UGTk Euskotreneko hizkuntza eskakizunen kontra abiarazitako eskaria atzera bota du justiziak

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, justiziak ebatzi du eskakizun horiek itun kolektiboan onetsita daudela, eta, beraz, ezin dela horien aurka egin.

ELA eta LAB sindikatuen protesta, Euskotrenerako ezarritako hizkuntza eskubideen alde. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
ELA eta LAB sindikatuen protesta, Euskotrenerako ezarritako hizkuntza eskubideen alde. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
arantxa iraola
2024ko urriaren 2a
19:40
Entzun

ELA sindikatuak zabaldu du albistea: ohar baten bidez jakinarazi du Euskotrenerako ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka UGTk abiatua zuen auzibideari erantzunez EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi duela eskakizun horiek itun kolektiboan onetsita daudela, eta, beraz, ezin dela horien aurka egin. «Gogobete» egin du ELA sindikatua epai horrek. Izan ere, uste du UGTren eskeak argi erakusten duela sindikatu horrek hizkuntza eskakizunen auzian izan duen «inboluzioa».

Euskotrenen hitzarmen kolektiboaren 50. artikuluak zer dioen gogoratu nahi izan du ELAk; izan ere, esan du «zehazten» dituela lanpostu bakoitzerako hizkuntza eskakizunak. «Horren arabera, Euskotrenek hautaketa probetan euskarazko B2 maila eskatu du», ekarri du gogora. Hitzarmen horretan bertan Euskotrenerako euskara plana ere aipatzen dela nabarmendu du eta, beraz, lanpostuen «egonkortze prozesuan barnean bildutako euskara eskakizunak» itunaren eta euskara normalizatzeko planaren aplikaziotik «eratorritakoak» izan zirela.

ELAren arabera, epaiak gogorarazi du UGT bera Euskotreneko itun kolektiboaren sinatzaileetako bat dela, eta Euskara Batzordean ere badagoela. Beraz, horietan onetsitako «irizpideak» betetzea dagokio.

Sententziaren harira, ELAk nabarmendu nahi izan du negoziazio kolektiboa «tresna» garrantzitsua dela hizkuntza eskubideak bermatzeko prozesuetan aurrera egite aldera. «Alde horretatik, ELAk jarraituko du bai Euskotrenen, bai bertatik kanpo negoziazio kolektiboa indartzen eta euskara planak sustatzen, are eta gehiago sektore publikoan», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.