Estatuaren indarkeriaren biktimak Gogora institutuko zuzendaritza kontseilutik kanpo geratu dira. Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Instituturako bost kide independente izendatu berri dituzte, eta hautagai bat bazterrean geratu da, EAJk eta PSEk euren botoak batuta: Pilar Garaialde. Bozketa horren ondorioz, Maria Jauregik Gogora-n jarraituko du. Garaialde eta Jauregi, biak elkartu ditu BERRIAk gertatukoaz solasteko eta Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Saila PSEren eskutik hartzen ari den norabidea aztertzeko.
«Pena handia eman dit gauzak nola joan diren», hasi da Jauregi, Gogora-ko zuzendaritza osatzeko bozketari helduz: «Sekulako aukera zegoen Gogora-n biktimak desberdinak ordezkatuak egoteko; alderdien liskarretatik kanpo adostu beharko lirateke horrelako erabakiak. Hiru ordezkaritatik bostera igarotzeak aukera ematen zuen biktima guztiak egoteko. Botere banaketa horretan sartu aurretik, proposamen guztiak mahai gainean jarri eta baloratu egin behar zen denak memoria inklusibo baten alde lan egitea; horretarako prest baleude, ez lukete arazorik izan beharko Pilar ere bertan egoteko».
Pilar (Garaialde) alboan da, eta hitza hartu du: «Nik ez dut penarik, beste sentipen bat baizik. Aho bete aritzen dira biktima guztiok dugula eskubidea, bazterketarik gabe eta salbuespenik gabe, jasotzeko aitortza, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak. Melgosa andereak [Eusko Jaurlaritzako aurreko Justizia eta Giza Eskubideen sailburua], estatuaren indarkeriaren biktimentzako aitortza ekitaldian, iaz, aditzera eman zuen guregana hurbiltzeko lana berandu hasi zutela, halako barkazio moduko bat helaraziz. Eta Gogora-ko zuzendaritzako berritzeko garaia iritsi denean, berriz...».
Garaialderentzat, «oso larria» da Gogora-ko zuzendaritzan estatuaren indarkeriaren biktimaren ordezkaririk ez egotea. «Ez dute nahi inondik inora estatuaren biktimen ordezkaririk egotea. Borondate kontua da». Kontseilu hori hiru lagunek osatu dute orain arte; aurrerantzean bost izango dira. «ETAren biktimek han ordezkariak izan behar dituztela ez dut nik zalantzan jartzen, baina gu ez egotea? Norbaitek izan behar badu giza eskubideen bermatzaile, estatuak izan behar du; beraz, sekulako larritasuna dauka estatuak terrorismoa aplikatzeak: ez dira izan guardia zibil eta polizia batzuen beroaldiak, sistema oso bat baizik, jazarpen estrategia batekin. Eta milaka eta milaka gara horren biktimak. Horiek Gogora-n ordezkaritzarik ez edukitzea umiliagarria da, eskandalu hutsa».
PSE-EE beste ildo bat ezartzen ari da memoriari dagokionez. Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eredua baliagarria al da memoria inklusiboa sustatzeko?
PILAR GARAIALDE: San Jose andereak [Justizia eta Giza Eskubideen sailburua] esan du ez dela onargarria biktimarioen argazkiak kalean egotea, eta ostiralean Guardia Zibilak erakustaldia egingo du Gasteizko plaza nagusian. Guardia Zibila biktimarioa dela oso garbi dago: torturak, bahiketak, erailketak.... Zer ez du egin? Eta agintariek aitortu egingo dute. Memorialari ere eman diote Gasteizko Urrezko Domina. Horrek guztiak ez dio laguntzen bizikidetzari, ez horixe. Atzera egin nahi dute, eta garai bateko errelato hura ekarri.
Zerk laguntzen dio bizikidetza demokratikoari?
GARAIALDE: Aitortza egiteak biktima guztiei. Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak emateak. Eta berme horien aurka doa sustatzen ari diren kontakizun zahar hori, eta beste hainbat gauza ere bai. Eta horrek guztiak mezu bat ematen die biktimario horiei: 'inpunitate osoa bermatuta daukazue, lasai egon zaitezkete'.
