Philippe Zavoli. Baiona-Angelu-Miarritzeko Unibertsitateko zuzendaria

«Unibertsitateak ere jarrera hartu beharko du lurralde elkargoari buruz»

NICOLAS MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Batera mugimenduak proposamen bat landu du, Baionan antolatu dituen jardunaldietan. Ipar Euskal Herriko unibertsitatea berezkoa bihurtzea da Bateraren aldarrietariko bat. Zavolik dio hasi den aro berriaren aitzinean unibertsitateak ere jarrera argia hartu beharko duela.

Ipar Euskal Herriko lurralde elkargoa sortzea hobetsi dute Hautetsien eta Garapen kontseiluek. Baterak berezko unibertsitatea eskatzen du. Horri begira, nolako jarrera duzu?

Pertsonalki, ulertzen dut lurralde elkargoaren aldarria, nortasunaren isla baita lurralde erakunde baten irudia. Korsikan lortu dute, eta normala da euskaldunek ere gisa horretako erakunde bat nahi izatea. Baina nekez erantzun niezaioke galdera horri. Ni ez naiz Euskal Herrikoa. Duela hamabost urte jin nintzen hona.

Euskal unibertsitatearen sorrera egingarria da?

Bi mailatan aztertu behar da hori: batetik, egingarritasuna, eta bestetik, zer ekar dezakeen. Baionako adarrean 2.500 ikasle ditugu, Pauekoaren %10 gara, eta Paue Bordeleren %20 da. Oso txikiak gara, eta, gaurko baldintzetan, berezko euskal unibertsitatea ez litzateke egingarria. Gainera, gero eta unibertsitate handiagoak sortzea da Frantziako gobernuen xedea. Bertzeetan ez dauden formakuntzak eskaintzea da gure aukera, betiere tokiko beharrei loturik. Hemen, enpresa txiki eta ertain anitz daude, eta, horri erantzuteko, ekonomiaren kudeaketa irakasten dugu. Hala ere, zuzenbide eskola gara nagusiki. Berrikuntzak izan dira, dena den, eta, iaz, kazetaritza arloko eskaintza ireki genuen. Berezko unibertsitateak eskaintza handiagoa ukanen luke? Baliabide gehiagorik? Ez dut erantzunik.

Lurralde elkargoa sortuz gero, erreferentzia eremua Ipar Euskal Herria litzateke, ez Paue. Ez ote litzateke bidezkoa lurraldearen araberako unibertsitatea osatzea?

Unibertsitatearen jarduna lurralde baten ikuspegiari loturik dago, eta sortuko balitz, unibertsitatearen antolaketa eta egituraketa berraztertu beharko lirateke. Eztabaida pil-pilean dago, eta unibertsitatea ezin da isilik egon.

Parte hartu duzue Garapen Kontseiluaren gogoetetan?

Nik ez, baina nire lantaldekoek bai, unibertsitateko presidenteak ere bai. Berriz diot, unibertsitateak jarrera hartu beharko du, xedearen alde edo aurka den ebatzi beharko du. Urteetan baliabideak Pauen gelditu dira nagusiki, nahiz eta ikasle emendatzeak Baionako fakultatean gertatu. Errentagarritasuna ez da irizpide bakarra, eta horren adibide dira euskal ikasketak. Ikasle gutxi dira, eta irakasle anitz dituzte. Baina eskaintza hori atxikitzeko ahal dudan guztia eginen dut. Argi dago, hizkuntzaren aldetik, hemengo unibertsitatearen berezitasuna. Eta bide horretatik segitzeko borondate politikoa dugu.

Hezkuntzan, Ipar Euskal Herriko akademia sortzea litzateke erreformaren ondorioetako bat, baita irakasleak esleitzeko eskumena ere. Horrek ez ote du eraginen unibertsitatearen sorrera?

Urrats horiek gauzatzen badira, oreka atxiki beharko da, ama eskolatik unibertsitateraino. Oreka hori bermatzeko, baliabideak beharko lirateke, eskaintza zehaztu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.