«Ez da aski». Elkarlanean hasi dira, lehen aldiz, Euskarabidea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, baina oraindik euskaldunen hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta. «Aspaldian luzatua genuen eskuari heldu dio gobernu honek, baina erabaki ausartagoak behar ditu Nafarroako hizkuntza politikak». Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkate eta Uemako zuzendaritzako kidearenak dira hitzok.
Hiru arlo nagusi aipatu zituzten Uemako kide diren Nafarroako udalerri euskaldunetako alkate nahiz zinegotziek atzo Iruñean egindako agerraldian. Batetik, liburuzain lanposturako euskara ezinbestekoa ez izatea gaitzetsi zuten: «Meritu gisa hartzen da, baina hori ez da nahikoa». Maizek gogorarazi zuen Berako eta Lesakako liburutegietarako lan deialdietan ez zela euskara exijitu. «Euskararen Legea beteko bada, ezinbestekoa da eremu euskalduneko liburuzain lanpostuei hizkuntza eskakizuna gehitzea».
Gauza bera gertatzen da osasungintzan ere, soilik osasun etxeetako langileen %27ri eskatzen baitiete euskaraz jakitea. Osasunbideak hemendik gutxira lan eskaintza publiko bat aterako duenez, hizkuntz eskakizunak zehazten dituzten hiru dekretu aldatzeko eskatu du Uemak. Maiz: «Aurrerapauso txikiren bat izan den arren, dekretuak ez dituzte ukitu ere egin».
Lege esparrua
Azkenik, udal lege berriak galdegin dituzte udalerri euskaldunek. Izan ere, Baztango euskara plana bertan behera utzi du oraintsu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, «legez kanpokoa» delakoan. «Ez daukagu autonomiarik arnasguneetan beharrezkoak diren neurri ausartak garatzeko. Lege babesa behar dugu horretarako», adierazi du Maizek. Finean, gobernuak aldaketaren alde egindako bidea «eskertu» du Uemak, baina erabaki «sakonagoak» eskatu dituzte.
Uemak erabaki «sakonagoak» exijitu dizkio Euskarabideari
Gobernu berriarekin aldaketak sumatu arren, euskarak Nafarroan dituen arnasguneak zaintzeko eskatu dute udalerri euskaldunek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu