gizartea

Umeekin heriotzaz, natural

Dolua lantzen duen Bidegin elkarteko kideentzat oso garrantzitsua da haurrekin heriotzaz hitz egitea eta errealitatea ez ezkutatzea. Horren inguruko hitzaldi zikloa egin dute Donostian, esperientziak partekatzeko.

Hil den pertsonari agur esateko moduak landu daitezke haur eta gazteekin. GIPUZKOAKO HITZA
2013ko azaroaren 8a
09:16
Entzun

"Hil egin da, eta ez da gehiago itzuliko". Horrelaxe esan behar zaie haur eta gaztetxoei gertuko norbait hiltzen denean. Aiton-amonak, anai-arreba bat edo gurasoetako bat hiltzen denean, argi hitz egin behar da. Hori uste dute Bidegin elkartekoek.

Orain dela bi urte minbiziarekin hil zen Valero, Lutxi Anteroren bikotekidea. 12 eta 9 urteko seme-alabak aita gabe gelditu ziren, eta umeek heriotza nola bizi izan zuten eta ordutik egindako bidea kontatu du Anterok. Astearte iluntzean Bidegin elkartearen hitzaldi zikloan parte hartu zuen, Donostian. Hain zuzen, ume eta gaztetxoak doluan laguntzeko moduez aritu ziren hizlariak. Anterok bere esperientzia helarazi zien han bildutakoei. Emozioz beteta hasieran, lasaiago gero, bere seme-alabentzat garrantzitsuak izan ziren une eta jarrerak izan zituen hizpide. "12 urteko semearen gelakideak etorri ziren aitaren hiletara, eta handik irtendakoan denak gerturatu zitzaizkion besarkada bat ematera. Mural handi bat eman zioten, denek idatzi zuten zerbait bertan", gogoratu zuen hunkituta. "Horrek babes handia eman zion semeari". Alabaren kasuan alderantzizkoa gertatu zela azaldu zuen. "Nik abisatu nuen ikastetxean umeen aita hiltzear zegoela, baina alabaren gelakideak gaua pasatzera joan ziren eskolatik, eta handik bizpahiru egunera arte ez zituen ikusi, ikastetxean. Ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu zuten, eta alaba asko gogoratzen da horretaz. Anaiari babes hark zenbat mesede egin zion ikusi baitzuen".

Anteroren aurretik Mila Arcek eta Txema Ormazabalek hitz egin zuten hitzaldian. Donostia Ospitaleko haur psikiatriako erizaina da Arce, eta Peñaflorida institutuko irakaslea Ormazabal. Azken horrek umeen doluan ikastetxeek duten rola nabarmendu zuen. "Ikasleentzat erreferenteak gara, eta garrantzitsua da haurrek eta gazteek sentitzea ulertzen ditugula, eta gelan gauza horietaz hitz egitea, sentimenduak partekatzea", iritzi zion. Eta gaineratu zuen irakasleek "konpromiso eta gizarte ardura" dutela. Gurasoen eta irakasleen artean komunikazioa egotea ere beharrezkotzat jo zuen. "Gogoan dut ikasle baten aita hil, eta tutoreak handik denbora dezentera izan zuela horren berri. Horregatik, beharrezkoa da gurasoen eta irakasleen arteko koordinazioa. Bestela guk ezin dugu askorik egin", azaldu zuen.

Arcek, berriz, umeei eta gaztetxoei heriotzaz naturalki hitz egitearen beharra azpimarratu zuen. 37 urteko lan esperientzia du, eta askotan tokatu zaio eriekin eta haien familiekin gaia lantzea. "Umeekin heriotzaz hitz egiteari beldurra galdu behar zaio. Guk uste baino askoz lehenago ulertzen dute heriotza zer den". Gainera, gertuko pertsona bat hil aurretik hasi behar litzateke heriotzaz hitz egiten. "Mendian txori edo intsekturen bat hilda ikusitakoan aprobetxa dezakete gurasoek heriotzari buruz hitz egiteko umeekin, edo telebistan zerbait agertzen denean". Umeek beren jolasetan heriotza modu naturalean erabiltzen dutela gogorazi zuen: "Hiltzea hitza erraz erabiltzen dute jolasterakoan, txikienek batik bat".

Minean bakarrik ez uztea

Anterok sakon landu ahal izan zuen bikotekidearen heriotza hura hil aurretik. "Nik psikologikoki prestatu beharra nuen, gero neuk seme-alabak prestatzeko". Bidegineko Izaskun Andonegik eta zaintza aringarriko profesionalek lagundu zioten prozesua egiten. "Hil aurretik berari agur esateko aholkatu ziguten. Eta hala egin genuen. Bakoitzak sentitzen genuena esan genion; oso polita izan zen", azaldu zuen. Hil zenean, berehala kontatu zien gertatutakoa seme-alabei. Alaba negarrez hasi zitzaion, ama besarkatu zuen. Semeak, berriz, "oso gaizki" erreakzionatu zuen hasieran. "Umeek modu askotara erreakziona dezakete. Inportanteena egia esatea eta beraien ondoan egotea da", azaldu zuen Arcek.

"Hasieran oso gogorra izan zen. Haiek ondo ikusteak indarra ematen zidan, baina gaizki zeudenean oso gogorra zen, asko kostatzen zitzaidan ondo egotea", gogoratu zuen Anterok. Seme-alabek ama ondo ikusi nahi zuten: "Gustatzen zaie ni aurrera noala ikustea. Soineko berri bat janzten badut, poztu egiten dira, edo goizean etxean musika alaia jartzen badut". Kontuak kontu, Antero beti egon da seme-alaben ondoan, haien kezka, beldur eta minari erantzun nahian. Entzun behar izan du semea esaten aitari ez zitzaiola hiltzea tokatzen. Baita alaba ere, zergatik pasatu zaien hori beraiei galdezka. Anterok esaten die ez zaiela beraiei bakarrik pasatzen, jende askori gertatzen zaion zerbait dela.

