Eusko Jaurlaritzak UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoari eman dio Rene Cassin saria. Epaimahaiak zera goretsi du: UNRWAk Palestinako milioika errefuxiaturen giza eskubideak babesteko egiten duen lana. Imanol Pradales lehendakaria buru, gaur egin dute saria emateko ekitaldia, eta bertan izan da Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideen sailburua ere.
UNRWAren izenean, Marta Lorenzo UNRWAk Europan duen ordezkaritzako bulegoko zuzendariak hartu du saria, eta lankideek Palestinan bizi duten egoera gaitzesteko probestu du: «Aitortza hau nire lankideentzat da, bereziki Gazan bizitzak salbatzen ari direnentzat. Gure lanarekin jarraitzeko indarra ematen digu». Erantsi duenez, dagoeneko bere 250 lankide baino gehiago hil dituzte, eta beste batzuk atxilotu eta torturatu egin dituzte. Beraien lana egiteagatik, laguntzeagatik. Azaldu duenez, besteak beste, milioika pertsonari janaria banatu diete, eta osasun arta ere eman diete.
San Josek ere hartu du hitza. Haren esanetan, palestinar herria «injustizia eta tragedia handia» bizitzen ari da, eta «sarraskia» amaitzeko eskatu du: «Nik ere bat egiten dut Israel palestinar herriaren aurka egiten ari den sarraskia amaitzeko eskatzen dutenen oihuarekin». Gaineratu du Ekialde Hurbilean eta munduko gainerako leku guztietan «erabateko bizikidetza» eduki behar dela, eta erabat bermatu behar direla aniztasuna, berdintasuna eta giza eskubideak ere.