UEUko Udako Ikastaroetan hamazazpi jardunaldi egonen dira

Ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitarte izanen dira ikastaroak, Euskal Herriko txoko anitzetan. Matrikulazio epea zabalik dago.

Aitor Bengoetxea eta Irati Iziar gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 24a
13:16
Entzun

51. Udako Ikastaroak aurkeztu ditu UEUk gaur, Iruñean. Orotara, hamazazpi jardunaldi eta topaketa egonen dira, «euskal gizartearentzat garrantzitsuak diren gaien inguruan hausnartzeko helburuarekin». Ekitaldi horiek guztiak «arnasgune akademiko eta euskaldunen topagune» direla adierazi dute arduradunek. Aurkezpena Iruñeko Katakraken egin dute, eta han izan dira Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria eta Irati Iziar UEUko Uda Ikastaroen arduraduna.

Ekainaren 12tik uztailaren 12ra bitarte izanen dira ikastaroak, Euskal Herriko txoko anitzetan: Eibar, Baiona, Iruñea, Gasteiz, Bilbo, Errenteria, Tolosa eta Usurbil. Hamar euro balioko dute ikastaroetako matrikulek, eta jada zabalik dago izena emateko epea.

Bengoetxeak erran du Udako Ikastaroek hasiera-hasieratik erakutsi zutela «euskara unibertsitatean ere» erabiltzen ahal zela: «Hasieran hitzaldi irekiak ziren, ondoren jakintza alor espezifikoak, barnetegi moduan Larragoako garaian, laburragoak eta aditu eta profesionalei begirakoak azken urteetan, eta, iazko urteurrenaren hariari jarraikiz, hausnarketa eta gogoetarako gune dira orain». Hala, zehaztu du hori dela UEUren zereginetako bat: «Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gai eta eztabaidetarako gune akademiko euskaldun bat eskaintzea».

Testuinguru horretan, Iziarrek azaldu du iaz «gizartearentzat estrategikoak» ziren gaiak landu zituztela, eta aurten «bide horri eutsi, formakuntza esparrua gainditu eta Udako Ikastaroak gogoeta gune moduan finkatzea» erabaki dutela. Jardunaldiak hainbat eragilerekin batera antolatu dituztela azaldu du, hala nola Kontseiluarekin eta Badalabekin. «Jende multzo zabalak izena eman dezake: alorreko profesionalak eta adituak, gaian interesa duenak eta azken finean, euskaldun guztiek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.