Navarra Suma plataformak batzen dituen alderdien arteko harremana ez dago momenturik gozoenean. Espainiako Kongresuko lan erreformari buruzko otsaileko bozketak mesfidantza handia eragin dute UPNren barruan PPrekiko, eta ginga jarri dio konfiantza falta horri Sergio Sayas eta Carlos Garcia Adanero UPNko diputatu transfugak PPren zerrendan egon daitezkeelako aukerak. Testuinguru horretan, UPNk espero zen erabakia hartu du: bakarrik aurkeztuko da 2023an zabalduko den hauteskunde zikloan; bere markarekin, esan nahi baita, gaur ere Nafarroako Parlamentuan bizirik dagoen Navarra Suma bazterrean utzita.
Hilabeteak eman ditu UPNko zuzendaritzak alderdiaren geroa baldintzatuko duen hauteskunde estrategiari buruz hausnartzen, betiere erabaki nagusi bat hartzeko: zabaltzera doan hauteskundeen ziklo berrian, bakarrik ala beste alderdi batzuekin batera aurkeztea. Bada, Javier Esparza presidenteak eta alderdiko zuzendaritzako beste zenbait kidek, tartean Enrique Maia Iruñeko alkateak, erabaki dute UPNk alde batera utziko dituela Navarra Suma gisako formulak eta bakarrik aurkeztuko dela hauteskundeetan, «loturarik gabe», Esparzaren hitzetan.
Alderdiko exekutibak atzo eman zion oniritzia presidenteak haren albokoekin batera hartutako erabakiari, aho batez. Ez zen ezusterik egon, beraz. Nafarroan eskuin eta eskuin muturraren ordezkari nagusi izateko beste inorekin batera aurkeztu gabe lehiatuko da UPN, 2023ko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan, batetik, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, bestetik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak deitzen dituenean.
Agur Navarra Sumari
Beraz, 2019ko martxoan abiatutako eskuinaren hauteskunde aliantzarenak egin du Nafarroan. Navarra Sumaren barruan daude PP, Ciudadanos eta UPN, besteak beste, «abertzaletasunari harresi bat» jartzeko; baina, orain, Esparzak ez du ikusten modurik horrelako sigla batuketa bati errentagarritasuna ateratzeko. Nafarroan, Voxen hazkundea apaltzea lortu zuen Navarra Sumak, baina zenbait udal gobernu garrantzitsu lortu arren —Tuterakoa eta Iruñekoa, esaterako—, emaitza eskasak izan zituen, UPNk beste ziklo batzuetan ateratakoekin alderatuz gero.
Edonola ere, iragarpen guztiek diote Ciudadanos desagertu egingo dela, eta muturreko liberalen desagertze horrek UPN-PP ahalezko aliantza bat uzten zuen Nafarroan. Esparzak, ordea, ez du garbi ikusi Alberto Nuñez Feijooren PPrekin batera azaltzea nafarren aurrean. Izan ere, Feijook hautagai gehiago nahi zituen balizko zerrenda bakar horretan—Navarra Sumaren hogei eserlekuetatik soilik bi dira PPrenak—. Baina boterea banatzeko desadostasun handiak aurreikusteaz gain, beste aldagai bat hartu du aintzat Esparzak UPN bakarrik aurkezteko erabakia hartzeko: emaitzen kalkulua. «Bakoitza bere aldetik aurkeztuta», UPNren eta PPren batura «errentagarriagoa» izango dela uste du.
Edonola ere, Nafarroako presidente izateko azken aukera izango du Esparzak maiatzeko hauteskundeetan. 2015ean eta 2019an alderdiaren presidentegaia izan zen, eta huts egin zuen. 2023an, bakarrik aurkeztuta, UPNk aukera gehiago izango dituela deliberatu du, baina begien bistakoa da arriskuak badituela erabaki horrek, Voxekin eta PPrekin lehiatu beharko baita.
Ezin da ahaztu, izan ere, Sanchez Moncloatik ateratzeko ekinaldi oldarkorrean ari dela PP, eta alderdi horrek ohi baino emaitza hobeak ukan ditzakeela Nafarroan, maiatzeko foru hauteskundeak Espainiako gorteei begira egingo dituelako.
Gainera, bada beste aldagai kezkagarri bat UPNrentzat: Sayas eta Garcia Adanero trasfugak. Espainiako Kongresuan, lan erreformaren bozketan, UPNk erabakitakoaren aurka bozkatu zuten biek, askoren aburuz, PPrekin hitzartutako maniobra batean. Orain, berriz, ezin da baztertu PPren Nafarroako zerrendan Sayas eta Garcia Adanero azalduko direla.
PSNren atea itxi gabe
Batera edo bestera, Esparzak badaki UPN-PP baturak gehiengo osoa lortuko balu Nafarroan eskura lukeela presidente izatea, eta batura horrek, alderdi bakoitza bere aldetik aurkeztuta, emaitza hobea izango duelako kalkulua gailendu da. Izan ere, UPNk PPk baino emaitza hobeak izango ote dituen galderaren erantzuna argia dela uste dute alderdi foruzalean: eskuinaren nagusitasuna UPNrena izango dela sinetsita daude.
Eta Navarra Suma alboratzeak badu azken abantaila bat; eta garrantzitsua izan daiteke, gainera. Esparzak ez du zertan baztertuPSNkin aliantza bat egiteko aukera. Yolanda Barcinaren gobernuak PSNren babesa izan zuela ez du ahaztu UPNren zuzendaritzak.
UPN bere markarekin lehiatuko da 2023an, Navarra Suma bazter utzita
Exekutibak aho batez onartu du Esparzaren proposamena, eta PPren aurka ere lehiatuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu