Unai Hualde da Foru Hobekuntzaren lantaldeko burua

Astelehenean aztertuko dituzte epeak eta nola banatuko duen lana batzordeak.

Foru Hobekuntza
Foru Erregimeneko batzordean bozkatu zen atzo lantaldea sortzea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2023ko azaroaren 19a
19:39
Entzun

Abian da Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea, eta Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualde izango da haren burua. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak proposatu dute. Saioan, lanerako plan bat aurkeztu dute, eta UPNk denbora eskatu du hura aztertzeko. Horregatik, lantaldea etetea erabaki dute, eta astelehenean zehaztuko dituzte haren funtzionamendu arauak. Lantaldea itxia izango da.

Proposamenaren arabera, lehenik dokumentazio fase bat egongo da, eta Foru Hobekuntzaren egoera eta erreforma aztertuko dituzte. Ondoren, agerraldiak egingo dituzte adituekin. «Planteatuko dugu agerraldi horiek publikoak izatea, eta baten batek ateak itxirik egitea nahiko balu, hala izango lirateke», azaldu du Arantxa Izurdiaga EH Bilduko ordezkariak.

Azken fasean, Foru Hobekuntza atalka eztabaidatuko dute taldeek. Amaieran, txosten bat aurkeztuko da. Proposatu dute agiri hori lantaldean bozkatzeaz gain osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatzea.

UPN eta PP kexu agertu dira batzordeburua alderdi abertzale bateko ordezkaria delako. «Ez dugu gustuko Foru Hobekuntzaren aldaketa presidente abertzale batek zuzentzea. Nahiago genuke beste lehendakari bat bagenu: Ramon Alzorriz, edo ni neu», esan du Marta Alvarezek.

Unai Hualdek erantzun die parlamentari guztiek dutela jite ideologikoa: «Parlamentuko gehiengoak erabaki du parlamentuko lehendakaria jartzea lantaldeko buru, Nafarroako lege instituzional nagusia delako».

Lantaldeari begira, «autogobernua XXI. mendera eguneratzea» izango da erronka. Haren ustez, aldaketaren sakontasuna ikusiko da taldeek proposamenak egiten dituztenean.

Talde bakoitzetik zer parlamentari arituko diren ere jakinarazi dute: UPNko Marta Alvarez, PSNko Ramon Alzorriz, EH Bilduko Arantxa Izurdiaga, Geroa Baiko Pablo Azkona, PPko Javier Garcia, Zurekin Nafarroako Miguel Garrido, eta Voxeko Emilio Jimenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.