MARIA JAUREGI: Bizikidetzarako memoriaren lanketa oso delikatua da, eta sentipenak astintzen ditu; min handia dago oraindik, eta egia bada memoria inklusibo baten alde lan egin nahi dela, biktima guztiak hartu behar dira aintzat. ETAren biktimak aitortu dituzte, baina estatuarenak ez oraindik, eta hori da eman behar den lehen pausoa, orain aurrerapauso handi bat litzatekeelako. Aitortza bakarrik ez, justizia ere ez dute izan estatuaren biktimek; segurtasun indarren biktimarioek ez dute zigorrik bete, eta, gainera, saritu egin dituzte: hori baino inpunitate handiagorik...
GARAIALDE: Estatuak esan beharko du, ba, zenbateko mina eragin duen; hartu beharko du, ba, bere gain egindakoa.
«Guardia Zibila biktimarioa da: torturak, bahiketak, erailketak.... zer ez du egin? Eta agintariek aitortu egingo dute Gasteizen, larunbatean»
PILAR GARAIALDEEstatuaren indarkeriaren biktima
PSEko buru Eneko Anduezak esan du arreta biktimarioetan jarri beharko dela aurrerantzean.
GARAIALDE: Biktimarioetan? Desenfokatua dago hori. Zer biktimariotan jarri nahi du? Zeren eta urriaren 12an biktimarioak aitortuko dituzte Gasteizen.
JAUREGI: Berriro diot: ez da gai erraza hau. Baina, azkenean, memoria inklusiboa landu behar dugu, jakinda horren oinarrian giza eskubideen defentsa dagoela eta denok jasan ditugula giza eskubideen urraketak. Hori guztia ez bada lantzen gizatasunez, liskar politikoetatik eta hedabideetatik kanpo, ez da aurreratzerik izango. Honek guztiak mimoa behar du.
Terrorismoaren biktimen nazioarteko konferentzia egin dute asteon, Gasteizen. Gogoratu al dira zuekin?
GARAIALDE: Guri ez digute deitu.
JAUREGI: Niri ere ez.
GARAIALDE: Zu ez, baina seguru aski ETAren biktimak egon dira, eta estatuarenak, aldiz, ez.
JAUREGI: Egongo ziren, seguru.
GARAIALDE: Hor ere ez dago orekarik, bazterketa baizik.
JAUREGI: «Terrorismoaren biktimak» esaten dute, baina estatuaren terrorismoaren biktimak ere hor daude.
Pilar, zu ere terrorismoaren biktima zara.
GARAIALDE: Espainiako Barne Ministerioko txostenak «Triple A talde terroristarekin» lotzen du gure aitaren erailketa. Gerora, diskurtso hori aldatu egin dute, eta orain «motibazio politikoko indarkeriaren biktimak» esaten digute. Baina estatu terrorismoaren biktimak gara. Hitz guztiekin. Kito.
Biktimen artean dagoen asimetriaz ari zarete. Lehen, bigarren eta hirugarren mailako biktimak dauden bitartean, posible da bidezko bizikidetza bat?
GARAIALDE: Asimetriaren adibide asko daude. Adibidez: sekretu ofizialen legea. 1968ko legea da, baliogabetu ez duten lege frankista. Zer ez du gordetzen horrek? Baina ez bakarrik norbanakoen giza eskubideen urraketak. Otsailaren 23a, ZEN plana, trantsizioko gertaerak, Navajas txostena... Zer ez dago hor? Begira, Jaurlaritzak 450 biktima aitortu ditu ofizialki 12/2016 legearen bidez, eta horiek denek gertatu zitzaienaren beste bertsio ofizial bat zuten. 60 hildako daude talde horretan. Hori dena ezkutatu nahi dute.
JAUREGI: Esan dugu biktima guztiok daukagula aitortzarako eskubidea, justiziarakoa, eta baita egia jakitekoa ere. Egia jakitea da biktima askok dugun baliabide handi bat.
GARAIALDE: Eta desoreka erabatekoa da erreparazioa lortu dutenen artean ere. ETAren biktimak aitortu dituzte DSBE izateko, eta estatuarenak ez. Horraino iristen da asimetria. Oinarri-oinarrizkoa da bazterketa hori bukatzea.
«Segurtasun indarretako biktimarioek ez dute zigorrik bete, eta, gainera, saritu egin dituzte: hori baino inpunitate handiagorik...»
