Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ospitale publikoetan ez zuten umerik lapurtu. Haur bat jaiotzean hasten ziren protokoloen arabera, «pentsaezintzat» jo dute aukera hori Arabako Unibertsitate Ospitaleko, Donostia Unibertsitate Ospitaleko eta Gurutzetako Ospitaleko jaioberrien unitateetako buruek. Umeen nortasunari lotutako irregulartasunen berri ez dutela izan gaineratu dute hiru erietxeetako arduradunek.
Duela berrogei bat urte ospitale publikoetan jaioberrien kasuetarako zituzten protokoloak azaldu zituzten atzo Eusko Legebiltzarrean, haur lapurtuen eta adopzio irregularren kasuak aztertzeko batzordean. Enrique Gonzalez Molina doktoreak, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateko buruak, jakinarazi zuen oraingo protokoloaren bertsua zela. «Ezberdintasun adierazgarriak daude garai bateko eta egungo irizpideen artean; baina, funtsean, gauza bera egiten da».
Ospitaleen artean ezberdintasunak egon arren, kasu guztietan hartzen zuten jaioberriaren oinaren arrasto bat, eta dokumentu hori amaren historia klinikoari eransten zioten. Horrez gain, eskumuturreko bat jartzen zieten amari eta jaioberriari. Urteen joanarekin beste neurri batzuk gehitu dira, baina garai bateko neurri horiek orain ere hartzen dira.
Garai aldaketa
Umea adopzioan eman nahi zuten emakumeei ematen zitzaien harrera ere errotik aldatu dela gogorarazi dute hiru arduradunek. Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadan, erditu ondoren amari ez zioten jaioberria ikusteko aukera ematen, «mina ez areagotzeko». Horrez gain, neurriak hartzen zituzten etorkizunean berriro elkartu ez zitezen. «Adopziorako ziren haurrak Iñaki Aranzazu edo Maria Aranzazu izendatzen zituzten, aldundiak haien ardura hartu aurretik», gogorarazi du Juncal Etxeberria Lekuonak, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitateko buruak.
Adolfo Vals i Soler Gurutzetako Jaioberrien Unitateko buruak azaldu du Gurutzetan prozedura ezberdina izan arren helburu bera zuela. Hasiera batean ama biologikoaren abizena eduki arren, umeak familia bat lortzen zuenean abizena aldatu eta beste txosten bat egiten zitzaion, beste zenbaki batekin. Ordea, adopzioen kasuan irregulartasunak egoteko aukeraz ohartarazi du, bakar baten berri izan ez duen arren. Dena den, adopzioen kasu guztietan aldundien oniritzia zutela gogorarazi du. Alegia, emakumeek ez zuten lekuan bertan erabakitzen haurra adoptatzeko ematea, aurretik baizik.
Bestetik, hil ziren jaioberrien senideei egonezina eragin dieten zenbait alor tekniko aipatu zituzten. Besteak beste, ez dute protokolo bera hilda jaiotzen den umekiarekin, bizirik jaio eta 24 ordu baino lehen hiltzen denarekin eta 24 orduren ostean hiltzen denarekin. Kasu bakoitzean profesional batek sinatzen zuen heriotza, obstetrikalariak edo neonatologoak, baina kasu guztietan nekropsia egiteko baimena eskatzen zitzaien.
Kasu guztietan jaioberria ez zieten erakusten; orduko irizpideen arabera, horrek min handiagoa eragiten zion familiari. «Garai bateko jokabide batzuk ezin dira egungo irizpide etikoen arabera epaitu; gaur egun gorpua ikus dezatela eskatzen diegu, eta amari eusten uzten zaio», gogorarazi du Valls i Soler doktoreak.
Historia klinikoen arazoa
Dokumentazio zerbitzuetan historia klinikoak helarazteko pausoak ematen ari diren arren, kasu batzuetan zaila dela gogorarazi dute. Ordea, hirurek gaineratu dute lankidetzarako borondatea dutela.
Muturreko egoera da Tolosako (Gipuzkoa) Asuncion klinikaren kasukoa. Egungo zuzendari Agustin Agirre Aranburuk jakinarazi du informazio «gutxi» dutela. 1970etik aurrera ebakuntza gelan sartu behar izan zituzten emakumeen erregistroa baino ez dute, eta 1982. urtetik aurrera anestesia behar izan zuten emakumeena. Ordea, zuzendariak jakinarazi du arazorik gabeko erditzea izan zuten emakumeen inolako erregistrorik ez dutela.
Umerik ez zuten lapurtu erietxe publikoetan, buruen arabera
Jaioberrien unitateetako protokoloetan oinarrituta, zerbitzu horietako buruek esan dute «pentsaezina» dela inor lapurtu izanaTolosako Asuncion klinikak ebakuntza gelako erregistroa baino ez du 1970etik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu