«Gure ustez, errekurtsoa ez onartzea guztiz bidegabea da». ELA eta LAB sindikatuek ohar bateratu bat atera dute gaur Uliazpi fundazioko enpresa batzordearen «gehiengoaren» iritziaren berri emateko, eta Espainiako Auzitegi Gorenak fundazioan jarduteko hizkuntza eskakizunen inguruan ebatzi duen epaia salatzeko. Ebazpen horretan atzera bota da Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza eskakizunen defentsan aurkeztu zuen helegitea, eta, ondorioz, langileen ustez, ontzat jo da iaz EAEko Auzitegi Nagusiak eskari horien kontra eman zuen epai «euskarafoboa». Kontra egite aldera, elkarretaratze bat egingo dute ostiral honetan, Donostian, fundazioaren zerbitzu nagusien sarreran, Antigua auzoan. 11:00etan izango da.
Sindikatuek atera duten oharrean jaso dutenez, epai hauen bidez ez da aintzat hartu Uliazpin martxan zen lan eskaintza publikoaren bidez lanpostu bat eskuratzeko igaro hamabost urteotan hainbat langilek egin duten «ahalegina». Kalterako dira Uliazpiko erabiltzaileentzat eta senideentzat ere, haien eskubideen kontrakoak. Adimen urritasuna dutenekin jarduten dute erakunde horretan, eta komunikazioa norbera erosoen moldatzen den hizkuntzan egin ahal izateak aparteko garrantzia izaten du halako arta motetan.
Hizkuntza eskakizunek «herritarren eskubideei» erantzuten dietela adierazi dute, eta badirela «erabiltzaileek behar dituzten ezaugarrien» ondorio ere. «Uliazpik agindutako zereginak betetzeko, hizkuntza jakitea funtsezkoa da langileentzat». Hain justu ere, hori aintzakotzat hartuta erabaki zuen fundazioak 34 zaintzaile kontratatzeko oposizioan B2 titulua ezinbestekoa zela horietako 32 postutan, eta meritua, berriz, beste bitan. Eta horrexen kontra egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak.
Halako ebazpenekin justiziak erabiltzaileen hizkuntza eskubideak «gutxietsi» egiten dituela uste dute langileen ordezkariek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urteotan euskararen normalizazioan egin duen bidea ere zapuztu egin dutela. 30 urte baino gehiagoan «adostutako» hizkuntza planak direla gogoratu dute, eta ezin direla ebazpen judizialen bidez bazterrean utzi.
Kontseilua ere bai
Euskalgintzaren Kontseiluak bat egingo du protestarako deiarekin. Ebazpenaren berri izan ostean, lehengo astean, euskararen aurkako oldarraldi judizialarekin lotu zuen: «Honek erakusten du ez duela etenik». Halaber, uste du egun eskura dauden tresnak aldatu gabe «zaila» izango dela auzitegien «erasoei» aurre egitea: «Aurrera egiteko, beste eszenatoki batera joateko, tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea da bidea». Protestarekin bat egin du Euskal Herrian Euskarazek ere, eta epaia gaitzetsi du.
Euskalgintzako eragileek ez ezik, epaiaren gaineko mezu kritikoa eman zuen lehengo astean Gipuzkoako Diputazioak ere. Gogora ekarri zuen funtzio publikoan jardun nahi duen pertsona bati euskara ezagutza egiaztatzeko eskatzea ez dela «diskriminazioa», euskara ere hizkuntza ofiziala delako, eta hizkuntza eskubideen berme izan behar duelako administrazioak. Nabarmendu zuen, gainera, gizartearen «gehiengoak» eske hori onetsi egiten duela.