegu eskua, eta horren froga da negoziazioak hasiak zirela Lizarran eta Eguesibarren; hortaz, UPNk jakinen du zer nahi duen». Lehendakariak gaineratu du UPN «kale itsu» batean sartu dela erabaki horrekin: «Ez dute alternatibarik. Norekin adostuko dituzte aurrekontuak? Herritarrak zigortuko dituzte, besterik gabe, borroka alderdikoi bati eusteko?». Javier Esparzari eskatu dio «interes orokorra» lehenesteko, eta gogoratu dezala zein den politikaren helburua: «Herritarrentzat lan egitea».

«PSNk egunero esaten du gezurra, era konpultsiboan; ez da fidatzekoa, eta ez du sinesgarritasunik, ez guretzat eta ezta Nafarroako gizartearentzat ere».

JAVIER ESPARZAUPNren presidentea

Hala ere, UPNk baztertu egin du PSNrekin akordioak egiteko aukera oro. Hala, Esparzak atzo berretsi egin zuen Iruñeko zentsura mozioaz geroztik sozialistei buruz esanikoa: «PSNk egunero esaten du gezurra, era konpultsiboan; ez da fidatzekoa, eta ez du sinesgarritasunik, ez guretzat eta ezta Nafarroako gizartearentzat ere». Are: Alzorriz bera «mitomano bat» dela esan zuen UPNren presidenteak: «Gezurti esaten zaio noizbait gezurra esaten duenari, baina mitomanoa da era konpultsiboan gezurra esaten duena. Alzorriz jauna mitomano bihurtu da, egunero esaten baitu gezurra, mikrofono bat aurrean jartzen dioten aldiro».

Kongresua, hiru hilabete barru

UPNk bere burua are gehiago bakartzeko erabakiak giro politikoa zailduko du Nafarroako zenbait udalerritan, baina alderdiaren lidergoari eusteko balio diezaioke Javier Esparzari. Alderdi barruko xextrak alde batera utzita, afiliatuak batu ditu PSNren aurkako diskurtso suharrak, iragan abenduaren 16ko batzarrean agerian gelditu zenez. Erregionalistek apirilaren 28an eginen dute alderdiaren 13. kongresua, eta deus gutxi izanen dute ospatzeko: ia hamar urte daramatzate Nafarroako Gobernutik kanpo; PPrekin zuten aliantza estrategikoa hautsita, ordezkaritza apalagoa dute erakunde gehienetan; eta, Iruñeko zentsura mozioaren ostean, azken bost urteetan izandako boteregune bakarrenetakoa ere galdu du eskuin espainiazaleak. Esparzak iragarri du ez dela izanen UPNren lehendakarigaia hurrengo hauteskundeetan, baina ez du argitu alderdiaren presidentetzari eusteko asmorik duen. Oraingoz, ez da beste hautagairik aurkeztu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.