Sabino Aranak 150 urte. Pentsamendua

UNEAN UNEKO ARANA

150 urte dira Sabino Arana Goiri jaio zela, Abandon, eta oraindik ere zeresana ematen du haren pentsamenduak. EAJren sortzaile izateaz gain, euskal abertzaletasunaren burutzat hartzen dute askok. Adituak bat datoz: XIX. mende bukaeran zegoen giro politikoaz baliatu, eta bide berri bat ireki zien euskal lurraldeei.

Sabino Arana, Larrinagako espetxean sartu zutenean. BERRIA.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2015eko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Alde bateko zein bestekoentzat da sinbolo Sabino Policarpo Arana Goiri (Abando, 1865-Sukarrieta, 1903): euskal nazioaren kontzientzia lozorrotik esnarazi zuen pertsona batzuentzat; gaizkiaren ardatz nagusi besteentzat: integrista eta arrazista sutsua. «Aranak ez zuen ezer asmatu, baina oso ondo probestu zuen testuinguru politikoa. Modernoa izan zen, eta etorkizunari begira bide bat eman zion herriari». Hala azaldu du Emilio Majuelo UPNAko irakasleak. Gauza bera azpimarratu du Mikel Aizpuru EHUko irakasleak ere: «Gauza gutxi asmatu zituen. Orduko gizartean zeuden elementuak hartu, batu, eta era koherente batean azaldu zituen. Horrek lortzen du gizarte talde bat erakartzea, eta bestea, aldiz, beldurtzea». 150 urte dira jaio zela, eta oraindik ere zeresana ematen du haren pentsamenduak. Hamar urteko ibilbide politikoa izan zuen arren, nabariak dira oraindik haren oinatzen arrastoak.

Abando udalerrian jaio zen Arana, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozialetan murgilduta zegoen herri batean. Baina ezin da jeltzalea testuinguru bakartu batean kokatu. Aldaketa garaia zen Europan, eta aldaketa horien arrastoak igar daitezke jeltzalearen pentsamenduan. Inperioen aroan jaio zen Arana. Hala izendatu zuen Eric Hobsbawm historialari britainiarrak 1875-1914 urteen bitarteko aldia. Industrializazioaren eraginez, merkatu eta industria hornitzeko lehengaien bila zabalpenera jo zuten Europako estatuek, eta Afrika eta Ozeania izan ziren inperialismo berri horren jomuga. Eta mugimendu horrek izan zuen babes ideologikorik ere. 1859an Charles Darwin britainiarrak argitaratutako eboluzioaren teoriak eragina izan zuen gizartean ondorengo hamarkadetan: hala arrazoitzen zen gizatalde edo zibilizazioen artean indartsuak ahula menperatzea. Eta menperatze horretan oinarrituta heldu zen belle époque izenez ezaguna den oparotasun aldia. Gizarte mugimendu hiritarrak ere garatu ziren, eta gorantz egin zuten nazionalismoek. Eta hortxe Aranaren jaiotza. Makroan.

Mikroan ere aldaketak. Espainia berrezartze garai betean zegoen, eta hirugarren gerra karlistaren ondoren (1872-76), foruak galdu zituzten euskal lurraldeek. Atsekabea sortu zuen horrek, eta foruen aldeko diskurtsoa nagusitu zen euskal lurraldeetan. Eta foruen aldeko sentimendu horren seme ere bada Arana. Eta seme izate horrek bihurtu zuen aita, Majueloren hitzetan: «Iritzi publikoan herri baten izaera defenditzearen itxaropena zabaldu zuen».

Nagusiki komunikatzailea izan zen Arana, Joseba Agirreazkuenaga historialariaren arabera. Doktrina politiko zurrun bat sortzetik urrun, unean uneko testuinguruaren araberako irakurketak egin zituen. Eta hala jaso da haren legatua: aldizkari eta egunkarietan idatzitako 900 artikulu baino gehiago. «Kazetaria izan zen, eta kazetari moduan idazten zuen. Unean uneko egoeraren arabera aldatu zituen bere ideiak ere». Hala nabari da idatzitako lehen izkribuetan. Jaioterrian ikusitako aldaketen aurrean, ardura azaldu zuen Bizkaia bere independentziaren alde liburuxkan argitaratutako lau istorioekin. Bertan bildutako ideiak aurkeztera joan zen Euskal-Erria elkarte foruzaleko hainbat kiderengana 1893an Begoñako Larrazabalgo txakolindegian egindako solasaldian. Eta data hori hartzen da haren ibilbide politikoaren abiapuntu gisa. 28 urte zituen Aranak orduan. Eta hor haren zero urtea.

