«Unibertsitate lege berri bat» galdegin du NUPeko errektore Ramon Gonzalok, kargua hartzeko ekitaldian

Honakoa bigarren agintaldia izanen du Gonzalok, martxoaren 30eko hauteskundeetara aurkeztutako hautagai bakarra izan ostean

Ramon Gonzalo errektorea eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, NUPen eginiko ekitaldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 2a
17:40
Entzun

Seinale eta Komunikazio Teorian katedradun Ramon Gonzalok NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko hauteskundeak irabazi zituen iragan martxoaren 30ean, aurkeztutako hautagai bakarra izan baitzen. Hortaz, bigarrenez hartu du errektore kargua. Gaur goizean egin dute ekitaldia, eta bertan izan dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakari Maria Txibite, Iruñeko jarduneko alkate Enrique Maia, Nafarroako Parlamentuko jarduneko presidente Unai Hualde eta Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Jose Luis Arasti.

Kargu hartze ekitaldian, «unibertsitateen foru lege berri bat» aldarrikatu du Gonzalok, «berritzailea eta lagungarria» izanen dena «NUPen hazkunderako eta bilakaerarako motor izan dadin». «Lege horri esker, gure unibertsitatea egonkortu eginen da Nafarroako garapen sozial, kultural eta ekonomikoaren ardatz gisara», esan du.

Horrez gain, unibertsitate publikoaren aldeko «konpromiso osoa» agertu du errektoreak: «Haren alde jarriko ditut nire ezagutzak, zintzotasuna eta lan gaitasun osoa, nafar gizartearen baluarteetako bat izan dadin». Gonzalorekin batera, kargua hartu dute zuzendaritza taldeko gainerako kideek ere: Francisco Javier Arregi, Ikerketako errektoreordea; Ines Olaizola, Irakaslego errektoreordea; Martin Larraza, Kalitateko, Ekonomiako eta Estrategiako errektoreordea; Cristina Baiona, Ikasleen, Enpleguaren eta Ekintzailetzaren errektoreordea; Edurne Barrenetxea, Garapen Digitaleko errektoreordea; Begoña Perez, Unibertsitate Proiekzioko, Kulturako eta Dibulgazioko errektoreordea; Inmaculada Farran, Irakaskuntzen errektoreordea; Jorge Elso, Nazioarteko eta Elkarrekintzako errektoreordea; eta azkenik, Roldan Jimeno idazkari nagusia.

Txibiteren erantzuna

Errektorearen hitzaldiaren ostean, hitza hartu du Maria Txibite lehendakariak. Azaldu du NUP «Espainiako lehen unibertsitate publikoa» dela, lan mundurako sarbidearen rankinean. «Arrakasta hori zor dio titulazio sorta hurbil bati, gure inguru sozioekonomikoaren beharretara egokitua», gehitu du lehendakariak.

Unibertsitate lege berriari buruz, Txibitek esan du «lehentasuna» izan beharko dela hurrengo Nafarroako Gobernuarentzat, eta parlamentuko «agendan» egonen dela. «Lege hau ontzeko, ezinbestekoa izanen da erakundeen arteko elkarlana. Espainiako LOSU legeak filosofia eta paradigma aldaketa ekarri du unibertsitatera, eta horretara egokitu beharko du bai unibertsitateak bai gobernuak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.