Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Eukalipto landaketen ingurumen ondorioak EAEn eta inguruetan txostena idatzi zuen Aitor Larrañaga biologoak (Zestoa, Gipuzkoa, 1979), Arturo Elosegi, Juan Arizaga eta Carlos Cabidorekin batera.
Zuen ikerketak ondorio argia atera du: eukaliptoa kaltegarria da bertoko basoetarako. Hori eztabaidaezina da?
Bai, ez dago zalantzarik. Edozein lekutatik begiratuta, eukaliptoak izugarrizko kalteak sortzen ditu gure natur baliabideetan.
Lurzoruari egiten dion kalteari buruz hitz egin da asko, baina zuek ibaiak eta biodibertsitatea ere aztertu dituzue.
Ondorio nagusia da eukaliptoak asko apalduko duela dibertsitateaeta espezie asko eta asko galdu ere egingo direla landaketon ondorioz. Basoan sortzen diren hostoak, orbela, espezie askorentzako jakia dira. Eukaliptoaren orbela, ordea, oso toxikoa da. Espezie abila da belarjaleak saihesten, eboluzioak eman dion arma horri esker: toxikoak eta olioak metatzen ditu horretarako. Hosto horiek lurzorura edo ibaietara erortzen direnean, defentsa horiek oraindik hosto horiek babesten jarraitzen dute. Kontsumitzaileak jaten saiatzen dira, eta hil egiten dira. Hortaz, baliabiderik, bazkarik ez badago, ezin dira hor egon.
Biodibertstitatean duen eraginaz gain, ondorioztatu duzue uholdeak sarriago gerta daitezkeela eukaliptoa dagoen lekuetan, eta sute arriskua ere handiagoa dela.
Uholdeak eta lehorteak, biak sortzen ditu. Batetik, biomasa asko pilatzen duen espezie batek ur asko behar du. Horrez gain, eukaliptoaren olio eta toxiko horiek, hostoetatik lurzorura erortzen direnean, geruza iragazgaitz bat sortzen dute. Ondorioz, urak, lurzorura infiltratu beharrean, gainazaleko isurketa handitzen du. Horrek daukan eragina garbia da: euria egiten duenean, zuzenean maldan behera joaten da. Beraz, euria egiten duenean, oso ordu gutxiren buruan izugarri hazten dira emariak, ur guztia ibaietan eta erreketan daukagulako. Gainera, ur hori gainazaletik joaten denez, materia organikoa eta lurzorua garraiatzen ditu. Ondorioz, errekak marroi ikusten ditugu. Bestalde, lurzoruan ez denez ur askorik sartu, euria geratzen denean, lehortea izaten dugu. Bi muturrak anplifikatzen ditu: uholdeak handiagoak dira, eta lehorteak sarriago gertatzen dira eta luzeagoak dira.
Eta suteei dagokienez?
Eukaliptoa jatorriz australiarra da. Han suteak oso arruntak dira. Beraz, espezie hori suteetara egokituta dago. Suteetan bizirik irauteko gaitasuna dauka. Sute baten ondoren, benetan gogorra izan bada, barrenetik edo sustraietatik berriro irteteko gaitasuna dauka. Erraz hartzen du su. Gainera, landatzen diren eukalipto espezie gehienek zerrendetan askatzen den azala dute. Haizeak azal horiek eraman ditzake, eta oso erraz zabaltzen dute sua beste zuhaitz batzuetara.
Orain arteko baso politikek erraztu egin al dute eukaliptoa landatzea?
Gure lanean ehundik gora ikerketa jaso ditugu, Iberiar penintsulakoak bakarrik, eta alderdi askotarikoak jorratzen dituztenak. Zientziak gaur egun daukan ebidentziarekin, larria litzateke eukaliptoak landatzeko bidetik jarraitzea.
Iaz aurkeztu zenuten ikerketa Eusko Legebiltzarrean. Zer erantzun izan du?
Dokumentua 2020ko urtarrilean aurkeztu zen. Nahiko erresistentzia izan genuen. Batik bat zenbait sailek nahiko kritikatu zuten lana, eta bidali genuen unean ez zuten argitaratu. Munibe aldizkarian artikulua argitaratzeak eman zion bultzada. Batzorde txiki bat ari da gai honen inguruan lanean.
Eukalipto sailen hedapena. Aitor Larrañaga Arrizabalaga. EHUko irakaslea
«Uholdeak eta lehorteak, biak sortzen ditu eukaliptoak»
Larrañagaren esanetan, eukaliptoak eragin kaltegarriak ditu biodibertsitatean, erreka eta ibaien emarian, eta suteak zabaltzeko orduan. Besteak beste, haren hostoek ez diote uzten urari lurzoruan infiltratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu