Sara Polo. Save the Childreneko kidea

«Umeek lau aldiz kontatu behar izaten dituzte abusuak»

Madrilek haurren aurkako indarkeria saihesteko abiatu duen legea begi onez ikusi dute eragileek; bereziki txalotu dituzte abusuen zigorgabetasuna txikitzeko neurriak.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Testu ona da». Save the Children erakundean pozik daude Espainiako Gobernuak haurrak eta nerabeak babeste aldera onartu berri duen lege egitasmoarekin, haurrentzako politiketako EAEko arduradun Sara Polok berretsi duenez. Hala ere, hobetzeko aukera ere ikusten dio arauari, eta Kongresuko talde parlamentarioekin harremanetan jarriko da elkartea, ekarpenak helarazteko. Araua presaz tramitatzea espero du Polok, urte amaieran onar dezaten: «Ezin ditugu umeak babesik gabe utzi denbora gehiago».

Ikuspegi filosofikotik, zer ekarpen egingo du legeak?

Haurren aurkako indarkeria molde guztien inguruan gaitzespen mezu irmoa dakar gizartearentzat; biktimei ere konpromisoa eta babesa agertzen die, eta erasotzaileei adierazten die gizarteak ez duela onartuko bortizkeriarik, eta neurriak jarriko dituela kontra. Printzipio horiek jasotzeak aldaketa handia dakar: genero indarkeriaren aurkako legea inflexio puntu bat izan zen bezala, asmo hori du lege honek ere.

Arrisku egoeren edo indarkeria zantzuen berri jakinarazteko derrigortasuna gizarte osoa inplikatzeko modu bat al da?

Zalantzarik gabe. Lege honen aurretik ere bazen komunikatzeko eginbeharra, baina aurreproiektuak indartu egin du. Izatez, susmoak jakinaraztean jarri du arreta, eta ez hainbeste erasotzailearen aurkako salaketa aurkeztean, eta hori oso garrantzitsua da.

Zer datu duzue haurrek konfinamenduan jasandako bortxaz?

Salaketa kopurua jaitsi egin da, baina horrek ez du esan nahi indarkeria gutxiago egon denik, baizik eta bestelako salaketa mekanismo batzuk jarri behar direla abian, haurren adinetara eta heldutasun mailetara egokituta, eta hurbildu egin behar zaizkiela, halako egoera konplexuetan erabili ahal izan ditzaten. Izan ere, haurrentzako arreta telefonoek, adibidez, dei askoz gehiago jaso dituzte, txat batzuk ere martxan jarri dira... Gainera, ikusten ari gara online indarkeria hazten ari dela teknologia berriak eta gailuak gehiago erabili ahala: haur pornografiaren kontsumoak gora egin du. Beraz, umeei tresnak eman behar zaizkie salatzeko. Halakoak sustatuko ditu legeak.

Arauaren zutabeetako bat sexu abusuen aurkako jarduna da. Zer dimentsio du auziak? Isiltasuna hausten lagunduko du arau berriak?

Haurren aurkako indarkeria ezkutuan dago: oso datu gutxi ditugu. Batetik, gizarte gisa ez dugulako pausorik eman bortizkeria molde horiek irmo gaitzesteko, eta, beraz, sarri ez dugu identifikatzen indarkeria jasaten edo egiten ari garela. Bestetik, sexu abusuak botere harreman baten barruan gertatzen dira, eta abusua hasten denean isiltasuna gailentzen da, abusatzailea umearen erreferente bat izaten delako —senide bat, kirol entrenatzailea...—; hortaz, haurrentzat zaila da konturatzea maite edo hezi behar dituzten pertsona horiek egiten ari direna ez dagoela ondo. Horregatik luzatzen dira hainbeste abusuak: lau urtez batez beste. Gehienetan, umearen inguru hurbilean gertatzeak ekarri ohi du isiltzea, beldurragatik, edo zaila delako sinestea senide batek halako zerbait egitea. Beraz, gertatzen ari den hori identifikatzeko, prebentzioa landu behar da: neskak eta mutilak hezi egin behar dira, ondo dagoena eta ez dagoena antzeman dezaten. Ildo horretan, legeak hezkuntza afektibo-sexuala aipatu du zeharkako printzipio gisa, baina interesgarria litzateke curriculumetan derrigorrezko edukiak txertatzea.

Zer beste aurrerapauso dakartza arauak abusuen eremuan?

