«Une erabakigarria»

Harremanetarako Nazioarteko Taldea bake prozesuaren egoeraren azterketa egiten ari da.Txosten baten berri emango du, aholkuekin

Erredakzioa
2015eko irailaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Herriko bake prozesua «une erabakigarrian» dela uste du HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeak. Brian Currin eta Alberto Spektorowski HNTko kideak ondorio horretara iritsi dira asteon Euskal Herria bisitatu ondoren. Hainbat eragile politikorekin eta giza eskubideen aldeko erakunderekin batzartu dira egunotan, eta hartu-emanak «interesgarriak» eta «eraikitzaileak» izan direla adierazi dute.

Eusko Jaurlaritzarekin, EAJrekin eta Sorturekin egin dituzte bilerak Hegoaldean, eta giza eskubideen aldeko elkarteekin batzartu dira Iparraldean. Eragile haiek denek bake prozesuaren egungo egoeraz egindako azterketak, mahai gainean jarritako proposamenak eta agertutako kezkak «adi» entzun dituzte Currinek eta Spektorowskik, eta bien ondorioa da bake prozesua une garrantzitsuan dagoela.

Egoeraren azterketa eta diagnostikoa egiten ari da orain HNT, eta baketzerako eta bizikidetzarako bidean aurrera egite aldera proposamenak eta aholkuak txosten batean jasotzeko asmoa du. Datozen asteetan emango dute haren berri.

Asteartean Baigorrin (Nafarroa Beherea) izandako operazioaren ostean egin dituzte bilerak; «kezkatuta» agertu ziren, eta zioten atxiloketak «oztopo bat» direla.

Fiskalak, kartzela eskaera

Iratxe Sorzabal, David Pla, Ramon Sagarzazu eta Pantxoa Flores lau atxilotuak atzo eraman zituzten Parisko epailearen aurrera, eta fiskalak denentzat kartzela eskatu du. ETAko buruzagi izatea egotzi die Sorzabali eta Plari, eta Sagarzazuri eta Floresi, «asmo terroristak» dituen taldeko kide izatea. Edizio hau ixterakoan erabakia jakinarazteke zen epailea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.