Euskara. Udalak

Ueman sartzearen aurkako auziak, bertan behera

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2016ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Euskara sustatzeko neurrien aurkako auzibideen barruan, bat alboratzea erabaki du Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak: atzera egin du Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko pausoa eman duten udalen kontrako bidean. EAEko udal legean jaso zuten Ueman sartzeko aukera, eta salaketak kentzea erabaki du ordezkaritzak. Berastegiko, Eako, Dimako eta Zeraingo udalak salatu zituen.

Pixkanaka ixten ari dira Carlos Urkijo buru duen ordezkaritzak abiatutako auzibideak. Euskaraz egindako aktena izan da jomuga nagusia: gaztelaniazko itzulpenik ezean, ez zituen balekotzat jotzen. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak epai irmo bat kaleratu zuen joan den astean, eta ontzat jo zuen aktak euskaraz egitea eta gobernu ordezkariari bidaltzea, alboan erdarara itzuli gabe. Argudioa: euskara ofiziala denez, administrazioek gai izan behar dute euskara ulertzeko eta euskaraz jarduteko.

Beste jomuga bat Uemako kide izan nahi duten udaletan jarri du Urkijok. Argudioa zuen udalek ez daukatela eskumenik euskara sustatzeari dagokionez, eta, beraz, ezin dutela sartu horrelako zerbitzuak ematen dituen mankomunitate batean. Orain urte batzuk ere gisa bereko salaketak jarri zituen Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak, eta irabazi ere egin zituen auzibide batzuk. Herriak Uematik ateratzera ere behartu zituzten epaien bitartez. Lau udal zeuden arriskuan orain.

Kontua da EAEko udal legean zehatz jaso zutela udalerriek badutela eskumena euskara sustatzeko, eta aukera dutela mankomunitateak eta horrelakoak sortzeko helburu horri begira. Finean, Ueman sartu ahal izateko bermea ekarri du legeak. Apirilaren 15etik dago indarrean. Dimako, Eako eta Zeraingo udalek azken egunetan jakinarazpenak jaso dituzte, Urkijok atzera egitea erabaki duela adierazteko. Berastegin ez dute agiririk jaso, baina Uemak esan du aurki iristea espero duela.

EAJk eta EH Bilduk adostasuna eginda onartu zuten udal legea apirilaren 7an. Euskara sustatzeko neurri zehatzak ditu: besteak beste, udalei eskumena aitortzen die sustapen lana egiteko, elkarteetan sartzeko eta kontratuetan hizkuntza irizpideak jartzeko. Finean, Urkijok abiarazitako salaketa ildoak geldiaraztea ekarri du udal legeak. Horrekin batera, bildu du beste gako bat ere: hirigintza planek euskararentzat nolako eragina izango duten neurtzera behartuta egongo dira udalerriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.