Oso garrantzitsua da abusuak preskribatzen hasten diren adina atzeratzea: orain arte, biktimak 18 urte betetzean abiatzen da, eta hamabost urtekoa da epea; denbora hori dauka biktimak gertatu zaiona barneratzeko, isiltasuna hausteko eta hitz egiteko. Legeak proposatu du hori atzeratzea, biktimek 30 urte betetzen dituztenean kontatzen hastea eta, hala, denbora gehiago ematea delitua salatzeko. Neurri egokia da zigorgabetasuna apurtzeari begira, eta biktimek hala eskatu dute, baina gu saiatuko gara tarte horiek luzatzen: epea 50 urterekin hastea edo preskripzioa kentzea.

Haurren hitzen sinesgarritasuna ere zalantzan jartzen da maiz prozesu judizialetan. Zer dio legeak horretaz?

Haurrek entzunak izateko eskubidea dute, eta hala ezarrita dago gure ordenamendu juridikoan, baina legeak zehaztu egin du nola jaso behar diren testigantza horiek: soilik behin deklaratuko du haurrak, espezializatutako profesionalekin, eta horren grabazioa erabiliko da epaiketan. Berriro biktimizatzea eta trauma areagotzea eragotziko da hala. Izan ere, egun haurrek batez beste lau aldiz kontatu behar izaten dituzte jasandako abusuak, pertsona diferenteei eta instituzio diferenteetan, eta, tartean denbora asko pasa daitekeenez, ohikoa da diskurtsoan aldaketaren bat egitea, xehetasun batzuk ahaztea edo gogoratzea... Eta, halakoen ondorioz, kasu asko ezesten dira. Egia da prozesu judizialetan auzitan jartzen dela umeek kontatzen dutena; kasu latzak izan ditugu, neskato batek galtzerdian grabagailu bat sartzeraino, bestela ez ziotelako sinesten. Beraz, auzitegietako langileak trebatzea ere aipatzen da legean, bestelako tresna batzuk ere izan ditzaten.

Biktimekin lan egiten duten elkarte batzuek salatu dute haurren testigantzak sarri atzera botatzen direla gurasoen alienazioaren sindrome faltsua (GAS) erabilita, eta amei egozten zaiela haurrak manipulatzea. Alegazioetan eskatu arren, legeak ez du berariaz debekatu halakoak erabiltzea. Zer iruditzen zaizu?

GASa ez da existitzen, eta, beraz, ezin da erabili prozesu judizialetan, baina erabili egiten da amen aurkako urruntze aginduak ezartzeko, manipulazio horren aitzakiapean. Gure ustez, sindrome faltsu hori aurreiritzi sexistetan oinarritzen da. Baina, legeak aipatu ala ez, indarrean den legediak dio haurrak edo nerabeak tartean dituzten prozesu judizialetan adingabeen interes gorena aztertu behar dela —eta zehaztuta dago, gainera, hori nola egin—. GASaren eta antzekoen aplikazioak, berriz, ez du kontuan hartzen interes goren hori, eta ez du errespetatzen entzunak izateko eskubidea. Adingabeen interesaren gaineko azterketa horren arabera hartu behar dira erabakiak, eskubideen ikuspegitik, eta ez familiari buruzko aurreiritzien arabera.

Internet bidezko delitu berriak ezarriko ditu legeak: adingabeak beren buruak zauritzera edo hiltzera bultzatzea eta elikadura nahasmenduak sustatzea. Nahikoa dira?

Albiste ona da halakoak delitutzat jotzea, zigorrak gogortzea, eta arriskua eragin dezaketen edukiak kentzea; Internet bidez eraso egiten dutenen zigorgabetasunaren aurkako neurriak dira, eta haurren segurtasuna bermatzeko helburua dute. Izan ere, inguru digitala adingabeen bizitzako eremu bat gehiago da, baina prebentziotik eta hezkuntzatik jorratzearen alde gaude, debekutik baino gehiago. Legeak dakarren puntuetako bat da gurasoen kontrola handitzea, baina, gure ustez, Internet ondo erabiltzeko gakoak eman behar zaizkie adingabeei.

Eskola jazarpenari dagokionez, ikastetxe guztietan ongizate koordinatzailearen figura sortzea agindu du legeak. EAEn badira antzeko esperientziak; nola baloratu dituzue?

Euskadin aurrerapauso handiak izan dira azken urteetan; protokolo eta programa bereziak ditugu alorrean; hezkuntza eragileekin hitz eginda, hala ere, ohartu gara protokoloak aplikatzea eta kudeatzea ere zaila dela, besteak beste, langileen artean errotazio asko dagoelako. Gainera, trebakuntza ere falta da, formakuntza arautua: unibertsitate ikasketetan ez dago haurren aurkako indarkerien inguruko edukirik, eta funtsezkoa da. Baita aisialdiaren eta kirolaren eremuetan ere: hor abusu asko gertatzen da, baina langileek ez dute formakuntzarik, ezta espazio seguruei buruzko araudirik ere: ez dago zehaztuta nolakoak izan behar duten, adibidez, aldagelek, edo zer neurri hartu behar den txango batean gaua etxetik kanpo igaro behar denean. Bestalde, halako figurak sortzea inportantea da, zentro guztietan ez baitago funtzio horiek dauzkan pertsona bat, baina soslai profesionala zehaztu behar da, horren araberakoa izango baita neurriaren eraginkortasuna.

Haur pobreziaren inguruan ere kezka handia agertu duzue eragileok, baina legeak zeharka aipatzen du. Berariaz landu behar da, ala neurri gehiago txertatu beharko lirateke lege honetan?

Esango nuke gai hori ez dela landu behar indarkeria legearen barruan: uste bat zabaldu da haurren aurkako indarkeria gehiago gertatzen dela maila ekonomiko apaleko familietan, eta hori ez da egia. Sendi mota guztietan gertatzen da bortizkeria, eta oso garrantzitsua da familiek haurrak hazteko baliabideak edukitzea: legeak dio testuan aipatzen diren neurri eta tresna guztiak sendi guztien esku egon behar direla. Ia familia guztiek behar dute hazkuntza positiboan trebatzea; ildo horretan, hizkera aldaketa bat dakar legeak: sendiak tratu onerako eremu izan behar dira; beraz, tratu on hori sustatzen bada, geroko esku hartzeak saihestuko dira.

Adingabeen arreta zerbitzuak zabaltzea eta eragileak espezializatzea aipatzen du legeak. Gizarte zerbitzuetan baliabide nahikorik al dute egiteko berri guztiei aurre egiteko?

Batetik, prebentzioan gero eta gehiago jardun, orduan eta esku hartze gutxiago izango dituzte gizarte zerbitzuek. Bestetik, badakigu arauek ez dutela askorako balio ez badira baliabideez hornitzen. Legea onartu eta hurrengo urtean, estrategia bat landu beharko dute, eta hor ikusiko da nola aplikatzen diren hainbat neurri, eta zer baliabide jartzen dituzten. Edonola ere, gizarte zerbitzuek lan handia egiten dute, baina identifikatuak ditugu hobetzeko puntu batzuk, profesionalek eurek eskatzen dutenaren ildotik; espero dugu legea lagungarri izatea horiek gauzatzeko.

Adibidez?

Adibidez, funtsezkoa da haurrekiko arreta haientzat atseginak diren espazioetan egitea: ume bat polizia-etxe batera eramaten dugunean, hark ulertzen du gaizkileak doazen toki batera daramagula; ospitalera ere gaixo dagoen jendea joaten da... Leku horiek prestatu eta egokitu behar dira, eta bertako langileak ere bai.

Zer leku dute legean seniderik gabe iristen diren etorkin adingabeek?

Zalantzarik gabe, legeak aterki bat izan behar luke haientzat: 18 urtetik beherako guztiak babestuko ditu. Areago, testuan bada berritasun bat, aurreko zirriborroetan ez zegoena: aplikazio eremuaz ari denean, aipatzen du adingabeei eragingo diela, edozein dela euren egoera administratiboa; beraz, bakarrik datozen atzerritarrei ere eskubide berak eta babes bera aitortzen dizkie. Gainera, badira babes sistemarekin lotutako neurri esanguratsu batzuk: egoitzetan daudenen sexu esplotazioa saihesteko protokoloak egitea, zentroen ikuskaritza fiskaltzaren esku uztea...

Asko aipatu duzu prebentzioa. Nola lantzen da eremu honetan?

Gizartean kontzientzia zabalduz: legearekin batera, paradigma aldaketa bat sustatu behar da. Jende askok oraindik uste du eskola jazarpena «umekeria» bat dela edo masailekoak beharrezkoak direla, eta halako indarkeriak erabiltzen dituzte ez dituztelako indarkeria gisa ulertzen. Pentsamolde horiek aldatzeko, kanpainak egin behar dira, baina hezkuntzan ere eragin behar da. Eta aurrez aipatutako hainbat kontu ere badira prebentzioa: familietan tratu ona sustatzea, profesionalak trebatzea, umeentzako espazio seguruak eraikitzea...

Zer beste eremutan proposatuko dituzue hobekuntzak?

Arlo judizialean zuzenketa batzuk proposatuko ditugu. Batetik, auzitegietan-eta ez dituzte espazio seguruak aipatu, eta hor ere beharrezkoak dira, leku arrotzak baitira haurrentzat. Eta, bestetik, legeak ez ditu sortuko epaitegi espezializatuak; zabalik utzi du aurrerago halakoak eratzeko aukera, baina, gure ustez, beharrezkoak dira orain. Haurrek egunero jasaten dute indarkeria. Alde handiak ekar ditzaketen neurriak ezin ditugu atzeratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.