Amaia Nausia Pimoulier. Historialaria

«Ukatu egin digute iragana, historia»

Noaingo bataila ikertzean, emakumeak erdigunean jartzen ditu Nausia historialariak, eta haien bizimoduaz mintzo da: «Esan digute ez garela izan historiaren protagonistak, eta hori uste dugu oraindik».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Historia instituzionaletik eta politikotik aldentzen da Amaia Nausia (Iruñea, 1982) Eusko Ikaskuntzako egitasmoen arduraduna eta historialaria. Begirada androzentrikoaren kontra, feminismoa txertatzen du historian. Horren adibide da Atarrabiako kultur etxean irailaren 23an eman zuenhitzaldia; Emakumeak borrokatzen ziren bitartean, gizonek gudukatzen zuten. Hitzaldian 1521. urtera egiten du atzera, eta Noiaingo batailaren (Nafarroa) esparruan kokatzen ditu entzuleak; besteak beste, emakumeen egoeraz, bizimoduaz, jokabideaz eta bizirik irauteko baliabideez mintzo da.

Hitzaldiaren izenburuan zergatik bereizten dituzu borrokatu eta gudukatu hitzak?

Hasteko, historiografia, normalean, oso androzentrikoa delako. Historiagileek beti garrantzia eman diete gizonezkoak protagonistak izan diren eremu horiei; bat gerra da. Haiek ziren protagonista nagusiak arma fisikoak haiek hartzen zituztelako, baina badaude beste arma sinboliko batzuk eta borrokatzeko beste modu batzuk. Historiografia feministak indarra jarri nahi du argia ez duten eremuetan, tradizionalki gizonezkoen eremuak izan direlako. Esan digute ez garela izan historiaren protagonistak, eta hori uste dugu oraindik. Lau erregina eta lau salbuespen kenduta, ez dago emakumeen izen propiorik. Eremu jakin batzuetan zaila da emakumeak aurkitzea; hala nola arlo instituzionalean, politikoan eta militarrean.

Beraz, nora zuzendu behar da begirada?

Egunerokotasunera eta erresistentzia espazio txikietara; etxean, lurrak kudeatzen, ekonomia kudeatzen, lan munduan... protagonistak izan ziren emakumeak, baina itzaleko protagonistak; gainera, oso garai gogorrean. Alde batetik, Nafarroan gerra piztu zelako, baina, bestetik, Europan Aro Modernoaren eta estatu modernoaren eraikuntzan emakumeen kontrako zapalkuntza oso bortitza izan zelako.

Arreta egunerokotasunean jarriz gero, hainbat erresistentzia adibide ikus daitezke. Zeintzuk?

Sorginkeria salaketen kasua, adibidez. Estatu modernoak diziplina oso bortitza erabili zuen emakume jakin batzuen kontra; hala nola alargunak, adinekoak... eta askotan medikuntzarekin zerikusia zuten emakumeak izaten ziren. Estatu modernoaren obsesioa emakumeak ama izatea zen; beraz, emakumeok doktrinatu egiten gintuzten ama izateko. Garai horretan ez zegoen bekatu handiagorik abortatzea baino. Hortaz, emaginek laguntzen zituzten emakumeak haurrak ekartzen, baina baita abortatzen edo haurdun ez gelditzen ere.

Nola aipatu izan dira emakumeak historian?

Oso modu ezkor batean beti. Gizarte patriarkala sortu zenetik, emakumeen irudia ezkorra da:gaitz guztien iturritzat hartzen gaituzte. Sokratesek esaten zuen emakumea gaitz guztien iturria dela. Hor ere badago patriarkatuaren erroa. Emakumeen menpekotasuna justifikatzeko, esaten dute intelektualki eta biologikoki ahulagoak garela. Horrez gain, esaten dute sistemarentzat arriskutsuak garela, baldin eta gure rola betetzen ez badugu.

Zer baliabide zituzten garai horretan bizirik irauteko?

