Ultraeskuina eta «malenkoniaren apologia»

Hamaika aurpegi hartuta, olatu «erreakzionarioa» harro ageri da munduko leku ugaritan. Horren ezaugarriak xehatu dituzte Galardik, Zubiagak, Martinezek eta Calvok, eta oharra egin: diskurtso horiek euskal herritarrak ere bustitzen dituzte.

Valentziako Generalitateko presidentearen eta Espainiako gobernuburuaren aurkako pintaketak, Valentziako Paiporta herrrian. VIEL ALIÑO / EFE
Valentziako Generalitateko presidentearen eta Espainiako gobernuburuaren aurkako pintaketak, Valentziako Paiporta herrrian. VIEL ALIÑO / EFE
jon olano
2024ko azaroaren 7a
16:17
Entzun

Astebeteko tartea dago eurite eta uholdeek Valentziako zenbait herri txikitu zituztenetik Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak irabaztera. Zazpi egun eta milaka kilometro. Baina bada hari bat lotzen dituena Paiportako herritarren sumina, Trumpen garaipena eta, adibidez, Donostiako Kaleko Afari Solidarioen aurkako oldarraldia: etorkizunaren beldurra, iraganaren nostalgia eta eskuin muturrak ziurgabetasun hori kapitalizatzeko estrategia politikoa; sarri askotan, arrakastatsua.

Eskuin muturraren gorakada eta protestaren kapitalizazioa. Alternatibak aztertzen izeneko mahai ingurua antolatu du Betiko fundazioak Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean, eta bertan aritu dira hizlari Maider Galardi EHUko irakasle eta ikerlaria, Mario Zubiaga irakasle eta EH Bilduko senataria, Nagore Calvo London King’s Collegeko irakasle eta ikertzailea eta Jonathan Martinez idazle eta kazetaria.

Elkar elikatuz osatu dute diagnostikoa: ultraeskuinaren gorakada «erreakzio» bat da, Galardiren esanetan: «Erreakzio hori dago eskubide eremu batzuk irabazi dituztelako antolakuntza feministak, mugimendu beltzak, LGTBIQ+ mugimenduak, Latinoamerikako sozialismo berriak… eremu batzuk irabazi dira, eta talka bat gertatu da, statu quo-ak ez dituelako pribilegioak galdu nahi».

«Faxismoa beti agertzen da forma xaloekin, eta, arreta jartzen ez diegun arren, hor daude: tradizioaren apologia, malenkonia, elitismoa, maskulinitate tradizionala, aniztasun sexualaren eta genero disidentzien arbuioa»

JONATHAN MARTINEZIdazle eta kazetaria

Erreakzioaren hipotesi horretan sakondu du Zubiagak, mobilizazio zikloen sakoneko urak ezaugarrituta. Batetik, «gabezia erlatiboari» begiratuta: «Daukazuna baino gehiago merezi duzula pentsatzeak zaramatza mobilizatzera. Hor badira erdiko eta beheko klase batzuk gabezia erlatiboan daudenak». Bestetik, irainen bat-bateko agerpenak bultzatzen du sarri jendea protestara: «Irainaren kapitalizazioa ultraeskuindarrak egiten ari dira, arrakastaz. Besteak beste, iraultza bat dagoelako martxan. Ultraeskuinarena erreakzio bat da, jarrera kontrairaultzaile bat».

eskuin muturra
Mahai ingurua, Leioako campuseko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean.

Zertan mamitzen da izu hori gaur egun? «Modernizazioa izugarri azkartzen ari da, eta koiuntura historiko larriagoan gertatzen ari da; oraingoan, bestelako krisi batzuk bildu dira, horren kudeaketa zailtzen dutenak: krisi klimatikoa, energetikoa eta hegemonikoa». Eta, hori ikusita, babesleku bat ematen du ultraeskuinak: «Kapitalaren parte horrek antsiolitiko bat proposatzen du: inoiz bueltatuko ez den iragan bat da MAGA [Make America Great Again, Donald Trumpen mugimendua], betiko segurtasun idealizatu bat. Malenkoniaren Internazional bat».

Martinezek ere malenkonia hitza darabil proposamen erreakzionarioa gorpuzteko: «Umberto Ecok, ur faxismoa aipatzen duenean, zera dio: faxismoa magmaren gisakoa dela, norabide ugaritan doala, eta orain gauza bera gertatzen ari dela. Faxismoa beti agertzen da forma xaloekin, eta, arreta jartzen ez diegun arren, hor daude: tradizioaren apologia, malenkonia, elitismoa, maskulinitate tradizionala, aniztasun sexualaren eta genero disidentzien arbuioa». Izan ere, Martinezen ustez, kapitalismoak, oparotasun aldietan, «kontsentsuak» sortzen ditu, baina oparotasunik ez dagoenean agertzen da indarkeria.

Calvok, berriz, ultraeskuinaren loraldiari bide eman dioten erabaki politikoei erreparatu die: «Europako Batasunean, azken hogei urteetan sortu diren politika ekonomikoek finantza sistema egonkortzeari lehentasuna eman diote bizi baldintzak egonkortzearen aurretik. Horretarako egitura juridiko bereziak sortu dira, herri askotan konstituzionalizatu direnak». Gero, tokian tokiko erreakzioak askotarikoak izan dira, baina horien artean elementu komunak antzematen ditu Calvok: «Eskuin muturraren babesa azaltzeko, kontuan izan behar da eskuin muturrak arazo sozioekonomikoei buruz egiten duen azalpena soziokulturala dela; azalpen ekonomikoa eman beharrean, esplikazio soziokultural bat ematen ikasi du». Izan ere, uste du eskuin mutur garaikideak, «duela mende batekoak ez bezala», ez duela «alternatiba ekonomikorik proposatzen; neoliberalismo handiagoa eskaintzen jarraitzen du».

Euskal Herrian?

Logika globalez harago, zer presentzia dute halako pentsamoldeek Euskal Herrian? Hain justu, euskal gizarteak ultraeskuinaren mezuen inguruan duen iragazkortasunaz ohartarazi du Galardik: «Ez genuke ez gutxietsi behar hemengo egoera, ezta idealizatu behar ere». Adibideak jarri ditu: Arbasoen Mendekua izenpean zabaltzen ari diren afixak, edo sarri entzuten diren iruzkinak: «Azkenean euskara desagertuko da zeren eta gu baino gehiago izango baitira».

Horregatik, praxi politikoen garrantzia nabarmendu du Zubiagak: «Olatu globalak daude, logika sistemikoak. Ez da gauza bera Arizona, Valentzia, Euskal Herria edo Madril. Logika orokor bat dago, baina leku bakoitzak tokiko analisiak egitea eskatzen du. Gure herriaren erresilientzia historikoa testuinguru globalekin sintonizatzeko gaitasunetik eratortzen da». Orain, bat egingo al du olatu erreakzionario horrekin? Zubiaga: «Kezkatik abiatu gara; prozesu edo logika honi aurre egiteko tresneria indartsuagoarekin abiatu gara. Ez gara ez sortzez garbiak, ez genetikoki ezkertiarrak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.