MARIA JAUREGIETAren biktima
Aitortza da gakoa biktimentzat, Garaialdek eta Jauregik esaten dutenez, abiapuntu horretatik erreparaziora eta ez errepikatzeko bermeetara iristeko. Erakundeen aitortza eskatzen dute estatuaren biktimek eta gizartearena ETArenek, zenbait kasutan. Jauregik ohartarazi du ETAren biktimen artean ere ez dela maila berekoa izan erakundeen arreta: «ETAren biktimen artean, giza eskubideen urraketak gertatu ziren garaien arabera, edo zein diren, ba, horren arabera, erakundeen aitortza ez da beti maila berekoa izan. Gizartearen aitortza, berriz, balio handikoa da. Herri askotan egin dira bizikidetza mahaiak, eta balio handikoa da herritar multzo bat elkartzea biktima desberdinen testigantzak entzuteko. Talde txikiak dira, tokikotasunetik eginak, baina aitortza egiteko balio izan dute herri askotan.
Garaialdek uste du biktimek ez dutela inoiz ere izango «gizarte osoaren» aitortza. «Batzuei mina eman die halakoak, edo halakotik gertuago daude. Beharbada ez dute asmo txarrik izango, baina hala da. Erakundeetan, berriz, badago borondate jakin bat, aitortzarik ez egiteko».
Tortura sarritan isilean igaro da. Milaka torturatu daude noiz aitortuko zain.
GARAIALDE: 8.000 torturatu inguru daude Euskal Herrian, eta isilean eraman dute askok, akabatuko zituzten beldurrez. Ni Guardia Zibilak torturatu ninduen, eta mehatxuekin beldurra sartzen dizute, hezurretaraino. Hala ere, jenio biziak gainditu ninduen, eta, Yeseriastik ateratzean, garbi esan nuen torturatu egin nindutela. Ondoren, ordea, egin zizkidaten mehatxuek beste modu batera eduki ninduten. Horregatik esaten dut gizarte osoaren aitortza ez dugula izango sekula.
JAUREGI: Bai, hala da; dena den, bizikidetza mahaiak balio handikoak dira osatzeko, humanoak dira oso.
Barkamena eskatzeak duen balioaz ere asko hitz egin da. Nola ikusten duzue?
GARAIALDE: Nik ez dut behar gure aita erail zuenaren barkamen eskaerarik. Behar dudana da estatuak aitortzea zer egin zuen. Nork erabaki zuen jakin nahi dugu. Eta berdin zait gure aita izan edo torturatu bat izan edo... Estatuak eragindako minaren erantzukizuna bere gain hartzea behar dugu.
JAUREGI: Bai, barkamena baino gehiago, egindakoaren ardura bere gain hartzea da kontua. Zauri asko zabalik daude oraindik, eta min guztiak hartu behar dira kontuan. ETAren biktimok esatea estatuarenak aintzat hartu behar direla, aitortu egin behar direla, horrek indar handia izan dezake, gizarteari eta politikariei mezu bat igortzen dielako. Ezin baita egon beti besteari eskatzen hau eta beste egiteko edo esateko; beren buruari begiratu ote diote beti eskatzen dabiltzanek? Estatu terrorismoaren ardura Alderdi Sozialistarena da, batez ere. Aukera bikaina du, Giza Eskubideen Saila kudeatzen ari denez, alderdi bezala urrats bat egiteko aitortza horretan.
PILAR GARAIALDE (Alegia, Gipuzkoa, 1957)
Estatu terrorismoaren biktima da. Haren aita Paulo Garaialde Triple A-k erahil zuen, 1982an. Garaialde taxista zen, eta urtarrilaren 1ean desagertu ondoren, haren gorpua bi tirorekin azaldu zen Berastegin (Gipuzkoa). Triple A-k bere gain hartu zuen hilketa, eta egun gutxira Tolosako epaitegiak kasua artxibatu zuen. Pilar Garaialde bera torturatu egin zuen Guardia Zibilak.
ETAren biktima da. Haren aita Juan Mari Jauregi 2000ko uztailaren 29an erahil zuen ETAk, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Gipuzkoako gobernadore zibil ohia zen Jauregi, eta Euskal Herritik kanpo bizi zen, mehatxaturik zegoelako. Oporraldi batean Tolosara etorri, eta Beotibarren zegoela tirokatu zuten. 49 urte zituen.Maria Jauregi (Donostia, 1980)