Espainiako Gobernuak unibertsitateen sorrera, aitortza eta baimenetarako 640/2021 errege dekretua moldatzeko aurkeztutako erreformak hautsak harrotu zituen Hego Euskal Herrian, baina badirudi egoera onbideratzen ari dela. Juan Ignacio Perez Iglesias Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak eta Juan Cruz Cigudosa Espainiako Gobernuko Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate estatu idazkariak bilera bat egin zuten atzo, bi aldeetako beste zenbait ordezkarirekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi du zenbait alorretan ados jarri direla.
Espainiako Gobernuak errege dekretua erreformatzeko proiektuaren berri ematean, Eusko Jaurlaritza izan zen hura ezbaian jarri zuen instituzioetako bat. Orduan, Perez Iglesiasek salatu zuen «urratu» egiten zuela unibertsitateko erregimen juridikoa, eta autonomia «erkidegoek berezko dituzten eskuduntzetan» ere sartzen zela. «Araudia zorrotzegia» zen, haren esanetan. Era berean, kontra azaldu ziren EH Bildu eta EHU ere. Hala, Madrilek zail zuen hura Espainiako Kongresuan aurrera ateratzea.
Horrenbestez, negoziazioei ekin zioten, eta horren erakusgarri da atzoko bilera. Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, bi aldeek unibertsitateen kalitatea bermatzeko beharra nabaritzen dute, eta «adostasun handia» dute horretarako egin beharreko urratsen inguruan. Hala, «akordiorako oinarriak» adostu dituztela iragarri du.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren arabera, konpromisoa hartu dute datozen egunetan batzuen eta besteen «gogo-asmoak bateratuko dituen formula bat aurkitzeko» lineako ikasketa eskaintzen duen eskumenari dagokionez. Era berean, azaldu du Espainiako Gobernuak aintzat hartu dituela sailak apirilean bidalitako alegazioetako batzuk, eta errege dekretua erreformatzeko lege proiektuan txertatuko dituztela.
Jaurlaritzak proposatutako kalitate zigiluen markoa ere «errege dekretuaren espirituarekin» bateragarria dela onartu du Espainiako Gobernuak, lehen azaldu duenez. Beraz, unibertsitate berriak sortzeko eta daudenak aitortzeko proposamenak ebaluatzeko prozesuetan kalitate zigiluak ezarri ahal izango dituzte kalitate agentziek, erreforma proiektuan ezarritako irizpideen pean.