Albert Rivera Ciudadanoseko presidenteak jakinarazi du Nafarroan UPN eta Ciudadanos elkarrekin aurkeztuko direla maiatzaren 26ko foru hauteskundeetan. Haren arabera, akordiorako oinarria lortu dute horretarako, Nafarroan gobernu "konstituzionalista" lortze aldera. Madrilen hitz egin du Riverak, 2004ko martxoaren 11ko atentatuen oroimeneko ekitaldi baten ostean.
Riverak Madrilen aurreratutakoa berretsi egin du UPNren Kontseilu Politikoak iluntzean. 21:00etan eman dute prentsaurrekoa, Ciudadanoekin batera aurkezteko akordioa babestu dutela jakinarazteko. Joan den astean, UPNk eta PPk iragarri zuten koalizioan aurkeztuko direla Nafarroan maiatzaren 26an. UPNko zuzendaritzaren %72k babestu zuen akordio hori. Ciudadanosekin batera aurkezteko proposamenak askoz ere babes handiagoa jaso du gaurko bileran: %94k egin dute aukera horren alde.
Beraz, hirukoa osatuko dute UPNk, PPk eta Ciudadanosek. Navarra Suma izena emango diote hautagaitza bateratuari.
Ana Beltran Nafarroako PPko buruak esan du ona dela akordioa. "Itun ona da Nafarroarentzat eta Espainiarentzat, gobernuetatik ateratzeko Uxue Barkos [Nafarroako Gobernuko lehendakaria] eta Pedro Sanchez [Espainiakoa]". Azaldu du hiruko formula hori berak abenduan proposatu zuela, "Euskadik Nafarroa bere egiteko arriskuagatik". UPNk orduan baztertu egin zuen.
2015eko foru hauteskundeetan UPNk hamabost parlamentari lortu zituen, PPk bi eta Ciudadanosek batere ez —berrehun botora geratu zen bat lortzetik—.