Jeltzalearen ideiek ez zuten berehalako arrakastarik izan, baina horiek zabaltzen jarraitu zuen, hala ere. Helburu horrekin sortu zuen Bizkaitarra aldizkaria. Elkartea etorri zen ondoren: Euskeldun Batzokija. Eta bertara igo zuen Luis anaiarekin sortutako ikurrina. 1895ean egin zuen hurrengo urratsa: Eusko Alderdi Jeltzalea alderdi politikoa eratu zuen. 1898an lurraldeko aldundiak aukeratzeko hauteskundeetara aurkeztea erabaki zuen, estreinakoz. Baita hurrengo urteko udal hauteskundeetara ere. Eta mugarria da gertakari hori.

«Bereiz daitezke alderdia sortu aurreko Arana, erakunde itxia zuenekoa eta hauteskundeetara aurkeztu zenekoa», azaldu du Agirreazkuenagak. Indar bilketarako diskurtso malguagoa izan zuen azken urteetan jeltzaleak. Eta hedatuz joan zen abertzaletasuna. Baina jazarpena ere ekarriko zuen horrek. 1902an Kubako independentziagatik zoriontzeko AEBetako Roosevelt presidenteari telegrama bat bidali nahi izateagatik espetxeratu zuten Larrinagako espetxean. Addisonen gaixotasunaren ondorioz hil zen, 38 urte zituela.

BIZKAITIK EUZKADIRA

«Gaur: Bizkaia espainiako probintzia da. — Bihar: ? XIX. mendeko bizkaitarrek dute hitza, patua euren jokaeraren araberakoa izango baita» (Bizkaia bere independentziaren alde, 1892)

Datu demografikoek ematen dute Bilbok jasan zuen aldaketaren berri: 1857an 17.649 biztanle zituen Bizkaiko hiriburuak, eta, 1900ean, 83.306. Galtzeko arriskuan zegoen Bizkaia Aranaren iritziz, eta lurraldearen salbazioa bizkaitarren beren esku zegoen: lurraldean jaio eta bizi zirenen esku, alegia. Burgesia eta langileak egiten zituen hark horren erantzule. Aizpuruk egin du zergatien azalpena: «Enpresariek industrializazioa ekarri zutelako, eta langileek, aldiz, ohitura eta pentsamendu txarrak». Eta deskribatzen du Aranaren diskurtsoaren paradoxa: «Hiriaren aurka hitz egiten du, baina hirian eta hiritarrei idazten die».

Bizkaitik abiatu zen Arana. Baina herrialde guztietan sortu nahi zituen mugimendu nazionalistak, independentzia lor zezaten. Hala jaso zuen bere asmoa Euskeldun Batzokijaren araudian: «Bizkaia, arrazaz, hizkuntzaz, fedez, izaeraz eta ohiturez, Araba, Nafarroa Beherea, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoarekiko anai denez gero, sei herrialde hauekin Euskelerria (Euskeria) deitu ohi den osotasuna gauzatzeko lotu edo konfederatuko da». Baina ez zitzaizkion Euskeria eta Euskal Erria hitzak gustatzen Aranari, karlistek erabiltzen zituztelako. Eta ezberdintasuna adierazteko asmoz sortu zuen Euzkadi hitza. Aizpuru: «Beretzat, Euskal Erria hitzak ez du kutsu politikorik». Eta Euzkadi hitzak, aldiz, euskal arrazari egiten zion erreferentzia. «Hizkuntza politiko berri bat sortu zuen Aranak bere mezua zabaltzeko».

JAUN-GOIKOA

«Katolikotasuna aldarrikatzen dut nire aberriarentzat [...] eta nire herria erresistituko balitz, uko egingo nioke nire arrazari: Jaungoikorik gabe, ez dugu ezer nahi» (Engracio Arantzadiri bidalitako gutuna, 1897)

Jaun-Goikoa eta Lagi-Zarra (JEL). Horiek dira Aranaren pentsamenduan indar gehien duten kontzeptuak. Eta zurrun mantendu zituen biak bere ibilbide politikoan. Garrantzia zuten hitz biek, eta garrantzia zuen ordenak ere, Bizkaiaren deskristautzearekin arduratuta baitzegoen Arana, Aizpururen arabera. «Horri aurre egiteko modu bakarra Bizkaia aurreko egoerara itzultzea zen». Bere proiektu politikoa katolikotasunetik abiatu zuen, eta abertzaletasunaren diskurtsoa bigundu arren, fede katolikoaren zerbitzura mantenduko zuen beti, Aizpururen arabera: «Lehenik eta behin, kristaua zen, eta hori ez zuen sekula zalantzan jarriko».

LAGI-ZARRA

«Lagi-zarrak legea eta independentzia esan nahi du, biak baitira elementu edo ezaugarri politikoak» (Bizkaitarra, 1895)

Lagi-Zarrak eta foruak bereizi zituen Aranak. Foruak Espainiaren barruan garatutako antolaketa juridiko gisa ulertzen zituen. Eta hori menpekotasunaren seinalea zen. Horregatik, foruak aldarrikatu ordez, antzinako euskal lurraldeetako bizimoldearen aldarrikapena egin zuen. Aizpuruak eman du azalpena: «1839an foru sistema Espainiako konstituzioan sartu arte, Aranak uste zuen euskal lurraldeek ez zutela izan Espainiarekin zerikusirik».

EUSKAL ARRAZA

«Nazio, jende edo herriaren berdina da arraza; familia handi bat izendatzen du, eta objektu naturala adierazten du, gizonen borondatearekin loturarik izan gabe existitzen da» (Euskaldun batzokija, 1895eko estatutuak)

Arrazistatzat hartzen da Arana, baina ez zen arrazakeria biologikoan oinarritu Aranaren nazionalismoa, Iker Iraola EHUko irakaslearen arabera. «Deituretan zehazten zuten euskaltasuna, ezaugarri fisikoak edo biologikoak azpimarratu gabe». XX. mendeko mendebaldeko pentsamenduan hedatua zegoen arrazismoaren kontzeptua. Baina ez zuen gaur egun duen esanahi bera: «Etniarekin lotzen zen arraza». Iraolaren arabera, bere helburua lortzeko funtzionalak zirelako erabili zituen jeltzaleak Europan nagusi ziren teoria arrazistak. «Aranaren berezitasuna, orduko egileen artean, ez zen arraza argudio politiko gisa erabiltzea, baizik eta arraza nagusitasuna periferiako herri bati egoztea, estatuaren jabe den herri baten aurka egiteko».

Arrazaren argudioa beste herri batzuk menperatzeko eta kolonialismoa arrazoitzeko erabiltzen zuten Europan. Horren aurka azaldu zen Arana. 1900. urtean idatzitako Hegoafrikako gerrari buruz artikuluan. «Arraza zuria da munduko bandalikoena». Espainolen aurkako arrazismoa da Aranarena, Aizpururen arabera. Eta azaldu du Espainiak ere tradizio bera izan duela historikoki. «Jeltzalea kritikatzen dutenek ahaztu egiten dute Gaztela izan zela Erdi Arotik odol garbitasuna bilatu zuena».

ANTIESPAINOLISMOA

«Maketoak: Horra hor etsaia!» (Bizkaitarra, 1893)

Xenofobia nabarmena da Aranaren artikuluetan, Agirreazkuenagaren arabera. «Bilbon erabat hedatua zegoen xenofobia. Kanpokoarekiko edo kanpotik etorrita- koaren mespretxuarekin diferentzia sortu nahi zuen Aranak». Espainiatik, Maketaniatik, etorritako langile etorkinak maketo deitu zituen, eta mota guztietako ezaugarri negatiboekin josi zituen bere testuetan. Nagia, zikina, motela... Argitu nahi izan du hitzaren jatorria Aizpuruk: «Maketo hitza Santanderren asmatu zen, Reinosatik zetozenei erreferentzia egiteko. Bilbon erabili zen gero, industrializazioaren ondorioz etorri ziren langile etorkinen aurka». Kanpotarren kontrako sentimendua elementu politiko bihurtu zuen Aranak. «Ohiturak, sinismenak aldatzen ari zitzaizkiela uste zuen. Horregatik esaten zuen: 'Gu gara gauza onak; eta kanpotarrak, aldiz, kaltearen ispilua dira'». Apaldu egin zuen mezu hori, ordea, denborarekin. Izan ere, erreakzio pentsaera bat zen nagusiki Aranarena. Konstantea izan zen moldatzeko joera hori hamar urteko ibilbide politikoan. Orain 150 urte jaiotako Arana bakarraren atzean unean uneko hamaika Arana daudelako. Eta oraindik ere bizirik igar daitezke duela 112 urte Sukarrietan (Bizkaia) hildako Arana haietariko batzuen arrastoak egungo abertzaletasunaren jatorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.