Bertze lau graduondoko datorren ikasturterako. Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) erreferentzia izan nahi du goi mailako irakaskuntzan, eta helburu hori betetzeko, lau graduondoko aurkeztu ditu, Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera (EHU). «Goi mailako prestakuntzaren ingurukoa ildo estrategikoa da guretzat», azaldu du UEUko zuzendari Karmele Artetxek.
Bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenaren eskutik eskainiko ditu EHUk lau graduondoko horiek. Unibertsitateak berezko 36 titulu eskainiko ditu datorren ikasturtean, eta UEUk sustatutako lau horiek izanen dira euskaraz. EHUko irakasle Peio Lozanok zuzenduko du graduondoko horietako bat, Euskal Herriko lurraldeari eta paisaiari buruzkoa, alegia. «Graduondoko tituluak ez dira oso ezagunak, baina oso ezaugarri interesgarriak dituzte», erran du. UEUk diseinatutako eskaintzak arrakasta izanen duela ziur da Lozano.
Euskal Herriko lurraldeari eta paisaiari buruzko graduondokoarekin batera, bertze hiruk osatzen dute eskaintza hori. Ondoko gaiak jorratuko dituzte: euskal pentsamendu kritikoa XX-XXI. mendeetan; itzulpengintza eta teknologia; eta hondakinen kudeaketa eta tratamendua.
Datorren irailaren 15a bitarte izanen dute parte hartu nahi dutenek izena emateko epea. Graduondoko bakoitzari buruzko xehetasun guztiak, hala ere, www.ueu.org helbidean ikus daitezke.
UEUk lau graduondoko aurkeztu ditu datorren ikasturterako, EHUrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu