Udaletako euskararen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez berritzea, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen kide diren udalerriei euskararen inguruko aholkularitza ematea, udalerrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektua sustatzea, hezitzaileak prestatzea, udalerriei itzulpen zerbitzua ematea, eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko udalekuak egitea. Horiek dira, bertzeak bertze, Uemak mankomunitatearen kide diren udalerri nafarretan antolatuko dituen egitasmoak. Horiek guztiak diruz babestuko ditu Nafarroako Gobernuak.
Akordioa gaur bertan sinatu dute, eta xehetasun guztiak azaldu dituzte. Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren egoitzan egin dute agerraldia. Bertan izan dira Iraitz Lazkano Uemako lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzailea eta Aitor Elexpuru Berako alkatea eta Uemaren zuzendaritza batzordekidea. Nafarroako hamalau udal dira Uemako kide, eta bertze bi ere izanen dira martxoaren 25etik aurrera: Doneztebe eta Arruazu. Gaur sinatutako hitzarmenaren helburua «gizarte bizitzan eta udalerri euskaldunetan euskararen erabilera bultzatzeko programak garatzea» da.
Ollok azaldu duenez, udalerri euskaldunek nabarmen eragin dute euskararen biziberritzean: «Nafarroako udalerri euskaldunetan, normalean, modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik, zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu». Azken urteetan Nafarroako Gobernua eta Uema elkarlanean aritu dira euskararen alde, eta espero dute hitzarmen berriaren bidez elkarlan hori «zabalduko» dutela, «euskarari eusteko eta euskara sustatzeko ezinbestekoak diren alorretan» lan eginen dutelako.
Orotara, 30.000 euro jasoko ditu Uemak: gaurtik hasi eta abenduaren 31 arte prestatutako lanak garatzeko. Diru laguntza ez ezik, jarraipen batzorde bat ere egonen da, non bi aldeak elkartuko diren, gutxienez urtean bi aldiz: lan programa adosteko, egindako lanaren balorazioa egiteko eta memoria bat ontzeko. Lazkano: «Uemarentzat garrantzitsua da Nafarroako Gobernuarekin eta zehazki Euskarabidearekin azken urteotan estutu dugun harremana eta elkarlana. Azken urteotan, udalerri euskaldunen eta bereziki euskararen arnasguneen garrantzia ikusarazteko hainbat kanpaina eta ekimen bideratu ditugu elkarrekin, eta hitzarmen honek elkarlana beste hainbat esparrutara zabaltzeko aukera ematen dio Uemari». Azaldu du «ezinbestekoa» dela udalak euskalduntzea, «herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko»