Nafarroan bikote heterosexualek baino ez dute ugalketa lagundurako unitateak eskaintzen duen zerbitzua doan jasotzeko eskubidea. Halaxe zehaztu zuen Nafarroako Gobernuak 2005. urtean; ondorioz, emakume bikoteek eta emakume bakarrek ez dute, oraindik ere, Osasunbidearen zerbitzu hori doan jasotzeko aukerarik. Egoera hori dela onartu du Marta Vera Osasun kontseilariak, baina ez du, ordea, baztertzailetzat jo. Agerraldia egin du Nafarroako Parlamentuan, eta erabateko desadostasuna erakutsi diote zenbait taldetako ordezkariek.
Ezkerrak, NaBaik eta Bilduk salatu dute ugalketa lagundurako zerbitzuak emakume anitz baztertzen dituela modu nabarmenean. PSNk ere arau hori aldatzeko beharra nabarmendu du. Verak hori egiteko inolako asmorik ez du erakutsi, ordea: «Arauak dio ugalketarako arazo bat dagoela dioen diagnostikoa behar dela zerbitzua jasotzeko; eta arauak hori dioen bitartean, ez da inolako aldaketarik izanen». Kontseilariaren hitzetan, hori da auziaren gakoa: «Arauak dioena da kontua; ez du bazterketarekin zer ikustekorik».
Arartekoaren salaketa
Osasun Departamentuaren tesiarekin bat egin du PPN alderdiak. Esan du ez dagoela bazterketarik. Ez da iritzi berekoa, ordea, Nafarroako Arartekoa. Aurten, erakunde horrek bitan erran duugalketa lagunduaren egungo eredua baztertzailea dela; alegia, sexu joeraren arabera baztertzen duela.
Bi emakumek osatu bikote batek eta emakume bakar batek egindako salaketen harira mintzatu da Arartekoa. Bi kasuetan, ugalketa lagundurako unitatera jotzeko aukera ukatu egin diete emakumeei. Arartekoak nabarmendu du ezin dela arauaren irakurketa murriztailea egin. Izan ere, arau horrek dio ugalkortasun arazoak dituzten bikoteek badutela ugalketa lagundurako eskubidea, Osasunbidearen eskutik. «Arazo horiek haurrak izan nahi dituzten bikote heterosexualetan baino ezin dira ebaluatu; emakumeen kasuan ez dago halako arazorik, baina ezin diogu egungo errealitateari bizkarra eman».
Egun zehaztuta dagoen bezala, bikote heterosexual bateko kide diren 18 eta 40 urte bitarteko emakumeek baino ez dute ugalketa lagundurako zerbitzua doan jasotzeko eskubidea Nafarroan. Zerbitzu horretara jo aurretik bi urtez saiatu behar izan dute haurdun gelditzen. Urtean 750-800 bikote inguruk jotzen dute ugalketa lagundurako unitatera. Arartekoak gogorarazi du Espainiako ugalketa lagundurako 2006ko legeak 18 urtetik goitiko emakume orori ematen diola ugalketa lagundurako teknikak erabiltzeko eskubidea.
Osasuna. Murrizketak
Ugalketa unitateak ez duela inor baztertzen erran du Verak
Emakume bikoteek eta emakume bakarrek ez dute osasun zerbitzu hori doan jasotzeko eskubiderik Nafarroan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu