Ume motxiladunen egoera salatzeko kalejira egin dute

Martuteneko espetxetik Loiolara egin dute martxa dozenenaka lagunek. Urrunketa + Covid-19 = umezurtz lelopean egin dute protesta.

Motxiladun umeen egoera salatzeko martxa egin dute Martuteneko kartzelatik Loiolako plazara. GOKA RUBIO
2020ko abenduaren 26a
16:14
Entzun

Martuteneko espetxetik hasi, eta Loiolaraino (Donostia, Gipuzkoa) egin dute martxa hainbat lagunek goizean, ume motxiladunen egoera salatzeko. Sare Herritarrak deitu zuen kalejira egitera, «urrunketagatik eta osasun egoeragatik gurasoak kartzelan dituzten haurrak umezurtz» gelditu direla salatzeko. Patinetean joan nahi dut aita/ama ikustera leloa zuen pankarta eraman dute martxan zehar, eta umeek patinetez egin dute martxa. «Urte luzez, haur eta nerabe asko bidaia amaigabeak egitera behartuak izan dira beren aitari, amari edo biei muxu bat eman ahal izateko; aurten, ordea, bizi izan dugun pandemiaren eraginez, oztopo berri bat agertu da motxiladun umeen eta haien guraso presoen arteko harremanean», salatu dute.

Sare Herritarraren arabera, 86 ume motxiladun dira, guztira. Pandemiarengatik, euskal presoak «inoiz baino isolatuago daude». Eskubide urraketak «are bortitzagoak» izaten ari dira, eta «haien etxetik gertuen dagoen espetxean egotea» dagokiela esan du Sarek. Hain zuzen, horregatik aldarrikatu dute «motxiladun umeek haien aita, ama edo biak bisitatzera joateko bidaia patinetez egiteko eskubidea dutela».

Urtarrilaren 9ko mobilizazioa ere izan dute gogoan antolatzaileek. Egun horretan mobilizatzeko deia egin diote Euskal Herriari. Ipar Euskal Herriko hainbat lekutan, Plazak Argitu ekinaldia ere egin dute gaur, Bakegileek deituta, urtarrilaren 9an Baionan eginen duten giza katearen iragartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.