Manifestazioa Bilbon. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea'

Uholdea, konponbide eske

Euskal Herrian egin den protestarik handienetakoa ikusi zen atzo Bilbon: 110.000 lagun, Udaltzaingoaren araberaEAJ eta Sortuko ordezkaritza handi bat izan zen konponbidearen aldeko mobilizazioan

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2014ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ezinezkoa izan zen isilik mantentzea. Eta ezinezkoa Casilla inguruetan bi pauso jarraian ematea. Oihu, txalo eta zarataz, jendetzaz, lehertu ziren Bilboko kale nagusiak. EAJk, Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Geroa Baik, ELAk eta LABek Giza eskubideak, konponbidea, bakea lelopean deitutako manifestazioak txiki utzi zituen Bilboko kale nagusiak. Eta, antolatzaileek manifestazio isila proposatu zuten arren, aurrera egin ezinik ibili zen jendetzak ezin izan zuen isiltasuna mantendu. «Euskal presoak etxera!», izan zen aldarri nagusia; ibilbide osoan etengabe entzun zena.

Antolatzaileek ez zuten lortu protesta isila izatea, eta Eloy Velasco epailea ez zen gai izan presoen aldeko aldarriak isiltzeko. Areago, euskal alderdi abertzale guztiak aspaldiko partez batzea ahalbidetu zuen, eta herritarrek are ozenago oihukatzea. Izan zen manifestazioan Eskerrik asko Velasco idatzirik zuten txartelak erakutsi zituzten bakan batzuek.

Gehien ikusi ziren irudiak, hala ere, euskal presoak etxera eramateko aldarria zuten ikurrak eta tantak izan ziren. Sakabanaketa amaitzeko eta konponbidearen aldeko urratsak aldarrikatzeko Tantaz Tanta ekimenak kanpaina osoan erabilitako tanten irudiak.

Baina ezer nabarmentzekotan, Bilbon bildutako jendetza izan zen ikusgarriena. Abiapuntua beteta zegoen hitzordua baino ordubete lehenago. Kosta egiten zen inguruetan mugitzea. 18:00etarako jarritako hitzordua baino ordu erdi lehenago, Casillako plaza lepo zegoen. Ezin pausorik eman. Protestarako deia egin zuten eragileetako ordezkariak ziren bertan, pilatuta. Kazetariak ezin alde batera eta bestera nahi bezala mugitu. Ez plazan, ez oso-osorik beteta zegoen Autonomia kalean.

Plazan pilatuta zeuden ordezkariak ez ziren nolanahikoak; alderdi eta eragile bakoitzak bere aurpegirik esanguratsuenak bildu zituen. Esanguratsuak, eta asko. Bertan izan ziren, esate baterako, EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar, Bizkaiko zein Gipuzkoako buru batzarretako presidente Itsaso Atutxa eta Joseba Egibar, zein EBBko idazkari izana den eta egun Bizkaiko Kultura diputatu den Josune Ariztondo.

Sortuk ere ordezkaritza zabala izan zuen, Hasier Arraiz presidentea buru zela. Hainbat multzotan bildu ziren Amaia Izko, Pernando Barrena, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria, esaterako.

Eusko Jaurlaritzak ez zuen deialdia babestu, eta ez zuela ordezkaririk bidaliko esana zuen. Eta, Jaurlaritzakoek ez, baina beste instituzio askotako agintariek parte hartu zuten atzoko protestan. Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea protestarien artean izan zen. Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu askok ere parte hartu zuten, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia buru zela. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano ere manifestazioan izan zen, eta Markel Olano EAJk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen bozeramailea ere bai. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak ez zuen hutsik egin. Iñaki Anasagasti EAJren senataria eta Iñaki Goioaga Amaiurrena jende artean egon ziren.

Gainontzeko alderdi eta eragileek ere ordezkaritza zabalarekin parte hartu zuten mobilizazioan. Alternatibako Asier Vega eta Diana Urrea deitzaileen multzoan ikusi ziren, Aralarreko Patxi Zabaleta eta EAko Ikerne Badiola, besteak beste. ELA eta LABeko buru nagusiak ere lehen lerroetan egon ziren: Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide.

Protesta abiatu aurreko ordua elkarren ondoan egin zuten alderdi eta eragileetako ordezkariek. Bakoitzak bere multzoa osatuta, baina beste taldeetako kideekin solasaldiak izanda.

Zehaztutako ordua gerturatzen ari zela-eta manifestazioaren bururantz abiatu zirenean, lanak izan zituzten errepidera iristeko. Kaleak jendez gainezka zeuden. Zaila zen aurrera egitea. Atzera egitea ere bai. Erdi bultzaka joan behar izan zuten hitzorduaren abiapuntura.

Hala ere, puntual hasi zen manifestazioa. Lehen pausoa 18:00ak jo berritan eman zuen. Baina askoz gehiago ere ez, jendetzak ezinezko egiten baitzuen aurrera egitea. Kalea lepo zegoen Zabalbururaino. Antolatzaileek aurrean zirenei bultzaka jardun behar izan zuten, eta, une batzuetan, aurrera egin ezinak tentsio apur bat ere eragin zuen.

Udaltzaingoaren bi auto jarri ziren orduan bidea zabaltzen, baina ez zen erraza pilatuta zegoen jendetza inora mugiaraztea. Erabateko kolapso uneak ere izan ziren. Baita sarean ere. BERRIA-ko kazetariak mobilizazioaren berri zuzena twitter bidez ematen saiatu baziren ere ezin izan zuten nahi adinako jarraipena egin, sarea kolapsatuta zegoelako.

Antolatzaileek eskatutako isiltasunak gutxi iraun zuen. Txaloak besterik ez ziren entzun lehen metroetan, baina gerora, presoak etxeratzearen aldeko oihuak etengabeak izan ziren. Atxilotuak askatzeko eskaerak ere egin zituzten. Presoen senideek, Etxerat-en zapiak lepoan eta presoak etxeratzeko aldarriak eskuetan zituztela, multzo handia osatu zuten: 520 lagunekoa; Euskal Preso Politikoen Kolektiboa osatzen dutenak adina. Txalo zaparrada handia jaso zuten, eta hunkituta ikusi ziren senideetako asko.

Kolapsoa etengabea izan zen ordutik, Hurtado Amezaga kalera iritsi arte. Orduan, lehendik aurrean ziren milaka lagunek buruaren aurretik jarraitu zuten udaletxera arteko martxa, eta leloa 19:25etan helmugara iritsi zenerako beteta zeuden Udaletxeko Plaza eta inguruak. Azkenak Casillatik gertu zeuden artean: Autonomia kalea Gordonizekin gurutzatzen den gunean, irteeratik 200 metrora. Milaka protestarik ibilbidetik kanpoko kaleetatik egin zuten martxa. Horiek kontutan hartuta 130.000 lagun bildu ziren Gara-ren kontaketaren arabera; Udaltzaingoaren arabera, berriz, 100.000-110.000 inguru.

Burua helmugara iritsi, azken txalo zaparrada egin, eta manifestariek Zain dago ama, zain aita kantatuz amaitu zuten protesta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.