EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (XI). Lurdes Imaz (EHIGE)

«Uko egin zaio eskola publikoa indartzeari»

Guraso elkartea kezkatuta dago, itunak ez duelako murgiltzea ezarri eta segregazioaren aurkako neurriak «berandu» datozelako, baina, batik bat, sare publikoa ez delako ageri sistemaren ardatz gisa.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak joan den ostegunean onartutako hezkuntza itunarekin «oso kezkatuta» dago Lurdes Imaz (Azkoitia, Gipuzkoa, 1973), EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzailea: «Herri honek eskola publiko sendo bat merezi du, parte hartzailea, euskalduna... eta halakorik ez dago akordioan». Jaurlaritzak legea ondu bitartean, edukietan eragitea espero du.

Parlamentuaren onespena jaso du hezkuntza itunak. Zer iruditzen zaizu haren edukia?

Egungo sistema duala betikotuko du. Itunak dio euskal hezkuntza sistemak titulartasun publiko zein pribatuko ikastetxeak barne hartuko dituela, eta itunpekoek publikoen finantzaketa berdina eduki ahal izango dutela. Hau da, egungo egoera lege batean jaso dute: babes juridikoa eman diote.

Egungoa eraldatu ordez?

Bai. Sistema eraldatzeko, diagnostiko bat behar da, eta ez dago halakorik; segregazioari aurre egiteko neurriak daude, baina ez da azaltzen zergatik dagoen segregazioa. Beraz, egungoa blindatu nahi dute. Euskal eskola publikoaren legea onartu zenetik, sistema pribatizatu besterik ez da egin: etapa guztiak ituntzen dira, eta estatuko finantzaketa handiena jasotzen du sare pribatuak. Horrek ez dio utzi publikoari hazten. Testuak dio bi sareek dituztela eskubide eta betebehar berdinak, kontuan izan gabe funtzionamendua bestelakoa dela: titulartasunak dena baldintzatzen du.

Zehazki zer baldintzatzen du?

Adibidez, eskola publiko batean erosketa guztiak kontrolatuta daude —diru publikoa da—, ez dago itunpekoetako erabaki ahalmenik... Gu ez gaitu asetzen egungo eredu publikoak; baina, parte hartzeko eta erabakitzeko gaitasun handiagoa eman beharrean, uko egin zaio eskola publikoa indartzeari. Eta publikoak du hezkuntza unibertsala emateko funtzioa.

Itunak aitortzen du sare publikoaren garrantzia, eta plan estrategiko bat ere agintzen du. Nahikoa da?

Partxeak dira. Itunak adierazi behar luke eskola publikoa dela sistemaren ardatza, eta planteatu behar luke urte batzuetan Europako mailara iristea: oraingo %50etik poliki %80ra. Segregazioari ere erantzun sakona eman behar lioke: eskola orekatuak nahi ditugu, baina administrazioak ezin du esku hartu zentro pribatuetan; beraz, nola planifikatuko du sistema kohesionatu bat?

%50etik %80ra, ikastetxeak publifikatuz?

Bai. Baina publikotasunak ere erakargarria izan behar du. Itunpekoei esanez gero publikoaren finantzaketa berdina jasoko dutela eta erabakimen handiagoa izango dutela, inor ez da publifikatuko. Gainera, jaiotza tasaren jaitsierarekin, sekulako gaineskaintza pribatua dago. Uneotan, matrikulazioa merkatu bat da: eskola guztiek sartu behar izan dugu ikasle bila. Eta egoera horretan eskola bat itxi behar bada, zein izango da: publikoa ala pribatua?

Eskola gehienak publikoak balira, gurasoen aukeratzeko eskubidea mugatu behar litzateke?

Denek ez dute hautatzen, eta testuan argi dago: ikasle zaurgarriek ezin dute erabaki, banatu egingo dituzte. Baina gauza bat da familien aukera, eta beste bat, zer finantzatzen den. Berriz diot: uko egin zaio eskola publiko erreferente bat egiteari, gurasoek hori aukera dezaten. Eskola publikoa ghetto bihurtzen uzten bada, familiek ihes egingo dute, eta hori egin da beste eredu batzuk finantzatuz. Beraz, egin ditzagun eskola kohesionatuak, eta berma ditzagun ikasle guztien eskubideak, ez soilik batzuenak. Izan ere, ikerketek diote maila sozioekonomikoak emaitza akademikoak baldintzatzen dituela, baina, aldi berean, maila baxuko ikasleek hobetu ditzaketela maila altuagokoekin badaude, eta alderantzizkoa ez dela gertatzen. Gurasoek jakin behar dute seme-alabentzat ez dela txarra aniztasunean heztea.

Segregazioaren aurkako neurri zehatzak aipatzen ditu itunak. Nahikoak dira?

Adituek argi diote sistema dualak berak eragiten duela segregazioa; beraz, hori mantentzen badugu, segregazioa egon egongo da. Egia da itunean neurri batzuk badaudela, eta ikusiko dugu zer ematen duten, baina epeak oso luzeak dira, eta jada berandu goaz. Gainera, zehaztu behar da zer izango diren tokiko kontseiluak: testuak dio informazio bulegoak izango direla, ez matrikulazio guneak.

Itunpeko sarearen parte handi bat dira eskola erlijiosoak. Laikotasuna bete dezakete, haien izaera erlijioari lotuta badago?

Ez dakit. Nik bakarrik diot eskola publikoak laikoa izan behar duela. Hezkuntza Sailak erabaki behar du nor finantzatu.

Ikastolek, euskara irakasten ez ezik, Euskal Herriari buruzko ezagutzan ere ekarpen handia egin dute. Egun sare publikoak bermatzen al du ezagutza hori?

Noski, euskal curriculumean jasota daukagu: eskola publikoak euskal kultura eta nortasuna eraikitzeko espazioa izan behar du.

Euskarari dagokionez, DBH amaitzean B2 maila izan beharko dute ikasleek, eta eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua landu. Nola ikusten duzue?

Arrisku bat dago: murgiltzeak bermatzen du hobekien euskaraz jakitea, baina itunak eskolei aukera ematen die ez ezartzeko. Eta murgiltzea beharrezkoa da: ikasorduak ez ezik, jarduera guztiak egin behar dira euskaraz. Bestalde, B2 maila aipatzea ondo dago, baina bermatu behar da denek lortzen dutela, edonon.

Zer baliabide behar dira?

Metodologia egokitu behar da, egungo egoerak ez baitu zerikusirik duela 30 urtekoarekin: sare publikoko ikasleen %90 D ereduan daude, baina gehienentzat eskola da euskaraz egiteko eremu bakarra. Eta, horrez gain, indartzeak, ordu gehiago... Edonola ere, gutxitan aitortu da egun eskola publikoa dela gehien euskalduntzen duena, eta kontuan hartzekoa da: eskola publiko gutxiagok euskara gutxiago dakar.

Eskola publikoan %10ek A eta B ereduan ikasten dute. Zer egin behar da eredu horiekin?

Argi dugu ereduak desagertu behar direla —eta berez desagertzen ari dira—. Gainera, maila ekonomikoarekin lotuta daude: eskola publikoan, A ereduan daude maila sozioekonomiko baxukoak—pribatuan, aldiz, altuenekoak—, eta zaurgarrienei ere bermatu behar diegu euskaraz jakitea, ezin diegu eskubide hori ukatu.

Ikastetxeetako zuzendariei ardura gehiago eman nahi diete. Nola ikusten duzue hori?

Itunak asko hitz egiten du zuzendaritzez, eta gutxi eskola kontseiluez, baina parte hartze organoak indartu behar dira: eskola kontseiluan hartu behar dira erabakiak, eta horiek gora eraman, ez alderantziz. Eskola batek guraso elkarte indartsua duenean, nabaritzen da.

Bihar: Iñigo Salaberria (Heize).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.