Mirian Alonsoren (Bilbo, 1972) aita alabarengan zuen botereaz baliatu zen: abusu sexualak eta psikologikoak egin zizkion, 5 urte zituenetik 12 bete arte. «Nire bizitza osoa baldintzatu duten ondorioak izan ditu horrek nigan, eta ezin izan ditut konpondu, duela hiru urte tratamendu jakin bat hasi nuen arte». Pepe Godoyren kasuan (Basauri, Bizkaia, 1972), herriko futbol talde bateko entrenatzailea izan zen abusatzailea. «Nire zaletasunaz baliatu zen gerturatu eta lagun bihurtzeko. Ia etxekotzat genuen. Gabon zaharrak ere ospatu ditu gurean». Pederastiaren biktimekin lan egiten duen Garaitza elkartean ezagutu zuten elkar Alonsok eta Godoyk. Iazko azaroan, bideo bana grabatu zuten euren esperientzia kontatuz. Herenegun, parte hartu zuten Basaurin egindako jardunaldi batean.
Noiz jabetu zineten abusuez? Sufritu bitartean ulertzen zenuten zer gertatzenari zen?
MIRIAN ALONSO: 18-19 urterekin, laguntza bila hasi nintzen. Banekien nire bizitzan gertatzen zena ez zela normala. Urte luzez ibili nintzen terapian, zer nuen jakin gabe. Gaizki nengoen. Emozio aldetik dena zen desordena. Nerabezaro zoroa izan nuen: drogak, bakardadea, neure burua suntsitzeko joera nuen, sexualitate aldrebesa... Banuen intuizioa zer izango zen, baina ez nuen oroitzapenik. Burua blokatuta nuen.
Zu, Pepe, nagusiagoa zinen.
PEPE GODOY: Nire familian biktima gehiago izan gara, eta bakoitzak bere erara bizi izan du. Baina nik dena daukat gogoan. Haren etxea deskribatu dezaket; edalontzien kolorea zein zen. Nik hasieratik jakin nuen hura gaizki zegoela. Basauriko jaietan egoten diren lonja horietako batean hasi zen guztia. Elkar ezagutzen genuen: nik futbolean jokatzen nuen talde batean, eta bera beste talde bateko entrenatzailea zen. Eta beste gauza batzuekin harrapatu ninduen. Alkohola ematen zidan, tabakoa, dirua... Etxean debekatutako gauzak ziren. Abusua iritsi zen momentuan, nik ezin nuen etxean ezer esan, laguntza eskatu, aurretik egin nuen debekatutako guztia ere kontatu behar nuelako. Nik uste nuen oniritzia emana niola hari guztiari. Errudun sentitzen nintzen, erantzule eta partaide. Isilik egon behar nuen ezinbestean.
M. A.: Kasu guztiak antzekoak dira, baina, aldi berean, oso ezberdinak. Abusua familian sufritu dugunok ez dugu ezer gogoratzen. Hain da handia sortu diguten trauma. Zure aita da abusatzailea. Bost urteko ume batentzat, oraindik burmuina osatzen ari dela, aitak abusatzea jasangaitza da. Erruduntasun sentsazioa kasu guztietan dago, familian izan edo kanpoan. Baina min ematen dizun hori edo aita, edo neba, edo osaba edo dena delakoa dela onartzea ezinezkoa da. Minik handiena egiten dizuna maitatu eta zaindu behar zaituen hori da. Harekin bizi behar dugu. Munstroa etxean dugu. Eta, hala ere, ez da horretaz hitz egiten, adingabeetan abusuak sufritu dituztenen %85 garen arren. Hara: Garaitzan terapian ibili garenon artean ni izan nintzen bideoa egiten lehena. Baina Peperena [Godoy] agertu zen arte, gaiak ez zuen oihartzunik izan hedabideetan. Gero ere elkarrizketa ia guztiak berari egin dizkiozue. Nolabait mindu nau horrek. Oso haserre egon naiz luzaroan.
Gizartearentzat ez da erraza izango hori badagoela onartzea.
M. A.: Badakit. Baina ahotsa eman behar zaigu, hori sufritzen ari diren beste batzuei laguntzeko. Estatistiken arabera, bost herritarretik batek sufritu dugu. %20k.
Uste duzu zure familiak bazekiela etxean zer gertatzen ari zen?
M. A.: Nik banuen ama, neba-arrebak... Kontatu diedanean, neba-arrebak ez dira harritu. Beraz... Ustez, eurek ez dute sufritu. Amak esan dit berak ez zekiela ezer, eta nik hiru urte egin ditut berarekin hitz egin gabe. Orain, ondo nago eta harremana berreskuratu ahal izan dugu. Gure erara, elkar maite dugu.
Ez diozu sinistu?
M. A.: [Ezetz iradoki du keinuz]. Amak senarra zuen; neba-arrebek, aita. Harremana zuten harekin. Familietan ez da horretaz hitz egiten. Garaitzara behin etorri ziren euren umeek etxean abusua sufritu duten ama batzuk; ez ziren itzuli. «Ea noiz pasatzen zaizun kasketa hori», esaten dizute. Oso zaila da. Ez duzu zure familiaren babesik. Eta familia batzuetan biktima gehiago egoten dira.
Eta zuk, Pepe, nola hautsi zenuen isiltasuna?
P. G.: Gertatu zitzaidanetik, ez da egon gogoratu ez dudan egun bat. Nire ondoren, ikusi dut beste ume batzuekin antzera ibili dela; tartean, nire bi anaiarekin. 20 urterekin arrastoa galdu nion, harik eta emazteak eta biok bizi garen etxea erosi genuen arte. Gure kale berean bizi da, bost ataritara. Kalean ikusten nuen, umeekin ikusten nuen. Amorrua handitzen hasi zitzaidan. Autoa non aparkatzen zuen, non gosaltzen zuen, nondik ibiltzen zen... Dena nekien. Gure alabek harekin ibiltzen ziren umeen adina zuten. Nahikoa zela erabaki nuen. Bi aukera nituen: edo dena kontatu edo tipoa hil. Ez nuen nire bizitza hankaz gora jarri nahi, emazteak pentsa zezakeelako ea norekin bizi izan den azken urteetan. Beraz, hura hiltzeko plana pentsatu behar nuen; inork ni izan nintzela jakingo ez zuen plan bat. Azkenean ez nintzen ausartu; ez naiz gai inor hiltzeko. Beraz, emazteari kontatu nion. Hark salatu zuen. Ez zen erabaki erraza. Nik kontatzean, nire anaiei ere eragingo zien, eta haiek ere familia dute.
Gizon hori entrenatzaile izan den taldeak isilik gorde du dena, babestu egin du. Salatu duzu bideoa egin aurretik ere bazekitela.
P. G.: Auzia artxibatu zutenean, nik neuk salatu nahi nuela erabaki nuen. 2018ko maiatza zen. Klubekoekin hitz egitera joan nintzen, laguntza eskatzera. Iradoki zidaten bazekitela, baina ez zutela ezer egingo. Hasieran taldetik kenduko zutela esan zidaten; gero, ezetz. Asko haserretu nintzen, eta mezu bat bidali nien: «Honaino iritsi naiz ni». Eurek ulertu zuten ez nuela ezer gehiago egingo. Baina bideoa etorri zen. Hara: bideoa azaroaren 12an argitaratu zen; 11n, gizon hori ume batekin ikusi nuen. Klubean jarraitzen zuen. Inork ez zuen ezer egin. Bideoan ez nuen esan: ez zein kirol talderik, ez herririk. Ez nuen izenik eman. Baina berehala denek jakin zuten nor zen abusatzailea. Kaletik esan zidaten lehen gauza hau izan zen: «Eta zure anaiak, zer?». Denek zekiten nortzuk izan garen biktimak.
Babestu dutenetako asko guraso dira. Ez da ulertzen erraza, ezta?
P. G.: Erosotasunagatik egiten dute, sortuko den eskandaluari beldurra diotelako. Neurri batean, konplize direlako: jakin dute eta ez dute ezer egin. Badakit asko kezkatuta daudela, euren umeak biktima izan diren beldur. Ezagutzen dut gertatzen zena jakin dutenean harremana hautsi duen jendea. Beste entrenatzaile batzuk. Baina ez dute ezer esan. Isilik segitu dute.
Basaurik protokolo berria du, hil hasieratik. Zer deritzozue?
M. A.: Basauri da zerbait egiten ari den herri bakarra gure inguruan. [EAEko] Arartekoak esan du antzeko zerbait egin behar litzatekeela herri guztietarako. Ikusiko dugu, baina ondo antolatu behar da. Adibidez, 13 urteko ume batek aita salatzen badu, gero ezin duzu etxera bidali bueltan. Inguruan babes sendo bat jarri behar diozu.
Zuk, Mirian, zer premia eduki zenituen? Zer behar zenuen?
M. A.: 5 urterekin? Ama ondoan edukitzea; ni babestea, maitatzea. Orain sufritzen ari den umeak? Gurasoek sinistea. Egia da etxean ezin dugula ezer esan; ez gara fidatzen. Ni etxe hartatik atera behar ninduten. Adin harekin ni berrosatzea errazagoa zatekeen.
Orduan, nork lagun zaitzake?
M. A.: Irakasleek detektatzea izan daiteke aukera bat. Baina ez daude horretarako prestatuta. Nik 13 urterekin etxetik ihes egin nuen. 2. BBBn [Batxilergo Bateratu Balioaniztuna, gaur egungo 4. DBH] Gimnasia baino ez nuen gainditu. Irakasleek bazekiten zerbait gertatzen zitzaidala. Baina inork ez zuen ezer egin. Inork ez.
P. G.: Gizarteak kontzientzia hartu behar du, genero indarkerian bezala. Zerbait arraroa ikusi duzula? Deitu Poliziari! Gero argituko da zer dagoen benetan.
M. A.: Baina ez dago kontzientzia hori oraindik. Eta ez dago formaziorik. Ez irakasleentzat, ez umeentzat. Sexu heziketa falta da eskoletan. Ez 14 urterekin, goizago. Eta ez soilik genitalei begira. Ez soilik eskolan, baita etxean ere. Nik ama gisa, nire seme-alabei esan behar diet euren gorputza eurena dela. Euren gorputzaren jabe direla irakatsi behar zaie umeei, ezin dituztela behartu. Ez dutenean nahi, ezetz esan dezaketela jakin behar dute. Zer egiten dugu ume txikiekin? 'Emaiozu patxo bat honi'. Baita nahi ez dutenean ere. Gero nola esango dute ezetz, beti musu eman behar dutela irakatsi badiegu txikitatik?
Guraso zarete biok. Haurrekiko harremanean izan du eraginik?
M. A.: Nireak 7 urte ditu. Terapian nenbilela jaio zen. Baina aurretik ere banekien zer gertatu zitzaidan, eta alabaren hazieran kontutan hartu dut. Nik izan ez nuen familia eman nahi izan diot.
P. G.: Ni lapa bat izan naiz alabentzat. Zaharrenak 12 urte ditu eta orain hasi da etxetik ehun metrora dugun eskolara bakarrik joaten. Ez dut galdu haien saskibaloi entrenamendu bakar bat ere.
M. A.: Ni saiatu naiz askatasuna ematen. Nik nahi dudana da autoestimu handia izan dezala, aske izateko. Jakin dezala zer den sekretu bat eta zer ez. Lehen esan bezala, jakin dezala bere gorputza berea dela, eta berak soilik duela agintea. Beste inork ez. Bere ama naizen honek ere ez. Kili-kili egiteko ere baimena eskatzen diot.
P. G.: Errespetatu egin behar dira. Nagusia hasi da protestaka dutxan dagoenean komunera zerbaiten bila sartzen bagara. Haien intimitatea errespetatu behar da.
M. A.: Eta maitasuna eman. Asko eta ona. Nik ez dut izan.
P. G.: Nik bai. Esan didatenean ama ere erantzule dela, haserretu egin naiz. Neurri batean izan zitekeen, baina nik ez dut hala sentitzen. Zazpi umeren 30 urteko ama zen. Putakume horrek bazekien nora jo. Sarri joaten zitzaion igerilekura eroango gintuela esatera. Ama pozik! Zer susmatu behar zuen? Eta argi daukat: ni ere ez naiz erantzule. Biktimak ez gara ondoren etorri diren beste biktimei gertatu zaienaren erantzule. Zer egin behar genuen guk? Erantzuleak dira biktima izan ez, gertatzen zitzaiguna ezagutu eta isilik egotea erabaki dutenak.
Mirian Alonso eta Pepe Godoy. Pederasten biktimak
«Umeei irakatsi behar zaie euren gorputzaren jabe direla, ezin dituztela behartu»
Adingabeek sufritzen dituzten sexu abusuez hitz egin beharraz ohartarazi dute Alonsok eta Godoyk, gizartea erne egon dadin. Kasu gehienak familian gertatzen direla nabarmendu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu