Caracaserako itsasontzia 1947. urtean hartu zuen Martin Ugaldek, amarekin; 36ko gerrak zatitu egin zien familia, eta han berriz osatzea zen asmoa: aitarekin eta anaiarekin bat egitea. Gizon gaztea zen orduan: 25 urte zituen. Bi hamarkada pasatxo egin zituen Venezuelan, eta pertsona —eta profesional— gisara umotzeko ezinbestekoak izan ziren. Fruituz beteak. Ainara Ugalde alabak kontatzen du ez zuela aita sekula «denbora galtzen» ikusi, eta, urte haietako martxari begira, badira horretarako frogak. Aurrena: arlo profesionalean. Kazetaritzan Euskal Herrian egina zuen bidea oso-oso oinarrizkoa eta apala bazen ere, ikasketa maila apartekorik ez izan arren, loratu egin zen Venezuelan Ugalde idazlea: kazetaritzan, eta literaturan. Euskal Herrira begira ere jarraitu zuen, konprometitua. EAJn afiliatu zen, Eusko Gaztedi sustatu zuen, eta ardurak izan zituen alderdian eta Caracasko Euskal Etxean. Bizitza pertsonalean ere, funtsezkoa izan zen aroa: 1955ean Ana Mari Martinez Urreiztietarekin ezkondu zen, eta familia sortu zuten. 1969an itzuli zen Euskal Herrira; horiek guztiak eginda. Hala ere, exilio hura gerraren eta errepresioaren ondorio izan zela ezin dela ahantzi uste du Martin Ugalderen gaineko ikertzaile Larraitz Ariznabarretak: «Familiarekin bat egitera joan zen; ez zen izan hautu bat».
Hasierak xumeak izan ziren; 1947an burdinkiak eta gailu elektrikoak saltzen jarri zen Martin Ugalde, herriz herri. Horregatik, gazte haren ibilbidea ondorengo urteetan kazetaritzan zein sendoa izan zen ikustea zinetan deigarria dela onartu du Nerea Azurmendi kazetariak. «Oso-oso. Izugarri bitxia da. Bitxia da, eta nik uste dut gehiago aztertu beharko litzatekeela», azaldu du: «Orain Jakin-en bidez haren lan guztiak eskura izango ditugun honetan, hasi beharko genuke aztertzen nola egin zituen lehendabiziko urratsak Venezuelan; datak ondo aztertu, zer progresio izan zuen, norekin... Mapa hori finkatzea ezinbestekoa da». Baina ukaezina da lorpena, bere miresgarrian: «Ikasketarik gabe, prestakuntzarik gabe, eta bere mugen oso jakitun izanda ere, uste dut bere talentua gainditu zela hor; talentua, eta egokitzeko gaitasuna».
Kazetaria baino gehiago
Badira mugarri garrantzitsuak. 1949an Élite aldizkarian hasi zen Martin Ugalde, freelance gisara, astean bi erreportaje egiten. Aurki hasi zen goraldia: 1950ean, astekariko erredakzioburua zen. Eta kazetari gazteak bere burua prestatzeko «plan bat» zuela argi du Nerea Azurmendik, ordurako hasiak zituen irakurketa «sistematikoetan» oinarritua, eta harago egiteko gogoan errotuta beti: «Han zegoela, baimen bat lortu zuen eta Ameriketako Estatu Batuetara joan zen ingelesa ikastera». Michigango Unibertsitatean egin zuen urte erdi. New Yorkera joan zen gero handik, literatura ikastaro bat hartzera, eta kazetaritza lanak idazten zituen handik ere Élite aldizkarirako. «Ikasteko bigarren aukera heldu zen gero, Creole Petroleumen moduko enpresa baten aterkipean». 1954. urtean hartu zuen petrolio konpainia horren ardurapeko Nosotros aldizkariaren zuzendaritza.
1960an, Northwesterneko Unibertsitatean (AEB) kazetaritza master bat egin zuen bi urtez, beka batekin, eta ikasketak bukatuta itzuli zen Creole Petroleumera, argitalpenen departamentuko buru; Nosotros barne aldizkari industrialaren zuzendaritza ez ezik, bere gain hartu zuen El Farol aldizkariarena ere: 40.000 ale argitaratzen zituzten. 1967an, irakasle ere jardun zuen Caracasen, Andres Bello Unibertsitatean: Iritzi Publikoa eta Masa Komunikazioa irakatsi zituen. Bidean, sarien aitortza ere jaso zuen, oparo; hainbat kazetaritza eta literatura lan saritu zizkioten urte horietan.
Azurmendik adierazi du kazetari soslai «oso konpletoa» lortu zuela garai hartan. Petrolioaren ustiaketari lotutako loraldi ekonomiko betean, enpresa boteretsu baten bihotzean jardun zuen, baliabideekin, ardura garrantzitsuekin, eta Euskal Herrian eta inguruetan gutxi landua zen arlo batean : «Komunikazio korporatiboan». Horiek horrela, eskarmentu horrekin guztiarekin, Martin Ugaldek urte horietan garatu zuen ikuskeraren sakontasuna eta berritasuna nabarmendu behar direla uste du Azurmendik. «Nik uste dut komunikazioaren bisioa zuela, ez bakarrik kazetaritzarena; komunikazio integrala esaten zaio orain». Haren biografiaren pasarte bat hartu du ikuskera horren adibide; 1950eko hamarraldiaren bukaeran, Jose Antonio Agirre lehendakariarentzat prentsaurreko bat antolatu zuen, Caracasen kazetariekin izan zuen topaketa bat. «Orduan ez zen oso jarduera ohikoa ikuspegi horretatik, definizio horrekin».