"Alabak galdetzen dit ea ni ere hil egingo al naizen". Eta hori baino galdera gogorragoa ere egiten dio. "Azkenaldian galdetzen dit ea merezi al duen bizitzea. Nik esaten diot nik baietz uste dudala, nik baditudala nire arrazoiak horretarako, eta berak bereak aurkitu behar dituela", kontatu zuen Anterok.

Ormazabalentzat oso positiboa da ikastetxeetako geletan heriotzaz eta horrek sortzen dituen sentimenduez hitz egitea, "ume eta gaztetxoek ikus dezaten beraiek bizi izan dutena, eta sentitu dutena, beren lagunek ere bizi izan dutela". Ormazabalentzat "heriotzaz hitz egitea bizitzaz hitz egitea da". Arcerentzat, berriz, oso garrantzitsua da umea edo gaztetxoa bakarrik ez uztea beraien beldur, min eta larritasunarekin. Gertuko norbait hiltzen denean nola jokatu ere azaldu zuen: "Egokiena umeari begietara begiratuz, goxoki, lasaitasunez, eta ingurune egoki batean esatea da, baina heriotza gertatu eta ahalik azkarren". Ahal bada heriotzaren berri gurasoek berek eman behar dute, eta hil dena gurasoetako bat bada, eta bestea ez bada gai sentitzen, umearen oso gertukoa den beste pertsona batek. Egin behar ez denaren adibide bat ere eman zuen. "Guraso batzuei haurra hil egin zitzaien jaiotzerakoan, eta zortzi urteko semeari ez zioten ezer esan aurreneko egunetan. Gurasoak lur jota zeuden, eta halakoetan oso zaila da hori ezkutatzea. Haurrak konturatu egiten dira. Askotan hitzekin gauza bat esaten dugu, baina gure aurpegiak eta keinuek kontrakoa esaten dute. Umeak ohartu egiten dira".

Arcerentzat ez dago heriotzaren berri emateko modu bat eta bakarra: "Adinaren eta ulermen gaitasunaren arabera jokatu behar da". Inportantea da umea bazter ez uztea, ordea. "Umeari hil den pertsonaz hitz egin ahal izatea ukatzen badiogu, gure dolutik baztertzen badugu, ez badiogu uzten hildakoari agur esaten, baztertuta sentitu daiteke. Bere beldurrak eta sufrimendua ez azaltzera bultzatuko dugu; bakardadean biziko du samin hori guztia".

Doluaren denborak

"Valeroren errautsak bota genituenean, han egon ziren umeak". Aita bizirik zutela ere agur esateko aukera izan zuten Anteroren seme-alabek. Beste kasu batzuetan, hori ez da posible izaten. Baina dolua ez da desagertzen horregatik. Bidegineko kideentzat garrantzitsua da haurrek hil den pertsonari agur esatea, eta haien dolua eta doluaren denbora errespetatzea. Agur esateko moduak asko dira, gainera. "Haurrak hiletara eramatea ona izan daiteke. Han argiago ikus dezakete gertatu dena, eta babestuta eta familiaren parte sentitu daitezke, denek elkarrekin minez agur esaten diotelako. Gainera, gertatutakoa denbora eta toki zehatz batean kokatu dezakete, eta hori garrantzitsua da", azaldu zuen Arcek. Hala ere, inoiz ez da derrigortu behar umea halako kontuetan parte hartzera: "Sinbolikoki agur esatea ere posible da. Marrazki bat eginda, hilerrira bisita eginda... aukerak zabalak dira".

Doluaren denbora errespetatzea ere beharrezkoa da. Arcek etxean bizi diren animaliak aipatu zituen horri buruz hitz egiterakoan. "Hamar urte dituen ume batek betidanik txakurra izan, eta hura hil bezain azkar beste bat erostea ez da komenigarria. Txakur hura maite zuen, lotura handia zuen, eta denbora bat utzi behar zaio doluari", iritzi zion.

Ertz asko dituen gaiak dira heriotza eta doluarena. Ormazabalentzat, esaterako, irakasleak ez daude batere prestatuta gai hori ikasleekin lantzeko. Hitzaldiaren amaieran irakaslea den entzule batek hartu zuen hitza, eta Ormazabalekin bat etorri zen. "Eskoletan ez dakigu nola jokatu halako gertaeren aurrean. Asko dago egiteko denon artean, eta hitzaldi hauek oso interesgarriak izan dira niretzat", kontatu zuen. Hain zuzen, Bideginek ikastetxeetan jarria du arreta. Ormazabalek hala azaldu zuen: "Eskoletan lan egiteko estrategiak prestatzen ari gara, protokolo gida baten bitartez". Bi arlo bereiztuko dituzte bertan: hildakoa ikaslearen gertuko pertsona bat denean, eta hildakoa eskolako kide bat denean (ikasle bat nahiz irakasle edo bestelako langile bat). Hala ere, irakasleak argi utzi zuen zein den beraien muga: "Gure lana ez da terapiak gidatzea. Kasu gogor bat baldin badago, hori dagokion tokira bideratuko dugu; gurasoekin harremanetan jarriko gara eta psikologoarengana ere bideratu dezakegu".

Dolua bai, "baina tamainan", aholkatu zuten denek: "Ona da umeek helduak triste ikustea, baina ez gehiegi ere, normal bizitzen jarraitu behar dutelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.