Larunbat gaueko euriteek kalte nabarmenak eragin dituzte Nafarroako bi herritan: Ultzama ibarreko Auza herrian eta Lizarraldeko Lezaunen, erraterako. Atzo, beraz, uholdeen biharamunean, kaleak garbitzen eta kalteak zenbatzen aritu ziren biztanleak.
Auza herritik pasatzen den ibaiak gainezka egin zuen, eta, orduan, hainbat etxetara sartu zen ura; gehienez, ura metro bat eta erdiko altuerara heldu zen. Ultzamako ibarrean bertan, Eltzaburuko herrian, ekaitzek 132,6 litro ur bota zituzten metro koadroko, larunbat arratsaldean. Hortik 60 bat kilometrora ere, Lezaunen, euriteak oso handiak izan ziren: hamar minutuan 17 litro ur pilatu ziren metro koadroko.
Erauntsiaren ondorioei «auzolanean» aurre egin dietela azaldu du Auzako alkate Martin Pikabea Agirrek, eta egin dituztela jada garbiketa lanik handienak: urek herrian lagatako lokatzak, egur pusketak eta gainerakoak kentzen ibili dira.
«Kanala gainezka eginda zegoen, eta dena urez bete zen», azaldu du. Esplikatu duenez, larunbat arratsaldean eta gau partean izan zituzten larritasun une handienak. «Zortea zera izaten da gurean, behin atertzen duenean, berehala etortzen dira gauzak bere onera, eta orduan garbiketa lanekin has gaitezke».
Alkateak azaldu duenez, lehen erauntsi bat larunbat arratsaldean izan zen, eta ilunabarrerako bazterrak garbitu zituzten bizilagunek, suhiltzaileen laguntzarekin-eta. Ondoren, gauean etorri zen bigarren euri jasa handia eta atzo ibili ziren horren ondorioei aurre egiten. «Hemen lan boluntarioan ohituta gaude, auzolanean, eta hainbat bizilagunek parte hartu zuten. Etxean bakoitzak genituen erremintak hartu, eta ura sartu zen etxabeetan-eta ibili ginen, ura ateratzen». Kaleetan pilatutako lokatza-eta garbitzen ere ibili ziren. Lanik handienak igandean bertan bukatu zituztela esan du.
Ura denera lau etxetan sartu zela jakinarazi du alkateak. Hainbat solairutako etxebizitzak dira herrian dauden gehienak, etxabeak-eta dituzte, eta behekalde horietan sartu zen hura, bereziki. Bizitokiak, oro har, goiko solairuetan dituzte bizilagun gehienek, eta horietan ez da urik sartu. Ondorioz, beren etxeetan jarraitu ahal izan dute bizilagunek.
Udalak ez du propio kalte-ordainak eta bideratzeko izapiderik hasi, bizilagun bakoitzak, egoki ikusten badu, aseguruen bidez bideratuko dituela esan du alkateak.
Parekorik ez
Herrian aurrez euri jasek eragindako tankerako egoerarik ez dutela izan adierazi du alkateak. «Herriko edadetuenei-eta ere galdetu diegu, eta ezetz diote: horrelakorik ez da izan». Dena oso bizkorra izan zela nabarmendu du alkateak, hori izan zela, bereziki, deigarria, eta aurrez inoiz ikusi gabea: «Oso minutu gutxian erori ziren litro guztiak».