Egunotan jendaurrera atera dira Ameriketako Estatu Batuetako zerbitzu sekretuen paper batzuk, Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia zipriztintzen dutenak. CIAren paper horien arabera, Gonzalezek onartu egin zuen ETAren aurka mertzenarioak erabiltzea. Gonzalezen eta GALen arteko loturari buruzko auzia berriro hartu da hizpide, eta Espainiako Kongresuan ekinbideak aurkeztu dituzte talde batzuek.
Hain zuzen, ikerketa batzorde bat sortzeko eskaria erregistratu zuten atzo EH Bilduk, EAJk, ERCk, Junts Per Catalunyak, CUPek eta BNGk. Zehazki, eta eskaria onartuz gero, ikerketa batzorde horren egitekoa izango da argitzea ea egiazkoak diren CIAren dokumentuak, ea Gonzalezek zer ardura izan zuen GALen sorreran, ea zer zekien Gonzalezek talde armatuaren ekintzez, eta ea gobernuak ekintza horietan parte hartu zuen. Halere, ganberaren gehiengoa behar da batzorde bat osatzeko.
UP Unidas Podemosek ez du, ordea, oinarririk ikusten urrats horietarako. Pablo Echenique bozeramaileari gaiaz galdetu zioten atzo elkarrizketa batean, eta garrantzia kendu zien CIAren paperei: «Ez dute ezer berririk esaten, eta orduko egunkari orriekin eginak daude». Echeniqueren esanetan, GALen auziak argituta daude: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen, eta badaude zigor judizialak: ministro bat eta estatu idazkari bat». Areago, «harrituta» azaldu zen talde politiko batzuk ikerketa batzordea sortzearen alde agertu izanarekin. UPk ez du arlo horretan urratsik egiteko asmorik: Echeniquek ohartarazi zuen ez direla «distraituko», eta «are gutxiago jakinak diren kontuengatik».
Echeniqueren adierazpenek ezinegona eragin zuten koalizio barruan. Nagua Alba diputatu ohiak, adibidez, «sinestezintzat» jo ditu adierazpen horiek, eta Cristina Makazaga legebiltzarkideak ohartarazi zuen GALen biktimek ere «egia, justizia eta erreparazioa» behar dutela. Kritiko hitz egin zuen Eduardo Santos Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusi eta Justizia kontseilariak: «Alderdiaren edozein posizioren gainetik, delitu larrien biktimak babesteak gidatu behar du jardun politikoa. Eta biktimek eskubidea daukate egiarako, justiziarako eta erreparaziorako. Ezin da dudarik egin. Inoiz ez da distrakzio bat». Lander Martinez EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi ohiak ere jo zuen Echeniqueren aurka: «Ulertezina. Gure betebehar moral eta politikoa da giza eskubideen urraketen aurrean eztena edukitzea. Ikertzea giltzarria da egia, justizia eta erreparazioa lortzeko».
EP, desados
Echeniqueren hitzak propio aipatu gabe, Elkarrekin Podemosek (EP) eta Ezker Anitzak ohar bat argitaratu zuten, «GALen biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa» defendatzeko eta «exijitzeko behingoz argitu dadila zer erantzukizun izan zuen Felipe Gonzalez [Espainiako] Gobernuko presidente izandakoak GALen». Erantsi zuten «estatuak zor historikoa» daukala «indarkeria politiko horren biktimekin», eta zor hori kitatzeko modua dela estatuaren ardura argitzea.
PSOEk ez du Gonzalezen aurkako hitz erdirik egin paperak argitara atera ondoren. «PSOEren babesa dauka», esan zuen, asteartean, Adriana Lastra bozeramaileak, eta, atzo bertan, Gonzalez bera goraipatu zuen Margarita Robles Espainiako Justizia ministroak: «Gonzalezen azken gobernuaren parte izan nintzen, Barne Ministerioko estatu idazkari gisa, oso garai zailetan. Ahaztu egiten dugu ETAk hil egiten zuela; hori kontuan hartzea oso garrantzitsua da. Felipe Gonzalez herrialde honen historiako pertsona gakoetako bat da». Erantsi zuen «momentu bakoitzean eskuzabala izaten jakin» behar dela,
Halere, sozialisten artean izan dira kontrako ahotsak ere: Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, adibidez, adierazi zuen, herenegun, argitu egin behar dela GALen auzia: areago, bere alderdian oraindik ere GAL dela-eta erantzukizunak argitzeke baldin badaude, «ordain daitezela» eskatu zuen.
UPk ez du Gonzalez ikertu nahi: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen»
Pablo Echenique Espainiako Kongresuko bozeramaileak garrantzia kendu dio CIAren txostenari, ez duelakoan «ezer berririk» azaleratu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu