Adin txikikoen aurkako sexu erasoetan aditua da Maitane Urizar (Bilbo, 1985). Gaia ikertzen ari da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egiten ari den tesian, eta Gure Sarea taldeko koordinatzailea ere bada. Argi utzi du gisa horretako kasuen kudeaketa ezin dela familien gain utzi: «Gakoa administrazioa da».
Zer dago horrelako erasoen atzean? Botere harremanen ondorio al dira?
Bai. Ezinbestean marko teoriko feminista bat behar dugu, sexu indarkeria ulertu ahal izateko. Botere harremanean dago gakoa: emakume bortxatu helduekin gertatzen den antzera, gakoa ez da sexua, gakoa boterea da. Bost umetatik batek jasango duen problematika batez ari gara, baina sei biktimetatik bat bakarrik sentitzen da sinetsia eta lagundua. Eta desgaitasunen bat dutenek hamar aldiz aukera gehiago dituzte sexu abusuak pairatzeko: hiru mutikotik batek eta bi neskatotik batek jasango dituzte, zenbait ikerketaren arabera. Sexu erasoen salaketen ia erdiak haurren kontrako sexu erasoak dira; beraz, arazo bat daukagu.
Ba al dago gisa horretako erasoak prebenitzeko modurik?
Gakoa administrazioa da. Haurrak eta nerabeak indarkeriaren aurrean babesteko legeak azaltzen du formakuntza eta protokoloak ezarri behar direla haurren kontrako indarkeria jorratzeko. Soilik baietz da baietz legeak argi eta garbi esaten du haurrekin harremana dutenen formakuntza orokorra izan behar dela eta protokolo bereiziak behar ditugula. Ez baditugu formakuntza eta protokolo eraginkorrak ezartzen, ezin ditugu babestu. Hau da, kasu hauetan, familiak detektatu du, baina ez da egon babes integral bat. EAEn badaukagu protokolo bat etxeko indarkeria edo sexu erasoak jorratzen dituena, eta hor argi eta garbi azaltzen da: koordinazioa inoiz ezin daiteke biktimen lana izan; lan hori profesionalena da.
Hezkuntzan badago horrelako protokolorik?
Protokoloa 2016koa da, eta honako hauek biltzen ditu: sexu abusuak, babesgabetasuna, tratu txarrak... Ez da eraginkorra. Zergatik? Sexu indarkeria oso indarkeria zehatza da, eta jarduketa oso konkretua izan behar da. Protokoloak, formakuntza eta kontzientziazioa behar ditugu.
Erasoagatik ikertzen ari diren gizonezkoa umeen irakaslea zen, gertuko pertsona bat. Hala izaten da adin txikikoen sexu eraso kasu gehienetan, ezta?
Bai, kasuen %85-90 senidea edo haurraren konfiantzazko pertsona bat da. Emakume eta haurren arrisku eremu nagusia etxea da; hala izan da historikoki eta hala da gaur egun ere; etxea edo konfiantzazko eremu esaten zaien horiek. Kasu honetan, irakasle bat izan da, eta oihartzun handia izaten dute irakasleak edo entrenatzaileak direnean, baina, gehienetan, sexu erasoak familian gertatzen dira.
Nola antzeman daiteke ume batek sexu eraso bat jasan duela?
Asko zentratzen gara adierazleetan, eta adierazleak ezagutu behar dira. Baina adierazle asko elkarren kontrakoak izaten dira: gehiegi jatea edo jateari uztea; ikasketekin arazoak izan edo ikasketetan zentratzea... Adierazle nagusiak izaten dira jokaera sexualizatuak edo bat-bateko aldaketak, azalpenik gabekoak. Baina badaude antza adierazlerik ez duten biktimak ere, eta gerta daiteke orain adierazlerik ez agertzea, baina gero bai, adibidez, nerabezaroan. Nola jakin dezakegun? Behaketa eta entzuketa aktiboaren bitartez, eta, zalantza barik, erasoa jasan izana aukera bat izan daitekeela pentsatzen.
Nola jokatu behar dute familiak eta eskolak?
Lehenengo gure erreakzio emozionalak kontrolatu behar ditugu. Zergatik? Haurrak ikusten badu kontatzen digun horrek mina egiten duela, atzera egingo du. Gainera, ikerketek argi eta garbi erakutsi dute sinetsiak izatea dela haurraren ongizate emozionalerako aldagai nagusia.
Eskolak zer egin dezake?
Eskolak jakinarazte hori jaso behar du, erregistratu; gizarte zerbitzuei jakinarazi, arrisku egoera bat dagoelako; eta, delitu arriskua ere badagoenez, salatu.
Zein ondorio izan ditzakete sexu erasoren bat jasan duten umeek?
Epe luzeko ondorioetan, ez dago kausa-efektu bat ezarria, baina egia da erasoek lotura dutela hainbat nahasmenekin. Adibidez, nahasmendu obsesibo konpultsiboa oso ohikoa da, eta anorexia, bulimia, azalpen organikorik gabeko minak... Ondorio zuzenetako bat da polibiktimizazioa, hau da, zu haurtzaroan biktimizatua izaten zara sexualki, eta aukera gehiago dauzkazu zure bizitzan zehar berriro biktimizatua izateko. Baina biktima hauek hain txikiak izanda, goiz atzemanda eta ondo artatzen badira, gerta daiteke ondoriorik ez egotea.
Gurasoak kexatu dira esanez eskolak erasoak estali nahi izan dituela. Ohikoa izaten al da?
Ez da arraroa. Ez dakigu nola jokatu; ez digute irakatsi. Gainera, ari gara gure gizarteko bi zutabe nagusi ukitzen: sexualitatea eta haurtzaroa. Beldur asko daude; seguruenik ez zuten protokoloa ezagutzen...