Emakume on bat izatea. Azkenean, pentsatu behar dugu ohoreak zenbaterainoko indarra zuen; ohorea da zure berdinek zu onartzea. Gaur egungo ikuspuntutik ikusita, arraroa edo pixka bat abstraktua dirudi. Ohorea ez da zerbait materiala, baina garai horretan, bai. Zure ohorea galtzen bazenuen, adibidez harreman sexualak ezkontzatik kanpo izanez gero, ez zuen inork zurekin ezkondu nahi. Horrek zure iraupenean eragiten zuen; hortaz, ezkondu egin behar zenuen zure bizitza egin ahal izateko.

Kontakizun horrek nola eragin dio gaur egungo historiari?

Historiografia androzentrikoak lortu duena da emakumeok ez izatea gure iraganeko kontzientziarik. Hori ere emakumeen kontrako indarkeria modu bat da. Guri ukatu egin zaigu gure iragana, gure historia. Sinetsarazi zaigu ez dugula historiarik egin, eta hori emakumeen eginkizuna gutxiestea da. Gainera, esango nuke ez duela erraztu kontzientzia feminista eraikitzen, zuk uste duzulako zure rolak historian ez duela garrantzirik izan eta erreferenterik ez duzulako.

Erreferenteak bilatzeko orduan, non jarri behar da arreta?

Emakume esanguratsuak bilatzen tematu eta arreta horretan jarri beharrean, nik emakume arruntetan jarriko nuke indarra. Emakume gudariek igual ez dutegure erreferenteak izan behar; igual kaleko emakume arruntek izan behar dute gure erreferenteak. Asko sinplifikatzen da esaten dugunean sorginen alabak garela, baina egia da agian berreskuratu beharko genukeela emakume horien memoria, eta aldarrikatu zein emakumeri jazarrizitzaizkien eta zergatik.

Feminismoaren bidez historia idazteko abiapuntua garai horretako ideala sortzea da; nondik jasotzen duzue informazioa?

Hasteko, instituzionalki zer eskatzen zen eta zer espero zen bilatzen dugu. Horretarako, lege iturriak daude; hala nola emakumeen joeraren, sexualitatearen, ondarearen kudeaketaren, amatasunaren eta jokabidearen inguruko legeak. Bestetik, literaturak ere ematen dizkigu zenbait iturri.

Emakumeek zer pentsatzen zuten jakiteko, prozesu juridikoak lagungarriak dira?

Nafarroako Artxibo Orokorrean ehun prozesu aurkitu ditut non alargunak gremioen kontra borrokatzen ziren. Hor agertzen da zapatarien gremioak emakume baten kontra salaketa jartzen duela; gremioen estatutuetan jartzen duenaren kontra zapatak saltzen dituelako, ez daukalako gizonezkorik dendan eta hori egiten jarraitzen duelako. Emakumeak erantzuten du bere eskubidea dela, eta produktuak onak direla. Handik beste prozesu bat agertzen da, antzekoa, baina beste emakume baten kontra, eta horrela ehun kasu inguru zenbatu nituen. Horrek esaten dizuna da legea bazela, baina emakumeek ez zutela onartzen debeku hori.

Beste adibide bat buruko apaingarriena da.

Hemen, Euskal Herrian, emakumeek buruko apaingarri bat eramaten zuten. Badakigu Eliza katolikoaren bisitariak Espainiatik etortzen zirenean burukoen kontra legislatzen zutela. Hortik hamar urtera itzultzen ziren, eta lege bera idazten zuten. Horrek esan nahi du erabiltzen jarraitzen zutela. Hala ere, informazioa lerro artean irakurri behar da, emakumeek ideala erreproduzitzen zutelako zigorraz libratzeko.

Emakume eta gizon kategoria binarioetatik ateratzen diren pertsonei zer aitortza egin zaie?

Oso txikia. Oso isilduak egon dira. Adibideak badaude, baina oso zigortuak izan dira. Zigorren ondorioz ezagutzen ditugu haien bizitzak. Emakumeei dagokienez lerro artean irakurri behar baduzu jakiteko nolakoa zen haien bizitza, horrelako kasuak ezagutzeko ez dakit zenbatgarren lerroan irakurri behar duzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.