Gerra Ukrainan

Ukrainako krisian batasuna eskatu du Urkulluk, eta herri ituna EH Bilduk

Lehendakariak EH Bilduri eskatu dio Errusiaren inbasioa gaitzesteko. Alderdiak, berriz, krisiari aurre egiteko «plan integral» bat galdegin du

Maddalen Iriarte eta Iñigo Urkullu osoko bilkura batean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE.
jone arruabarrena
2022ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
EH Bilduko Iker Casanova legebiltzarkideak «plan integral bat» eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, Ukrainako gerrak eragindako ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko. «Elkartasun sare kolektibo bat» galdegin dio Casanovak: «Herritarrei eta euskal enpresei lagundu eta gerrak ekarri duen bertigoari aurre egiteko segurtasuna emango dien plan bat behar dugu». Osoko bilkura monografiko batera deitzea galdegin du hartu beharreko neurriak eztabaidatu eta adosteko. Urkulluk, ordea, EH Bilduri eskatu dio Errusiak Ukrainari egindako erasoa gaitzesteko.

Casanovak eskatu du Eusko Jaurlaritzak daukan babes sozialeko sistema «berehala» berrikusteko. Azaldu du gaur egun dagoen inflazioak «jan» egiten dituela orain indarrean dagoen sistemak ematen dituen laguntzak, eta, horrenbestez, esan du laguntza programetan sartzeko baldintzak malgutu egin beharko liratekeela.

Bestalde, legebiltzarkideak lehendakariaren eskaerari ere erantzun dio: «Ez daukagu inolako beldurrik gauzei bere izenez deitzeko». Errusiak egindako erasoa «onartezina» dela adierazi du, baina beste kasu batzuetan Jaurlaritzak hartu duen jarrera ere kritikatu du: «George Bush, Aznar edo zuok horrelako eraso onartezinak burutzen dituzuenean, horiei buruz ere modu berean hitz egin dezazuen nahiko nuke». Urkulluk, berriz, erantzun dio ezin dela «zalantza izpirik» geratu, eta Errusiaren erasoa «gogor» gaitzetsi behar dela.

Gerraren ondorio sozioekonomikoei aurre egiteko planari dagokionez, lehendakariak adierazi du ostegunean Teresa Ribera Trantsizio Energetikorako ministroari bost proposamen bidali zizkiola Jaurlaritzak, «energiaren eta erregaien prezio igoerari» aurre egiteko. Hala ere, gogorarazi du Espainiako Gobernuaren eskumena dela erregaien gaineko zerga jaistea: «Gaur egitea posible bada, bihar egitea baino hobe».

«Batasuna»

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarreko bozeramaileak ere kezka azaldu du Ukrainako gerrak ekarri dituen ondorioez. Lehendakariari galdetu dio nola egingo dion aurre egoera horri, eta adierazi du «beharrezkoa» dela «estatuko itun bat» sortzea, herritarrei ziurtasuna eman eta prezio igoerari konponbide bat emateko.

Lehendakariak, gerrak eragindako krisiari aurre egiteko elkarlana beharrezkotzat jo du, baina adierazi du horretarako «batasuna» egon behar dela alderdien artean. Horregatik, EH Bilduri ohartarazi dio «argi eta garbi» gaitzetsi behar duela Ukrainako egoera, eta alderdiko kideei eskatu die egoeraz berak egiten duen diagnostikoarekin bat datozen argitzeko: «Errusiak alde bakarreko inbasio militar bat hasi du, eta giza eskubideak eta nazioarteko legeak bortxatzen ari da».

Iriartek, berriz, EH Bilduren jarrera argia dela adierazi dio: «Uste dut gai honen inguruan EH Bilduk duen jarrera oso argi geratu dela. Ulertu ez baduzu, berriro errepasatu beharko duzu». Horren ordez, konponbideak eskatu dizkio Iriartek: «Erantzunak behar dira honek sortzen duen egoeraren inguruan. Zoritxarrez, euskal jendarteak epe laburrean duen bigarren krisia da: elektrizitatea, gasa, gasolina, oinarrizko produktuak garestitu egin dira izugarri, garraiolariak greban daude, arrantzaleek ezin dute portuetatik atera... eta Europan milaka eta milaka errefuxiatu ate joka daude. Eta, egoera honetan, herritarrek ziurtasunak behar dituzte».

Nafarroan ere, Ukrainako egoerak ekarri dituen ondorioei aurre egiteko laguntza eskatu dio legebiltzarrari Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak. Gobernuaren eta legebiltzarraren arteko elkarlana galdegin du horretarako, eta adierazi du gerrak utzitako ondorioak Nafarroan «ahalik eta eragin txikiena» izateko erabaki zuzenak hartzea dela agintarien eginbeharra.

Manifestazioa Bilbon

Ukraina-Euskadi elkarteak manifestaziora deitu du biharko: «Gerra krudel eta zentzugabe hau gelditzeko, mobilizaziora batzeko gonbita egiten diegu hiritar guztiei». Jesusen Bihotza plazan hasiko dute, 12:30ean, eta udaletxean amaituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.