Umeen eskubideak lehentasun

Adituek uste dute gurasoren bat edo biak espetxean dituzten umeen arazoari heltzeko beharrezkoa dela ikuspuntua aldatzea, umeen beharrak beste edozein irizpideren gainetik jarriz.

Ezkerretik, Xabier Madariaga, Roberto Moreno eta Pilar Kaltzada, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Lazgarria da gurasoren bat edo biak kartzelan dituzten umeen egoera, eta are lazgarriagoa bizitzaren lehenengo hiru urteak espetxean igaro ostean amaren magala utzi behar dutenena. Hori da, esaterako, Bea Etxebarria eta Iñaki Zapirain euskal presoen alaba Iratiren kasua; martxoaren 8an hiru urte beteko ditu, eta gurasoengandik banatuko dute. Irati gurasoekin Euskal Herrira ekarri nahi duen plataformak mahai ingurua antolatu zuen atzo, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, eta han aritu ziren adituak bat etorri ziren: gakoa da umeen eskubideak aintzat hartzea beste edozein irizpideren gainetik, nazioarteko arauek agintzen duten moduan.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak antolatuta, eta Xabier Madariaga kazetariak gidatuta, lau hizlari aritu ziren berbetan:Pilar Kaltzada idazle, kazetari eta Save The Children patronatuko zuzendariordea; Roberto Moreno legelari eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoaren bulegoko Justizia eta Espetxeratuen arloko koordinatzailea; Javier Aranda Bartzelonako emakumezkoen espetxeko tratamenduko zuzendariordea; eta Nuria Pujol, Brians (Katalunia) espetxeko gizarte zerbitzuetako burua.

Kaltzadak argi utzi nahi izan zuen haurrek eskubideak dituztela: «Umeak ez dira nagusi bilakatutakoan eskubideak izango dituzten pertsonen proiektuak; orain ere eskubideak dituzte». Eta, gainera, Haurren Eskubideen Adierazpenak jasotzen duen moduan, eskubide horiek edo «haurren ongizate nagusia» gailendu behar da beste edozein irizpideren aurretik. «Zoritxarrez, badakigu asmo hori, herrialde guztiek onartzen duten arren, ezerezean gelditzen dela sarri», esan zuen Kaltzadak.

Bereziki zaindu beharreko eskubide horien artean badago familia giroan bizitzekoa, baldin eta hori umearentzat onuragarria dela ebazten bada. Gurasoren bat espetxean duten umeen kasuan, horrek esan nahi du espetxeratzea ez dakarten alternatibak jorratu behar direla. «Baina hori egiteko informazioa, baliabideak eta sentsibilizazioa falta dira», azaldu zuen Kaltzadak.

Zenbait aukera

Roberto Morenok laburbildu egin zuen zer aurreikusten duen Espainiako legediak auzi horri buruz eta zer tresna eskaintzen dituen Espainiako espetxe sistemak arazo horri aurre egiteko: alde batetik, espetxe barruko amatasun moduluak; modulu mistoak, hau da, aitari ere hilean behin familiako beste kideekin egoteko aukera ematen diotenak; hirugarren graduan dauden presoentzako pisuak; eta, azkenik, amentzako kanpoko unitateak, bigarren graduko presoei zuzenduak, normalean gizarteratze zentro bati lotuak eta presoa integratzen laguntzea helburu dutenak.

Arazoa da baliabide horietatik guztietatik bakar bat ere ez dagoela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan. Horregatik, Morenok uste du, espetxe sistemaren eskumenak Espainiako Estatutik hiru herrialdeetako instituzioetara igaro behar diren honetan, gai garrantzitsua izango dela azpiegiturena.

Edonola ere, Moreno baikor dago, etauste du eskumenen transferentzia horrek «aukera handiak» zabaltzen dituela: «Gizarte aurrerakoia da gurea; ez dugu delitu askorik, eta gizarteratzearen garrantzia barneraturik dugu. Badugu aukera espetxe sistema hobe bat eraikitzeko».

Kataluniako eredua

Aranda eta Pujol Kataluniatik aritu ziren, eta modu telematikoan eman zituzten azalpenak. Kataluniak aspalditik dauka espetxeen gaineko eskumena, eta horrek aukera eman die hango erakundeei sistema propio bat garatzeko. Horren nondik norakoak azaldu zituzten bi adituek.

Arandak esan zuenez, Bartzelonako espetxeko amatasun unitatean hamabi gela daude, eta orain lau emakume eta bost ume bizi dira han. Emakumeen «autogestioa» eta «parte hartzea» bultzatzen dute, eta, horretarako, bilerak egiten dituzte haiekin, eta kanpoko eragileen inplikazioa ere bilatzen dute. Bereziki, harreman handia dute auzoko haurtzaindegiarekin.

Pujolek, berriz, 2016tik garatzen ari diren «parte hartze eta bizikidetza eredua» azaldu zuen. Ekitaldi ugari egiten dituzte, barruan zein kanpoan, espetxean dauden preso gizonezkoen aitatasun «arduratsua» sustatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.