Ukraina-Euskadi elkarteak deituta, elkarretaratze bat egin dute gaur Donostiako Bulebarrean, Errusiaren Ukrainako inbasioa salatzeko. Ukrainaren independentziaren 33. urteurrenaren harira egin dute elkarretaratzea, eta antolatzaileek Ukrainaren aldeko jarrera «irmoa» eskatu diote nazioarteko komunitateari.
Mobilizazioan, berrehun lagunetik gora bildu dira. Horietako asko Ukrainatik Euskal Herrira migratutako herritarrak izan dira. Elkarretaratzera batu dira Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburu Nerea Melgosa eta Donostiako alkateorde Nekane Arzallus ere. Isilune batekin oroitu dituzte Errusiaren eta Ukrainaren arteko gerran hildako eta bahitutako ukrainarrak.
Ukrainako bandera ugariren artean ikus zitezkeen pankartetan, manifestariek estatu «terrorista» bat izatea egotzi diote Errusiari, eta «hiltzaile» deitu diote Vladimir Putin herrialdeko presidenteari.
Ukrainak 1991ko abuztuaren 24an aldarrikatu zuen independentzia. Antolatzaileek nabarmendu dute «mende luzeetako» gatazken emaitza izan zela, eta herritarrek argi erakutsi zutela estatu independente izateko borondatea zutela, erreferendumean %84ko babesa eman baitzioten independentziari eta %90eko parte hartzea izan baitzen bozketan.
Ukraina-Euskadi elkarteko presidente Oksana Demianovitxek eta elkartearen Gipuzkoako arduradun Natalia Mikhailevskak gaitzetsi egin dute beren herrialdea «berriro ere» gerra batean murgilduta egotea «gauza berarengatik: libre eta independente izateagatik». Beren jatorriko herrikideen «ausardia» goratu dute, bi urte eta erdi baino gehiago daramatzatelako «egunero gogor eusten», herrialde «subirano eta demokratiko batean bizi nahi dutelako».
Demianovitxen esanetan, «Ukraina aurre egiten ari zaio mendean hartu nahi duen eta bere identitatea ezabatu nahi duen estatu autoritario baten eraso bortitzari». Hori dela eta, nazioarteko komunitatearen «babes irmoa behar du». Babesa ezin daiteke adierazpenetara mugatu, Demianovitxen iritziz. «Hitzak ez dira nahikoa. Armamentua behar dugu geure burua defendatzeko, gure herrikideak babesteko eta etorkizun bat ziurtatzeko zapalkuntzatik libre».
Elkarteko presidentearen arabera, «erabakigarria» izango da nazioartea Moskuren aurka «batuta» mantentzea, ez dadin finkatu Errusiak «Iranekin, Txinarekin eta beste batzuekin batera eratu duen gaizkiaren ardatza». Hala egin ezean, «ez da Ukraina soilik egongo arriskuan, baizik eta mundu osoko bakea eta segurtasuna».