Uemak udalerri euskaldunen garrantzia nabarmendu dute Seguran

Uemak antolatuta, Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute, Seguran. Uemako lehendakari Iraitz Lazkanok udalerri euskaldun guztiak Uemaren parte izatera animatu ditu.

een ordIraitz Lazkano atzean ordezkari politikoak eta euskalgintzako eragileen ordezkariak dituela, gaur, Seguran. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko maiatzaren 14a
18:44
Entzun

Euskara airean sumatzen zen gaur goizean Seguran (Gipuzkoa), eta ahoz aho zerabilten bertaratutakoek, euskara ari zuen. Segurarrek dioten gisa: Euskara aiden! Horixe izan da gaur, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatuta, Seguran bertan egin duten Udalerri Euskaldunen Egunaren leloa ere. Dozenaka lagun elkartu ziren euskara aireratzeko eta udalerri euskaldunen egitekoari aitortza egiteko.

Egunari Uemaren batzar nagusiarekin ekin diote. Bertan izan dute hitzordua Uemako 94 herrietako udal ordezkariek. Tantaka-tantaka iristen joan dira 10:00etarako Baratze pilotalekura. Eta kartelak gora eta behera, bozkatu dituzte Uemaren jardueraren inguruko ohiko kontuak. Gainera, 2021ean egindako ikus-entzunezkoen kontsumoari buruzko ikerketaren emaitzak jakiteko aukera ere izan dute.

Bitartean, kultur etxean, hikaz eta hika aritu dira hitanoari buruzko jardunaldietan. Seguran, Usurbilen eta Oiartzunen (Gipuzkoa) hitanoaren erabilera sustatzeko martxan jarritako ekinbideak azaldu dituzte, eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Garbiñe Bereziartuaren ahotik, Euskararen normalizazioa eta hitanoa hitzaldia izan dute entzungai. Kokatzeko, datuak eman ditu, Azpeitian (Gipuzkoa) egindako neurketei erreferentzia eginez. Genero arrakala nabaria da; alegia, emakumeek gutxiago egiten dute, batez ere, adinean behera egin ahala: «Beti gizonak nagusi, bai egiten, bai jasotzen eta aditzen ere bai».

Eta zerk eragiten du batzuek hitanoa erabiltzea eta besteek ez? Gazteen kasua aztertu dute. Batez ere, hizkuntzarik «erosoena» euskara izateak, gurasoek eta senideek hika egiteak, baita ikaskideek eta ikastetxeko langileek toka edo noka erabiltzeak ere: «Goitik beherako transmisioak adinako pisua eduki dezake parez parekoak».

Erabilera –edo haren falta— ez ezik, hitanoaren dilemak ere hizpide izan ditu Bereziartuak. Batetik, bitartasuna: «genero banaketa bitarra egiten du. Gaur egun, banaketa bitar hori motz geratzen bezala ari dela ematen du. Horrekin zer egingo dugu? Nik ez daukat erantzunik». Jokaera bateraturik edo diskurtsorik ez dela eraiki uste du, «esperimentazio fase batean» daudela. Bestetik, komunikabideen egitekoaz ere mintzatu da. Hitanoak izan beharreko presentziak sortzen dituen zalantzak aitatu ditu. Idatzizkoetan, esaterako: «Esaten da prosa idatzi behar denean ez dakigula hartzailea zein izango den; orduan, hika ezin dugu. Elkarrizketetan berez bai, baina kazetariak kazetari lanetan ari denean ezin du islatu elkarrizketatzen ari den pertsonarekin zein harreman mota daukan». Orduan, hitanoak komunikabideetan ba al dauka tokirik? «Ez dakit erantzuten, landu beharko da, eta ikusi, baina hitanoa indartu nahi bada, oso garrantzitsua da ikusgarritasuna ematea, eta edozer gauzari ikusgarritasuna emateko, komunikabideak tresna ezin hobeak dira».

Herri euskaldunen balioa

Eguerdirako, Segurako plaza atondua dute ekitaldi nagusirako. Bertan elkartu dira euskalgintzako eragileak nahiz ordezkari politikoak. Besteren artean, Iraitz Lazkano Uemaren lehendakariak hartu du hitza. Esan duenez, Euskal Herriko 188 udalerri dira euskaldunak; alegia, herritarren %70 baino gehiago euskalduna dutenak. Horien garrantzia mahai gaineratu du: «Egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak».

Uemak guztiengana iritsi nahi du, sarea zabaldu: «Elkarrekin, egin dugun lanaren eta bidean bildu dugun esperientziaren harrotasunez, baina baita apaltasunez ere, eskua luzatzen diegu, eta eskaera zehatza egin Uemara batu daitezen». Horretarako beharra nabari dute: «Gaur euskara ari du. Euskara ari dek. Euskara ari den. Goazen indarrak batzera eta Uema askoz gehiago sendotzera, bihar ere, euskarak aiden segi dezan udalerri euskaldunetan».

Goizeko ekitaldien ostean, egitarauak ez du etenik eduki. Besteak beste, bazkaria, puzgarriak eta Bada giro! taldearen erromeria izan dituzte aukeran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.