gurutze izagirre intxauspe

Uluak eta zaunkak

2024ko ekainaren 8a
05:00
Entzun

Alderdi gehienek kanpainan boto antifaxista eskatu dute, eta Europan eskuin muturra indartzearen arriskuez ohartarazi. Boto emaileek abstentziora ez jotzea eta haiek aktibatzea izan dute erronka nagusia. Ipar Euskal Herrian zerrendetan doazen hautagaiek ez dute aukerarik eurodiputatu izateko; Hegoaldeko batzuk, bai. Botoak nork zakuratzen dituen, baina, iazko maiatzean hasitako hauteskunde zikloaren emaitzek ere markatuko dute.

EAJ. Hauteskunde guztiek ezaugarri propioak dituzten arren, azken hauteskunde deialdietan izan diren joerek eragina izango dute, eta alderdi jelkidea eta Geroa Bai ez daude boladarik onenean. EAJk, iazko udal eta foru hauteskundeetan, 2019an baino 80.000 boto gutxiago izan zituen, eta, Espainiako Gorteetarakoetan, 100.000 boto gutxiago; azken uneko mobilizazioari esker lortu zuen apirileko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak irabaztea, bototan —portzentajean %39tik %35era jaitsi baita—. Geroa Baik ere beheranzko joera izan du azken deialdietan. Izaskun Bilbaok Europako Parlamentuan azken hiru legealdietan egindako lanaren lekukoa hartzeko prest agertu da Oihane Agirregoitia. Ikusteko dago eserlekuari eutsiko dioten. Espainiako Estatuan hautesbarruti bakarrean aurkeztean, zailagoa da alderdi txikientzat eserlekua lortzea. Aurrez, Europako bozetan, CiU zenarekin aurkeztu izan zen. Aurten, 2019an bezala, CEUSen izenean aurkeztuko dira Koalizio Kanariarrarekin. Europan eduki izan duen eserleku horri eustea du helburu nagusia. Alderdia barne egitura berritzeko aro bat hastear da, gainera, eta Europako emaitzek eta Imanol Pradales lehendakarigai jelkidearen inbestidurak baldintza ditzakete alderdiaren hurrengo urratsak.

EH Bildu. Herritarren babes zabala jaso du azken hauteskunde zikloan, eta goranzko joerari eutsi dio deialdi guztietan. Iazko udal eta foru hauteskundeetan, 354.000 boto jaso zituen Hegoaldean, aurreko deialdian baino 25.000 boto gehiago. Espainiako Gorteetarako bozetan, 333.000 (+56.000). Eta apirileko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, orain arteko emaitzarik onenak lortu zituen: 343.000 (27 eserleku, EAJrekin parekatuta). Ziklo horretan beste mugarri bat jartzeko helburua du EH Bilduk: boto gehien lortuko duen Hego Euskal Herriko alderdia izatea. Pernando Barrenak ordezkatuko du EH Bildu Orain Errepublikak koalizioan. BNGrekin eta ERCrekin batera doaz. BNG ere goraldian dago: Galiziarako azken hauteskundeetan bigarren indarra izan zen, sekulako hazkundea izan ondoren. ERC, berriz, ahulago dago; Kataluniako lehen indarra zen, baina egin berri diren Kataluniako hauteskundeetan hirugarren geratu da.

Alderdi Sozialista. Espainiako gobernuburua sozialista izateak izaten du eragina PSNren eta PSE-EEren emaitzetan, eta haien mesederako, gainera. Maria Txibitek lortu zuen lehendakaritzari eustea iazko hauteskundeetan, eta PSE-EEk, itxura guztien arabera, lortuko du Eusko Jaurlaritzan gobernuan egotea, EAJrekin batera. Inkesten arabera, Idoia Mendia —hamargarrena zerrendan— eta Elena Santxo —hemeretzigarrena— eurodiputatu izango dira.

Alderdi Popularra. Nafarroan UPNk PPrentzako botoa ez eskatu izanak eta boto askatasuna eman izanak eragin dezake Alderdi Popularraren emaitzetan, Vox ere lehian baitago. Javier Zarzalejos dago ondoen kokatuta zerrendan eurodiputatu izateko. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren kontra egiteko baliatu dute kanpaina, eta propio sortu duten polarizazio horren emaitzak bihar ikusiko dira.

Podemos. Barne zatiketaren ostean, ikusteko dago norantz egiten duen. Hegoaldeko hauteskunde emaitzetan, beheranzko joera erakutsi du: Eusko Legebiltzarreko azken hauteskundeetan ez du ordezkaririk lortu —sei ordezkari zituen— . Irene Montero da zerrendaburu, Espainiako Gobernuko Berdintasun ministro ohia.

Sumar. Estrella Galan hautatu dute zerrendaburu, eta lehen aldiz aurkeztuko da Europako Parlamenturako bozetara, Podemosen zatiketaren ostean. Inkestek Podemosen aurretik jarri dute.

«Betiko zakur amorratuak agertokira igotzeko zorian» dauden beldurra helarazi zion Anjel Lertxundiri lagun batek, iragan igandean BERRIAn argitaratu zuenez. Uluak eta zaunkak urruntzea ere jokoan dago biharko hauteskundeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.