Uliazpiko langileek hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudi bat eskatu dute

Uliazpi fundazioko enpresa batzordearen gehiengoak deituta, elkarretaratzea egin dute Donostian. Epaileak hizkuntza eskubideen inguruan erakusten ari diren «gaitzustea» salatu dute.

Uliazpiko langileen elkarretaratzea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Uliazpiko langileen elkarretaratzea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2024ko maiatzaren 24a
13:00
Entzun

Joan den astean zabaldu zen albistea: Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu Uliazpi fundazioko 34 lanpostutako euskara eskakizunen kontrako sententziari jarritako kasazio helegitea. Gaur, hori salatzeko, LABek eta ELAk —enpresa batzordean gehiengoa dute– elkarretaratzea egin dute Uliazpiren egoitzaren aurrean, Donostian. Hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudi bat eskatu dute.

2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Alabaina, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iazko martxoan ebatzi zuen ez zirela legezkoak eskakizun horiek. Gipuzkoako Foru Aldundiak kasazio helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina, joan den astean, horrek erabaki zuen tramitera ez onartzea.

Uliazpiko langileak ez daude ados epaileen erabakiekin. Horregatik, gaur elkarretaratzea egin dute fundazioaren egoitzaren parean, Epai euskarofoboen aurka. Uliazpi aurrera! lelopean. Bertan izan dira zenbait langile, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko —haren mendekoa da Uliazpi— eta euskalgintzako zenbait kide ere. Enpresa batzordearen gehiengoak deitu du elkarretaratzera —LABek eta ELAk—. CCOO ere enpresa batzordeko kide da, baina ez du bat egin deialdiarekin.

Protesta amaituta, ohar bat irakurri dute. Nabarmendu dute badagoela arrazoirik kaleak hartzeko: «Hemen gaude, kalera ateratzeko beharra ikusten dugulako, epaileak gure hizkuntza eskubideen inguruan erakusten ari diren gaitzustea salatzeko». Halaber, gaitzetsi dute zalantzan jarri dituztela Uliazpiko 34 lanpostu egonkortzeko lan eskaintza publikoaren oinarriak. Baita langileen eta erabiltzaileen eskubideak ere: «Gutxietsi egiten du Uliazpiko langileek egin duten esfortzua, artatzen dituzten pertsonen hizkuntza eskubideak kontuan hartuak izan daitezen».

Baina, kasu jakin batez harago joanda, arazoa orokorragoa dela iruditzen zaie. «Uste genuen denborarekin euskal administrazioko euskararen normalizazioari buruzko araudiak modua emango zigula herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko; orain ikusten dugu ezetz». Izan ere, araudiaren interpretazioan «aldaketa bat» egon dela nabarmendu dute. Okerrerako: «Bigarren kategorian utzi du euskal hiztuna». Eta orokortua dela, gainera: «Tantak ziren hori euri jasa bihurtu da, egungo hizkuntza araudia zalantzan jartzen duten sententziek zalantzan jartzen dutelako orain arte egindako ibilbide guztia».

«Langileek LEPa gainditzeko eta euskara ikasteko egin duten esfortzua zakarretara joango da agian».

JON TXASKOLangile batzordeko LABen ordezkaria

Langileen izenean, Jon Txaskok eta Imanol Simonek hitz egin dute. Langile batzordean LABen ordezkaria da Txasko; ELArena Simon. Gordin mintzatu da Txasko: «Lehenengo balorazioa oso ezkorra da». «Kezkatuta» daudela dio, ez dakitelako zer gertatuko den langileekin: «Azken erabakiarekin, LEPeko baldintzak atzera bota dituzte; ikusi beharko da zer gertatzen den, ez dakigu, baina langileak oso kezkatuta daude. LEPa gainditzeko eta euskara ikasteko egin duten esfortzua zakarretara joango da agian».

Euskara lanerako ezinbesteko lanabestzat daukate batak zein besteak. Hala nabarmendu du Simonek: «Euskarak beharrezkoa izan behar du lan hau egiteko, ze gure erabiltzaile gehienak euskaldunak dira, eta behar dute». Erabiltzaileek ezaugarri «bereziak» izaki —adimen urritasuna dutenekin lan egiten dute—, beren hizkuntzan artatzea ezinbestekotzat dauka Simonek: «Azken finean, gure erabiltzaileak dira garrantzitsuenak, ez gu bakarrik. Haientzat egiten dugu lan, eta haiekin ondo egin behar ditugu harremanak; horretarako, euskaraz jakin behar dugu, ezinbestekoa da».

«Erabiltzaileekin ondo egin behar ditugu harremanak; horretarako, euskaraz jakin behar dugu, ezinbestekoa da».

IMANOL SIMONLangile batzordeko ELAren ordezkaria

Ordea, Gorenaren ebazpenaren ondorioz, zalantzak nagusitu dira langileen artean. Txaskoren arabera, laster beste LEP bat egitekoak dira, eta ez dakite zer gertatuko den: «Hartuko ditugu pertsonak euskaraz jakin gabe? Behin eta berriro erdara inposatuko dute? Horren aurrean gaude». Eta gehitu du: «Euskal hiztun guztien eskubideak zalantzan jartzen ari dira».

Konponbide eske

Hori ikusita, langileen ordezkariek konponbideak eskatu dituzte oharrean. Nabarmendu dute egungo araudiak ez diola «ibilbide bat» eskaintzen hizkuntza normalizazioari. Beraz: «Gure hizkuntza eskubideak bermatuko dituen araudi bat eskatzen diegu botere publikoei, eta herritarrak animatzen ditugu euskararen normalizazioaren aurkako ofentsiba judizialaren aurka mobilizatzera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.