Pirinio Atlantikoetako Prefeturak jakinarazi du adi egoten dela Oloroeko uhaitza (Biarno) eta Ühaitza (Zuberoa) ibaien heinekin. Euririk gabeko aldi biziki bero baten ondotik eta turismoak ekarri ur kontsumo emendatze handiaren ondorioz ibaietako urak azkarki apaldu direla ohartu dira administrazioko zerbitzuak —ur edangarria, partez, ibaietatik hartzen dute—. Ühaitzaz gain, Errobi eta Urdazuri ibaien egoerari ere so egiten diote.
Prefeturak aipatu duen «zaintza» egoerak ez dakar hertsatze neurririk oraino. «Komunikazioak helarazten zaizkie uraren erabiltzaileei, izan partikularrak, izan erakundeak, izan enpresak, ura zuhurkiago erabil dezaten», zehaztu du Prefeturako komunikazio zerbitzuak. «Mementoko, ez da ura erabiltzeko murrizketarik behartuko».
Ühaitzarentzat bezala, Errobi eta Urdazuri ibaietan ur heinen apaltze bat ikusi dute azken egunetan; «bereziki, Urdazurin», Prefeturak aitortu duenez. «Eskualdera heldu turista olde handiarekin, ur edangarri iturrien gaineko presioa emendatzen da; horregatik, adi egon behar da eremu horietan».
Euria iragarria dute gaurtik ostiralera, eta ikustekoa da administrazioaren begietan horrek egoera alda dezakeen. Sekula ur heinen apaltzeak segituko balu, «alerta» egoerara pasatzeko mentura baluke.
Alerta egoeretan «murrizketa neurri batzuk jar daitezke berehala», azaldu du Frantziako administrazioak, «hala nola naturan egiten diren ur hartzeetan —ur edangarri saretik kanpo—, lehenik». Hain zuzen, arto alor anitzeko lurraldeak dira bai Biarno, bai Ipar Euskal Herria, eta arto ekoizleek ibaietako eta erreketako urak hartzen dituzten garaia da. Bizkitartean, ez dira Prefeturak lehentasunez murriztuko dituenak.
Lehen alerta egoerarat heltzearekin, aitzineko urteetan ikus bezala, hauek lirateke Prefeturak hartuko lituzkeen neurriak: «Baratzeen ureztatzea mugatu, eremu publikoetako iturriak mugatu, eta baitezpadakoak ez diren beste erabilpen batzuk mugatu». Egoera larrituko balitz ondotik etor daitezkeen bi alerta egoerak alerta indartuko heina eta krisi heina deitzen ditu Frantziako administrazioak.