UEUk hogei jardunaldi eta topaketa eskainiko ditu udako 52. ikastaroetan

Izen ematea zabalik dago 'www.ueu.eus' webgunean. Ekainaren 6tik uztailaren 10era egingo dituzte ikastaroak.

UEUren udako ikastaroen aurkezpena, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
UEUren udako ikastaroen aurkezpena, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko maiatzaren 8a
12:49
Entzun

UEU Udako Euskal Unibertsitateak prest ditu udako ikastaroak, 52.ak. Gaur aurkeztu ditu, Iruñean. Orotara, hogei jardunaldi eta topaketa egongo dira aukeran, zenbait eragilerekin elkarlanean antolatutakoak horietako asko. Ekainaren 6tik uztailaren 10era egingo dituzte, eta matrikulazioa zabalik dago www.ueu.euswebgunean.

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendariak, Irati Iziar UEUren udako ikastaroen arduradunak eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduradunak eman dituzte ikastaroen inguruko xehetasunak. Iziarrek azaldu duenez, hogei jardunaldi, topaketa eta gogoeta gune antolatu dituzte. Gizartearentzat interesgarriak diren gai batzuk jarri nahi dituzte mahai gainean: «UEUk izaera herritarra dauka, eta, euskal gizartearentzat interesgarriak eta beharrezkoak diren gaiak lantzeaz gain, parte hartzea sustatuko dugu». Bat egin du Bengoetxeak: «Hau da UEUren funtzioetako bat: Euskal Herriarentzat garrantzitsuak diren gaientzat eta eztabaidentzat gune akademiko euskaldun bat eskaintzea, gure gizartea aberatsagoa izan dadin laguntzeko asmoz».

Iziarren hitzetan, aurrez aurrekoak izango dira ikastaroak: «Aurrez aurrekotasuna ezinbestekoa da udakoetan, jendeak hausnarketa egiteaz gain elkar ezagutzea eta komunitatea trinkotzea baitute helburu. Udakoak arnasgune akademikoa dira bertara biltzen direnentzat, baita euskaldunen topagunea ere». Horiek antolatzeko orduan izandako elkarlana ere nabarmendu du; izan ere, besteak beste, Euskalgintzaren Kontseilua, Jakin eta Oinherri izan dituzte bidelagun. Gainera, aurten herri gehiagotara zabalduko dituzte ikastaroak: «Iruñera, Baionara eta Eibarrera joateaz gain, aurten Usurbilera, Bilbora, Donostiara eta Tolosara ere iritsiko dira UEUren udako ikastaroak».

Hasiera, Iruñean

Ikastaroak ekainaren 6an hasiko dira, eta orduan egingo dute hasiera ekitaldia ere, Iruñeko Kondestable jauregian. Euskararen estatus juridikoa Euskal Herrian: egoerak eta aukerak izango da lehen ikastaroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.