UIB Unibertsitateko Indar Batasunak deituta, gaur hainbat ikasle batu dira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Gasteizko campusean; unibertsitatearen «garestitzearen» gaineko kezka erakustea izan dute asmo behinena, eta unibertsitateko errektore berri Joxerramon Bengoetxeari eskatu diote matrikulak «merkatzeko» eta bekak «hobetzeko» bidean urratsak egiteko. Nabarmendu dute 10.500 ikaslek baino gehiagok sinatu dutela aldarrikapen horien aldeko mezua. «Orain, gure eskakizunak betetzen direla bermatzeko negoziazio mahai bat exijitu nahi diogu errektoreari».
Lehengo astean izan ziren EHUko errektorea hautatzeko bozak, eta era agerikoan gailendu zen Joxerramon Bengoetxea. Kanpaina betean ere plazaratu zuten UIBko kideek matrikulen garestitzearen gaineko ezinegona, eta horren gaineko aldaketak eskatu zituzten. Gaur berritu egin dituzte eske nagusiak. Lehen matrikulen prezio bereko birmatrikulazioak nahi dituzte, praktiketako matrikulazioak doan izatea, eta masterren matrikulazio prezioak apaltzea. Bekak hobetze aldera, hauek dira eskariak: etxebizitza bekak eta garraio bekak handitzea, eta praktikak ordaintzea.
Eskabide horiei ikasleek eman dieten atxikimendua nabarmendu dute; 10.500 ikasle «errektore berria bozkatu duten ikasleak halako bi baino gehiago» direla adierazi dute, hain justu ere. Gaiaren gainean dagoen kezkarekin lotu dute hori. «Izan ere, unibertsitatean ikastea gero eta garestiagoa da, eta langile familion erosahalmena, berriz, gero eta txikiagoa», zehaztu dute. Egoera bideratzen lagun dezakete bekek, baina salatu dute ez dela egin urratsik horiek handitzeko, eta murritzegiak direla: «Ikasleen %65ek ezin dute bekarik eskatu». Eskabideen %53, berriz, atzera botatzen direla erantsi dute.
Gogora ekarri dute Bengoetxeak hainbat «promes» egin dituela kanpainan, eta horiei lotuta matrikulak «merkatuko» dituela ere esan duela: «Orain hitza betetzea dagokiola uste dugu». Gaia «premiazkoa» den ustea dute ikasleek, eta horregatik eskatu diote errektoreari negoziatzen hasteko. Helburua lortu bitartean «presionatzen eta mobilizatzen» jarraitzeko asmoa azaldu dute.
Matrikulen ordainketa apaltzeko eskeez aparte ere, bestelako aldaketak ere nahi dituzte ikasleek, bestelako unibertsitate eredu baten alde. «Unibertsitateak pentsamendu kritikorako eta antolakuntzarako eremu ere izan behar du, non eskubide politikoak guztiz bermatuta dauden; alde horretatik, Poliziak edo segurtasun indarrek ez dute tokirik unibertsitatean».
200 kontratazio gehiago
Eusko Jaurlaritzako eledun Maria Ubarretxenak gaur jakinarazi duenez, berrehun irakasle gehiago kontratatzeko era izango du EHUk. Espainiako Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak adierazi du 1.800.000 euro jarriko direla Maria Goyri izeneko programaren bidez, eta horrek modua emango duela, hain zuzen ere, 121 kontratazio egiteko. Irakasle «gazteek» unibertsitatean egun duten tokia indartzeko propio pentsatutako programa bat da. Beste 79 kontratazio egin ahal izateko dirua Eusko Jaurlaritzak ipiniko duela azaldu du.