Ugatz kume bat erregistratu dute lehen aldiz hegan Aralarren

Galzorian dagoen putre espezie bat da ugatza. Habiatik arrakastaz jauzi egitea lortu dute kume batzuek Zaraitzu eta Arbaiun-Leire inguruetan ere.

Aralarren jaio eta hegan egin duen ugatza. BERRIA
Aralarren jaio eta hegan egin duen ugatza. BERRIA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko abuztuaren 12a
14:00
Entzun

Aralarko zeruan, ugatz kume bat dabil hegan. Lehen aldiz erregistratu dute espezie horretako kume bat Aralarren jaio dela eta hegan egitea lortu duela. Orain bost urte mendilerroan finkatu zen ugatz bikote baten kumea da, eta, Nafarroako Ingurumen Sailak azaldu duenez, urrats garrantzitsua da espeziea inguruan hedatzeko, eta, era horretara, Pirinioetan eta Kantauriar mendikatean bizi diren ugatz urrien arteko zubi lanak egiteko.

Ugatza galzorian dagoen putre espezie bat da. Nafarroan, talde batzuk errotu dira, eta espeziearen populazioa hedatzen ari da pixkanaka. Gaur-gaurkoz, bederatzi eremutan finkatu dira. Horietatik, seitan jarri dituzte arrautzak aurten, Ingurumen Sailaren datuen arabera. Sei ugaltze horietatik hirutan lortu dute soilik kumeek habiatik jauzi egin eta hegan egitea: Zaraitzun, Arbaiun-Leiren eta Aralarren. Azken lau urteetako daturik onena da.

Aralarren jaio den ugatz kumea, haren gurasoekin. BERRIA
Aralarren jaio den ugatz kumea, gurasoekin. BERRIA

Aralarko ugatz bikoteak jarri ditu arrautzak aurreko urteetan ere, baina kume bat bakarrik jaio zen aurtengoaren aurretik, 2022an. Ez zuen lortu hegan egiteko adina garatzea, infekzio batek jota hil zen eta. Aurten bai, bikote horren kume bat hegan ari da Aralarren, uztail hasieratik. Bizirik irautea lortzen badu, hilabete batzuk emango ditu mendilerroan, gurasoekin batera, eta bere bideari ekingo dio ondoren, Pirinioetan edo beste mendi lerro batzuetan barrena. Helduarora iritsiz gero, bost-zazpi urterekin, lurralde propio bat bilatuko du; ziurrenik, Aralarretik gertu. Espeziea mendilerroan finkatzeko beste urrats garrantzitsu bat litzateke hori.

Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, hainbat neurri hartu ditu azken urteotan ugatzen populazioa areagotzeko. Hegazti horien errolda bat osatu du, eta lurraldean bizi den ugatz bakoitzaren joan-etorriak aztertzen ari da GPS bidez. Horrez gain, hegaztiei elikatzen laguntzen die, gune jakin batzuetan hezurrak utzita, eta saientzat habitat egokiak izan daitezkeen zenbait eremu zaintzen ditu, esaterako, kirol edo baso jarduera batzuk mugatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.