Unai Lopez de Okariz euskal presoa aske geratu da baldintzapean, Etxerat elkarteak BERRIAri azaldu dionez. Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren aldeko ebazpena jaso ostean egin du. 2022ko uztailean eman zioten hirugarren gradua, eta 2023ko abendutik etxean ari zen zigorra betetzen, baliabide telematikoekin.
Lopez de Okarizek 23 urte egin ditu espetxean. 2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, ETAko kide izatea egotzita. Gerora, Auzitegi Nazionalak 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion. Espetxealdiaren zatirik handiena Granadan egin zuen preso (Euskal Herritik 815 kilometrora), eta, han zela, haren lagunek auto istripu bat izan zuten, espetxetik Euskal Herrirako bidea egiten ari zirela.
2019an, Lopez de Okariz Darocara (280 kilometrora) hurbildu zuten, urte hartan igaro zen lehen gradutik bigarrenera ere. 2021eko urtarrilean, berriz, Euskal Herriratu egin zuten, Zaballara (Araba) lekualdatuta. Gasteizko presoari 2022an onartu zioten hirugarren gradua, eta, fiskaltzak haren kontra egin zuen arren, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ontzat jo zuen gradu progresioa.