Koronabirusa. Cristina Merino Ortiz. Familia bitartekaria

«Ulertu behar da egoera hau mugatua dela, ez dela betiko izango»

Seme-alabak dituzten bikote bananduek edo banatzeko prozesuan daudenek erronka berezi bat daukate berrogeialdi honetan. Merinok gomendio batzuk bildu ditu egoera horri aurre egiteko.

BERRIA.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusak eragindako osasun alerta dela eta, egoera bereziak ari dira sortzen Euskal Herriko etxeetan, hala nola bikoteen arteko harremanak nola kudeatu eta, bikote bananduen kasuan, umeen kustodia nola antolatu. Cristina Merino Ortiz psikologoa eta abokatua da, eta Eusko Jaurlaritzaren Familia Bitartekaritzan egiten du lan. Alde batetik, bikote krisiak azaleratuko direla aurreikusi du, eta, bestetik, umeen kustodiak koherentziaz gestionatzeko aholkatu du, haurren eta senitartekoen osasuna berma dadin.

Berrogeialdian gaudenetik dei ugari jaso dituzue; zein da eskari nagusia?

Telefonoz egiten duguna informazio orokorra ematea da; telefonoz ezin dugu ohiko saiorik egin. Beti esaten dugu hau ez dela premiazko zerbitzu bat, erabaki adostuak hartzeko zerbitzu bat dela. Horregatik, informazioa eskatzeko deitzen digutenean, zuzenean hitzordua jartzen dugu prozesuari ekin ahal izateko; orain, hasiera hori atzeratu behar dugu, baina mezua bera da: lasaitasuna; seme-alabek ez dute ikusi behar osasun egoera horrek ere arazoak sortzen dituela helduen artean.

Uste duzu berrogeialdi honekohiz kanpoko egoerak sortuko dituela?

Ziur nago. Baina ez dira sortuko: bikoteen artean zeuden tentsio harremanak azalaraziko dira; beste barik, konfinamendu egoeran gehiago nabarmenduko dira. Harreman bat konplexua denean eta isiltasunean eta haserrean oinarritzen denean, leku itxi batean denbora luzez egoteak zaildu egiten du elkarbizitza. Horrek esan nahi du nahitaez hitz egin beharko dutela, eta horregatik identifikatzen da krisia elkarrizketarako aukera gisa.

Beste alde batetik, jada bananduta dauden eta umeen kustodia banatzen duten bikoteak egoera zailean daude orain.

Konfinatuta gaudenean, eta seme-alabak beste gurasoarekin joateko txanda heltzen denean, zer egin daiteke, prebentzio neurriak errespetatuz, egoera konpontzeko? Zorionez, teknologiak ditugu segundo gutxian harremanetan jartzen gaituztenak egon nahi dugun jendearekin. Aukera bat da telefonoa edo Skype erabiltzea talde birtualak egiteko, beste etxe batean dagoen gurasoa seme-alaba guztiekin kontaktuan jarri ahal izateko.

Ez da posible umea edo gurasoa etxe batetik bestera mugitzea?

Kasu bakoitzean ikusi beharko litzateke. Ez dakit etxez zenbateraino alda daitekeen, etxe berean egotera behartzen gaituztela jakinda. Aurrez aurre ez bada ere, harremana zelan mantendu, hori da gakoa.

Nola azaldu behar zaie egoera berezi hau haurrei?

Gogoeta egiteko aukera bat da, erabakitzeko zer den garrantzitsua. Egoera hau ez da nahi dugun zerbait, ezta guraso baten inposizioz sortutako zerbait ere; erantzukizun indibidual bat da, erantzukizun kolektiboaren barruan ere kokatzen dena. Horrek lagun diezaguke gure seme-alabei ikusarazten gaur egun amarekin egon ezin bada errespetatu beharreko arau batzuk betetzeagatik baino ez dela, maite ditugulako eta babesten ari garelako. Arrazoinamendu hau agureekin ere aplika daiteke; izan ere, haiek daude arrisku berezia duten pertsonen multzoan.

Adibideren bat jar dezakezu?

Ume batzuek nagusien laguntza behar dute ordenagailua erabiltzeko edo Internetera konektatzeko. Kasu horietan, lasaitasuna izan behar da nagusi, eta beste gurasoarekin harremanetan jartzeko baliabideak eskaini umeari. Baina, behin jarrita, umeak egon daitezke egon beste pertsonarekin bakarrik hitz egiten, betiere zigor baten itxura hartu barik. Koordinatu ahal izatea primerakoa litzateke; telelana egiten ari zaren bitartean, umeak beste gurasoarekin egon ahal dira Skype bidez, zer egiten ari diren kontatzen. Ez dugu ahaztu behar haurrak etxean daudela, baina etxerako lanak dituztela egiteko.

Zer gertatzen da bikoteen artean akordiorik ez badago?

Orduan, legezko neurriez hitz egingo genuke; horretarako, abokatuekin harremanetan jarri beharko dute, eta euren buruei galdetu prozesu judizial bat hasi nahi duten. Baina hemendik akordio bat bultzatu nahi dugu, eta bermatu nahi dugu auzi horiek guztiak, azken finean pribatuak direnak, ez direla judizializatu behar. Gure lana da jendea lasaitzea eta ulertaraztea egoera mugatua dela, ez dela betiko izango, eta konpentsa dezakegula normaltasuna berreskuratzen dugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.