UEMArentzat, Jaurlaritzaren dekretuak ez du administrazioa «behin betiko» euskalduntzeko neurririk

Jaurlaritzak prest du sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berria, eta horren gaineko iritzia ematen ari dira eragileak; ELAk, LABek eta EH Bilduk ere kritikatu dute dekretuan «jauzi» handiago bat egin ez izana.

UEMAren biltzarra, udazkenean, Ataunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
UEMAren biltzarra, udazkenean, Ataunen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Irati Urdalleta Lete - Arantxa Iraola
2024ko otsailaren 21a
13:30
Entzun

Eusko Jaurlaritzak sektore publikoan euskararen erabilera normalizatzeko dekretu berri bat ondu du. Atzo gobernu kontseiluan onartzekoak ziren, baina, bertan behera geratu zenez, atzeratu egin zen onespena. Baina prest dago behin betiko testua, eta ezagunak dira haren gako nagusiak. Atzo Euskalgintzaren Kontseiluaren erreakzioa heldu zen, eta gaur beste hainbat eragilek hartu dute hitza. Udalerri Euskaldunen Mankomunitate UEMAk, esaterako, uste du dekretuak ez duela administrazioa «behin betiko» euskalduntzeko neurririk ekarriko.

«Gehiago da orain arte egindako urratsak jasotzeko dekretua, euskarak behar duen lege babesa bermatzeko eta aurrerapausoak emateko behar dugun dekretua baino», adierazi du mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik, prentsa ohar baten bidez. «Euskal administrazioan lan egin nahi duenak euskaraz jakin behar du ezinbestean. Gainerakoan, salbuespenei atea zabalik utzita, eskubide urraketei ere atea zabalik uzten diegu betiko», ohartarazi du.

Hala ere, testuak ekarriko dituen berritasunetan alde onak ere ikusten ditu UEMAk. Dekretuaren aplikazio eremua «sektore publiko osora» zabaltzea, esaterako, egokitzat jo dute. «Estatuko administrazioari berari ere» neurriak eskatzeko bidea zabal dezakeela uste dute, eta mankomunitateak berak dekretuari egindako ekarpenak jasota ikusten dituzte hor. Dekretuak, halaber, modua emango die erakundeei, egokitzat daukatenean, hautaprobak euskaraz egingo dituztela ebazteko, eta hori ere oso egokitzat jo dute. «Egun indarrean dagoen legediarekin zalantza juridikoak sortu izan dira hautaketa prozesuetan azterketetako bat euskaraz egin beharra ezarrita».

Euskara ezagutza egiaztatzeko bideak ugaritu egingo dira dekretuarekin, eta hor zalantza dute UEMAn. «Euskaraz lan egiteko gai ez den jende asko lanpostuetara sartzeko zirrikitu handia uzten du dekretuak, nabarmen», ohartarazi du Aramendik. Euskara nahitaezkoa den langile kopurua izaten da derrigortasun indizea; hori ezartzeko izango den erarekin ere kritiko dira. «Derrigortasun indizeak zehaztu beharko luke gutxienez zenbat lanposturi ezarri behar litzaiokeen hizkuntza eskakizuna derrigorrez. Dekretu berrian idatzita dagoen moduak, ordea, zalantzan uzten du kopuru horrek gutxienekoa izan behar duen edo bete beharreko derrigorrezkoa». Era berean, uste dute euskara lan hizkuntza gisa ezartzeko bidea modu «lausoan eta arinean» jasota dagoela.

ELA eta LAB, kritiko

ELA sindikatuak irmo egin du dekretuaren aurka. Ohar baten bidez azaldu dutenez, «aldaketa estetiko batzuk» egin dizkiote orain indarrean dagoen dekretuari. Beraz: «Eutsi egingo zaio euskal hiztunek administrazioetan egun pairatzen duten diskriminazioari». Esaterako, salatu dute euskara maila jakin bat ezinbestekoa den lanpostuetan ez dela meritua izango hortik gorako maila bat izatea: «Inork imajinatzen du lanpostu baten hautaketa batean ikasketetan gradua eskatu, langile batek doktoretza duela esan eta hori ezin baloratzea meritu gisa? Hori da, hain zuzen, euskararekin hartutako neurria».

Uste dute hurrengo hamabost urteetan administrazioan izango den erretiro kopuruak modua ematen administrazioa elebiduna izateko, «neurri traumatikorik gabe» eta egungo langile guztiak kontuan izanik. Jaurlaritzari egotzi diote, ordea, dekretua «PSOEren betoen arabera» osatu izana.

LABek ere interpretazio kritikoa egin du, prentsa ohar baten bidez. Iruditzen zaie testuak ez duela aintzat hartzen euskal gizartean euskarak urteotan izan duen «hedatzea». Gazteen artean bereziki nabarmena izan dela gogoratu dute, eta horregatik izan beharko lukeela araudi berriak «anbizio» handiagokoa.

LABek ezinegona azaldu du, gainera, dekretuan ez zaiolako gaiak eskatzen duen «tamainan» heldu itzulpen automatikoak administrazio publikora ekarriko duen erronkari. Kezkatuta azaldu da beste kontu batekin ere: euskara lan hizkuntza gisara hedatzeko asmoa agerikoa bada ere, testuan ez da jaso horren aldeko «neurri multzo eraginkor eta indartsurik». Era berean, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko bideak ugarituta, eskakizunetan ere asimetriak daudela onartuta, «iruzurrerako ihesbide zabal bat» ireki daitekeen susmoa du.

ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako administrazio publikoa euskalduntzeko proposamena egin zuten duela bi urte, hamabost urteren bueltan lortzekoa, eta dekretu hau ontzeko prozesuan usu gogora ekarri dute hura.

EH Bilduren balorazioa

EH Bilduk ere baloratu du testuak dakarrena. Ez daude gustura. Hala nabarmendu du Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak: «Aukera galdu bat da». Izan ere, uste du badaudela baldintzak «jauzi bat» egin ahal izateko. Euskararen aurkako oldarraldi judizial betean, bestelako testu bat nahi lukete. «Dekretu honek markatu beharko lituzke zenbait elementu, salto kualitatibo garrantzitsu bat egiteko auzi horietan guztietan».

Adierazi du positiboa dela araudiaren eragin eremua administrazio publiko osora zabaltzea, baina, aldi berean, salatu du Osakidetzan, Ertzaintzan edo Justizian ez dutela aplikatuko 2033ra arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.