Unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea daude osasun ituna adosteko mahaiaren gainean

Osakidetza ardaztuko duten printzipioei buruzko testu bat landu dute gaurko bileran; Jaurlaritzaren eta eragileen posizioen sintesi saiakera bat da. Urtarrilaren 29an itxiko dute, aurreikuspenen arabera, osasun ituna adosteko bigarren fasea.

Osasun ituna adosteko mahaia, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Osasun ituna adosteko mahaia, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Bilbo
2024ko abenduaren 4a
16:30
Entzun

«Osasun ituna nabarmen ari da gorpuzten eta indartzen». Baikor ekin dio Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak osasun ituna adosteko laugarren bilerari, gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. Akordioa lortzeko bigarren fase bete-betean daude Jaurlaritza eta eragile politiko, sindikal eta sozialak: Osakidetza ardaztuko duten printzipioak zeintzuk izan behar diren eztabaidatzen. Javier Meanak, itunaren koordinatzaileak, egin duen dokumentuak hiru oinarri ditu, aurreratu dutenez: unibertsaltasuna, elkartasuna eta ekitatea.

Urriaren 30ean egindako bileran itxi zuten lehen fasea, diagnostikoa adostearena. Enrique Peiro Osasun sailburuordeak printzipioen proposamen bat helarazi zien mahaikideei bilera berean, eta haiek astia izan dute agiri horri ekarpenak egiteko. Jaurlaritzaren testua eta eragileenak bildu ditu Meanak, eta azken dokumentu horren gainean aritu dira gaur. Sailburuak berak adierazi duenez, ordea, dokumentu irekia da. Orain bere mahaikideei dagokie testua haien erakundeekin kontrastatzea, eta, denak bat etorriz gero, hurrengo bileran itxiko dute bigarren fasea, urtarrilaren 29an.

Gaur landu duten testuaren nondik norakoak azaldu ditu Jaurlaritzak, eta haien iritziz izan beharko lituzkeen hiru oinarriak azaldu. Baga: «Unibertsaltasunaren printzipioak berekin dakar gizabanako guztiek dutela osasun zerbitzuak jasotzeko eskubidea, inolako diskriminaziorik gabe». Ildo horretatik, Meanaren agiriak dio estaldurak integrala izan behar duela, eta pertsona guztiek arreta egokia jasotzea bermatu behar duela.

Biga: elkartasunak herritar guztien erantzukizunari egiten dio erreferentzia; zehazki, Osakidetza finantzatzeko eta osasun arreta unibertsala izatea bermatzeko erantzukizunari. «Horrek esan nahi du baliabide gehiago dutenek ekarpen handiagoa egiten dutela, eta, hala, baliabide gutxien dutenek osasun arreta jasotzeko aukera izatea bermatzen laguntzen dutela», zehaztu dute.

Higa: «Ekitatearen bidez, osasunaren arloan dauden desberdintasunak zuzendu nahi dira, eta talderik zaurgarrienek baliabideak eta zerbitzuak lehentasunez eskuratu ahal izatea ziurtatu nahi da». Nabarmendu dutenez, ekitateak berekin dakar giza premiak «erdigunean» jartzea eta gizarte kohesionatuagoa eta osasungarriagoa sustatzea.

Prebentzioa

Oinarri horietatik abiatuta saiatu dira printzipioak zehazten. Azpimarratu dute eredu prediktibo, prebentibo eta aurreratzaile batek eman beharko liokeela «izaera bereizgarria» Osakidetzari: «Ongizatera bideratzen den sistema da, gaixotasunekiko erreakzio hutsetik harago». Parte hartzailea ere izan behar duela zehaztu dute agirian, baita humanizatua eta kolaboraziozkoa ere. Horrek zera esan nahi du, pertsonen eta herrien erantzukidetasuna bilatu behar duela osasun sistemak, errespetua eta duintasuna izan behar dituela harremanen oinarri, eta arretak «segurua, ekitatiboa eta bikaina» izan behar duela.

Laguntza ereduari buruzko printzipioak ere jasotzen ditu testuak. Haren arabera, kalitatezkoa izan behar du, ebidentzia zientifikoan egon behar du oinarrituta, arreta integrala izan behar da, eta baita irisgarria eta espezializatua ere. Jasangarritasunari ere garrantzia eman diote: «Hori da printzipio gidari eta helburu nagusia, eta bide horretan aurrera egin behar da herritarren benetako premietan oinarritzen den eta osasunean ahalik eta emaitzarik onenak lortzera bideratzen den plangintza estrategikoaren bidez».

Aldaketen ebaluazioa, eta kultura eta lidergo eraldatzailea ere hizpidera ekarri ditu dokumentuak, argudiatuta horiek bermatuko dutela osasun sistema publikoa berritzailea eta jasangarria izatea.

Soa urtarrilean

«Printzipioak gure errealitatearekin —euskal gizartearekin eta euskal osasun sistemarekin— lotuago daude, eta haiek gidatuko dituzte eraldaketa, aldaketak eta urtarriletik aurrera eztabaidatuko ditugun estrategiak», azaldu du Osasun sailburuak gaur. Izan ere, urtarrilaren 29ko bileran ekingo diote hirugarren faseari. Osasun Sailak sei alor bereizi ditu estrategiak lantzeko: osasuna eta herritarren eskariak, kalitatea eta segurtasuna, profesionalak, informazioa, osasun sektorea hazkunde ekonomikoaren motor gisa aztertzea eta osasun azpiegituren modernizazioa.

Hori bai, lehenago bigarren fasea itxi beharko dute. Martinezek «borondatea, konpromisoa eta jarrera» eskertu dizkie eragileei. Osasun alorreko eragile denak ez dira Euskalduna jauregi barruan egon, ordea. Kanpoaldean OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak koordinakundeko kideak egon dira, protesta egiten. «Ez gintuzten osasun itun honetan parte hartzera gonbidatu, eta uste dugu beharrezkoa dela herritarrek hor parte hartzea osasun proiektu on bat ateratzeko», nabarmendu du Larrabetzuko (Bizkaia) LOPAko kide Jose Antonio Lekuek, koordinakundearen izenean.

Gogorarazi du itunaren koordinatzailearekin, Javier Meanarekin, bilera bat egin zutela, baina, gaitzetsi duenez, ezin izan zuten erabakirik hartu, eta «oso azalekoa» izan zen. «Esan genuen baldintza horietan ez duela merezi hor jarraitzeak».

Hiru aldarrikapen nagusi dituzte plataformek, Lekuek azaldu duenez: «Pribatizazioari buelta eman beharko litzaioke, lehen arretari garrantzi handiagoa eman, eta planteamendu ospitalezentristatik irten eta osasuna modu integralagoan eta osoagoan planteatu beharko litzateke, herritarren parte hartzea hor egonda».

«Enpresa irizpideak»

Mahaiaren parte izan diren eragile batzuk ere mintzatu dira ituna adosteko prozesuaz. Sumar, adibidez, kritiko azaldu da Meanak proposatutako agiriarekin: «Testuaren ikuspegiak ez du osasun publikoak herritarren eskubide gisa duen izaera islatzen, eta badirudi Osakidetza enpresa irizpideen arabera tratatzen duela, herritarren eskubideak lehenetsi beharrean.

EH Bilduk, bere aldetik, atzo jakinarazi zuen bigarren faseari egin dion ekarpena. Koalizio abertzalearen arabera, OME Osasunaren Mundu Erakundeak landutako One Health estrategiarekin bat egin behar du Osakidetzak. Pertsonen, animalien eta planetaren osasunak elkar eragiten dute eta elkarren menpekoak dira, estrategia horren arabera.

Herritarrentzat eta gizartearentzat osasuna sortzea, zaintzea eta sustatzea izan behar da Osasun Sailaren eginkizuna, EH Bilduren ustez. Herritarra «erdigunean» izan behar duela nabarmendu dute, hau da, pertsona bakoitzaren zaintza beharrak planifikatu eta bermatu behar direla.

Meanaren dokumentuak barneratu ditu EH Bilduk proposatutako zenbait ideia, baina beste batzuk ez. Esaterako, koalizio abertzalearen ustez, autonomia izan beharko litzateke Osakidetzaren balio bat, herritarrek beren osasunaren inguruan informazio guztia edukita erabaki ahal dezaten.

Gaur, gainera, beste eskari bat egin du koalizioak: Bidasoko ospitalea (Hondarribia, Gipuzkoa) mugaz gaindiko ospitale bilaka dadila. Ospitaleak norabide hori hartzeko dauden aukeren inguruko txosten bat egiteko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari bihar, Eusko Legebiltzarrean, legez besteko proposamen baten bidez. «Momentu aproposa da mugaz gaindiko ospitalearen ideia aztertzeko, eta, finean, Bortzirietako eta Ipar Euskal Herriko biztanleak ere normaltasunez artatzeko», esan du Rebeka Ubera legebiltzarkideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.