Lotuta dago bere konpromiso politikoarekin ere. Martin Ugaldek politikan egindako ekarpena aztertu du Anjeles Iztuetak, eta nabarmendu beharrekotzat dauka Caracasko aroa ere. «EAJren Hego Ameriketako arduraduna izan zen. Kargu handia zen, euskal komunitatea zabala baitzen». Han «nazionalitate bikoitza» zer zen ere ondo barneratu zuela uste du. 1951n hartu zuen Venezuelako nazionalitatea. «Eta berak esaten du Venezuela dela bere bigarren aberria; Venezuela nazioa bizi du, sentitzen du. Baina baita euskal nazioa ere. Berak esaten du: 'Nik bi nazio ditut, Venezuela eta Euskal Herria. Baina Euskal Herriarekiko dut konpromisoa: euskararekiko'». Benetakoa: euskaraz ere idazten zuen, eta lotura aski joria izan zuen Euskal Herriko eragile askorekin.
Erbestearen paradoxan
Erbestean umotutako proiektua izan zen; horren atzeko paradoxari erreparatu behar zaiola uste du Larraitz Ariznabarretak. «Exilioa gogorra izan zen harentzat», onartu du: «Baina badago paradoxa bat berak askotan aitortzen duena, eta hori da Venezuelak eman ziola askatasun bat bestela edukiko ez zukeena. Idazle bihurtzen utzi zion. Sena berekin zeraman, baina, Venezuelak eman zion askatasun hori gabe, agian ez zuen garatuko». Diktadura urteak izan ziren Venezuelan Marcos Perez Jimenez diktadoreak agindu zuen 1952-1958 aldian—, baina Euskal Herrian urte haietan ezinezkoa zen giro bat izan zuen.
Urte haietan aitaren dohainak loratu zirela uste du Ainara Ugaldek ere. «Ze indarra izan zuen egokitzeko. Hango bizimodura, hango jendearekin lan egitera... Eta berak bakarrik egin zuen hori». Eta kazetari begirada zoliarekin: «Interes zabala zeukan; oso gizon irekia zen». Immigranteei buruz egin zituen lanak usu nabarmendu dira. Venezuelako hizkerara hurbiltzeko egin zituen ahaleginak. Horien atzean Ugaldek aurrera egiteko zuen premia ere badagoela uste du Ariznabarretak; eta haren begiradaren «samurra», berezkoa. «Iristen da Venezuelara, eta begirada horretatik esaten du: hemengo egoera sozial honi erreparatuko diot», azaldu du. «Konpromiso sozial horrek badauka —eta komeni da esatea, bestela Ugalderen irudi txatxu bat ematen baita— praktikotik ere zerbait. Ugaldek ezagutu egin behar du Venezuela». Bete-betean, gainera. «Proiektu horrek begirada samurra duela, konpromiso sozialez betetakoa dela? Bai».
Caracasen elkar ezagutu zutenetik amak izandako itzalaren garrantzia nabarmendu behar dela uste du alabak. Irudi hunkigarriak badira familiaren sorreran: «Aitak, amarekin ezkontzeko, baldintza bat jarri zion: euskaraz ikasi behar zuen. Eta amak Caracasko kaleetan ikasi zuen euskara: 'Hau zuhaitz bat da'. Hitzez hitz». Eta abaro ezinbestekoa izan zen. «Beti eutsi zion aitak nahi zuen proiektuari». Baita 1960ko hamarraldiaren bukaeran ere, Euskal Herrirako itzulera prestatzean. Haurrak euskaldun hezteko konpromisoa nabarmendu zuen Ugaldek berak, motiboen artean. «Haurrak gero eta gehiago ari ziren hango egiten», azaldu zuen: «Galdezka hasi zitzaizkigun zer fantasma zen herri hori, mapan ere ez zuten ikusten eta».
Jarraitu irakurtzen: Inoiz guztiz joan ez zenaren itzulera [3. atala; Hondarribia, 1969—2004]
Kronologia
Venezuelan egin zituen urteak, hainbat mugarritan laburbilduta:
- 1947. Amarekin ailegatu zen Caracasera. 36ko gerrak banandu egin zituen gurasoak eta bi anaiak, eta han batu ziren berriro ere ugaldetarrak. 25 urte zituen. EAJn afiliatu zen iritsi eta berehala.
- 1948. EAJko Hego Ameriketako batzordeko lehendakaritza hartu zuen.
- 1949.Élite aldizkari grafikoan lanean hasi zen, freelance. Astean bi erreportaje egitea izan zuen lehendabiziko eginkizuna. Urtebeteren buruan, erredakzioburua zen.
- 1951. Venezuelako nazionalitatea hartu zuen.
- 1952. Ingelesa ikastera joan zen Ameriketako Estatu Batuetara. Ondoren, New Yorken, literatur ikastaroak hartu zituen. Handik ere lan egin zuen.
- 1954. Creole Petroleum petrolio konpainia handiko Nosotros aldizkariaren zuzendaritza hartu zuen.
- 1955. Ana Mari Martinez Urreiztietarekin ezkondu zen, Zurichen. Caracasen hasi zuten bikote bizitza.
- 1960. Kazetaritza masterra egin zuen bi urtez Ameriketako Estatu Batuetan.
- 1962. Creole Petroleum korporazioko argitalpenen buru izendatu zuten.
- 1969. Hamabost urtean Creole petrolio konpainian lan egin eta gero, Euskal Herrira itzuli zen. Familia ja bertan zuen.