Euskalerria Irratia. Elkarrizketa. Mikel Bujanda. Euskalerria Irratiko zuzendaria

«UPN agintetik joan da eginiko hanka sartzea onartu gabe»

27 urteren ondoren eta auzi anitzen ostean jasoko du irratiak lizentzia, eta zuzendariak gogotsu hartu du berria, irratia jaio zenetik aldarrikatu baitute baimena izatea. Atzokoa mugarri bat da irratiaren historian.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Bidatz Villanueva
Iruñea
2015eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
«Bihotza bero eta burua hotz». Hala hartu du Nafarroako Gobernuaren azken berria Mikel Bujanda Euskalerria Irratiko zuzendariak (Donostia, 1955). Topa egiteko eguna zen atzokoa, baina dei, elkarrizketa eta emanaldien artean soilik ahal izan zuen dastatu xanpaina. Asaldurari, baina, poza nagusitu zaio. Izan ere, irratia sortu eta 27 urtera izanen dute emititzeko lizentzia.

Espero zenuten berria?

Bai, aspaldidanik gertatu behar zena gertatu da.

Nola aldatuko du honek irratiaren egoera?

Lehendabizikoa da lege prekaritatetik ateratzea. Segurtasun juridikoa eman digu erabaki honek. Segurtasun juridikoa da gure eskubideen jabe izatea, orain arte ez baititugu izan. Zeure eskubideen jabe ez izateak uzten zaitu egoera ahul batean. Horrek guztiak eragina du, bai alde ekonomikotik, bai kontratatzeetan. Proiektua garatzeari trabak jarri dizkio, orain arteko egoera galga izan da gure proiektuaren garapenean. Ez gaitu gelditu. Baina bai, ziur asko, mantsotu egin gaitu urte hauetan guztietan. Hemen, Iruñerrian, euskarazko komunikazio publikoan gorago egonen ginateke, ez balitz izanen orain arteko egoeragatik. Orain, hesia urraturik, gure eskubideen jabe eginda, pausoak eman ahal izanen ditugu arlo guztietan. Batez ere, komunikazio zerbitzu hobea eskaintzeko moduan egonen gara.

Aintzat hartzeko bat da 1998ko maiatzekoa. Hartan, lizentzia ukatu zizueten berriz ere.

Balorazio mahai bat zegoen, eta gure proiektuak puntuazio handiagoa zuen besteek baino. Baina halako batean, esku hartu zuten zuzendari nagusiak eta haren kontseilariak. Balorazio mahaia egiten ari zena moztu zuten, eta hor zegoen puntuazioaren hurrenkerari buelta eman. Begi bistako irregulartasun bat izan zen, moldaketa bidegabe bat, ezin zitekeena onar. Hori egin zuten [Angel] Sanz Barea Komunikazioko zuzendari nagusiak—garai hartako presidente Migel Sanzen lehengusua— eta Jose Ignazio Palacios kontseilariak. Orduan, gerora, ez dute haien okerra zuzendu nahi izan, nahiz eta epaileek erran hori bidegabekeria bat zela, ezin zela onartu. Auzitara jo dugu, eta epaileek erraten ziguten kontseilariak eta zuzendari nagusiak eginikoak ez zuela balio. Dena izan da sokatira bat, bidegabekeriaren ebidentzia nagusitu zedin, UPNk ez baitzuen onartu nahi eginiko okerra. Eta gaurko berria hori da: ebidentzia izan da nagusitu dena.

Aldeko erabakia jaso duzue oraingoan.

Iaz, 2014. urtearen hasieran jakin genuen Espainiako Auzitegi Gorenenaren epaia. Horrekin bide judiziala amaitzen zen. Aurretik, Iruñeko epaileek eginikoa zuzena zela zioen, eta jaun horiek eginiko esku hartzea baliogabetu zuen. Orduan, sententzia hark UPN behartu zuen prozesu administratibo bat martxan jartzera. Balorazio mahai bat izendatu zuten, iaz, eta bilerak egiten aritu dira, espedientea aurrera eramaten. Guk bagenekien bilera horiez. Idatzi batzuen bitartez eskatu genuen informazioa, erregistrora joanez. Berandu ematen ziguten erantzuna, ordea, eta informazioa ukatuz gainera. Beraz, zer gertatu da? Batetik, UPN agintetik joan da onartu gabe eginiko hanka sartzea, eta Euskalerria Irratiari aitorpena eman gabe. Aldi berean, UPNren gobernuak izendatutako balorazio mahaia izan da proposamen hau egin duena. Hortaz, erraz jarri diote gobernu berriari erabakia.

Zein aitzakia jartzen zituzten lizentzia ukatzeko?

Eutsi egiten zioten bereari. Guk epaileei esaten genien esku hartzeko, lizentzia eskuratzeko lehiaketa guk irabazia genuela. Epaileek ezetz esaten ziguten, ezin zutela horretan sartu, hori gobernuak erabaki behar zuela. UPNk egin du boterearen erabilera okerra, makurra, harroa. Egoskorkeria hutsa izan da. Gainera, auzitan ibiltzean, administrazio publikoak, abantaila handiak ditu. Denok ordaintzen ditugun zerbitzu juridikoak erabili dituzte. Tasak ere ez zituzten ordaindu behar. Gurea bezalako enpresa batentzat, ordea, oso zaila da horrelako prozesuetan ibiltzea.

 Zuen finantzaketa ere oztopatu dute.

Bai. Oro har, auzitan ibili beharrak gure energiak desbideratu ditu, ahaleginak eta dirua ere bai, izan behar genukeena lortzeko. Horrek ahalegin handia eskatzen du. Era prekario horretan ibiltzeak ere baliabide ekonomiko batzuk lortzeari trabak jarri dizkio. Zaila izan da laguntza instituzionala lortzea. Publizitatea da gure diru iturri nagusia, eta azalpenak ematen ere egon behar izan dugu. Egoera horrek eskatu digu lan bikoitza. Besteak baino baldintza okerragoetan egon gara.

Oztopoak oztopo, gogotsu jarraitu duzue lanean...

Egoera ez-legezkoak traba juridikoak, ekonomikoak eta profesionalak eragin dizkigu. Baina aldi berean iruditzen zait ekarri digula jende askoren elkartasuna eta laguntza. Hori da irrati honek duen baliorik nabarmenena. Lantalde profesional txikia gara, 11 lagunekoa, baina gero laguntzaile eta kolaboratzaile ditugunak, sare oso zabala da. Oso jende saiatua da, jakintsua eta oso eskuzabala. Bere denbora eta jakintza jartzen duena gure programazioa hornitu eta aberasteko. Egoera juridiko berrian sartuta ere, eutsi beharko genioke jendeak gurekin duen laguntza eta laguntasun horri. Hori ez litzateke aldatu behar.

Euskal irratigintzan erreferentzia bat al zarete?

Beti esaten dugu Euskalerria Irratia dela izen handi eta izaera ttipiko errealitate bat, baina guk oso argi ikusten dugu gure eginkizuna, hemen, Iruñerrian dagoela. Iruñerriko euskaldun jendearen zerbitzurako tresna bat da geurea, Iruñerriko euskaldun jendea erdaldunen artean gutxiengo bat da, baina aldi berean ere jende kopuru handi bat, eta behar handiak dauzkana. Iruditzen zaigu irrati zerbitzua, aho-belarrietarako komunikazioa, dela egokiena jende hori beraien artean komunikatzeko eta konektatzeko. Baina iruditzen zait eginiko ahaleginagatik aurrerago egon beharko genukeela. Pauso anitz eman behar dira. Euskararen erabiltzaile aktiboak behar ditugu hemen.

Etorkizunerako aurreikuspenik eginen zenuke?

Egoera berri honek sendotasuna eman digu, baina desafio berriak ere bai. Alde positiboa hartu, eta hori ongi finkatu behar dugu, eta bestetik ekar dezakeen galerarik ez dadila gertatu. Hau da, legezkoa denez, jendeak pentsatzea geure kasa molda gaitezkeela. Legezkoa bai, baina asko daukagu egiteko, eta egiteko daukagun hori elkarren artean egin behar dugu. Iruñerriko euskaldun jendearen zerbitzuan komunikazioa eta interkomunikazioa sustatzea da gure funtzioetako bat. Baina, oro har, euskararen erabilera publikoa eta soziala handitu eta areagotu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.